Aldundiak 721.750 euro eskatu deutsez egoitzei, 2016ko greba jardunaldietan izandako zerbitzuen murrizketea dala eta
Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatu andreak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dan agerraldian, igazko greba jardunaldietan emon ez ziran zerbitzuak dirala eta egoitzetara bialdutako “erreklamazinoen”, eta, hurrengo lan-ixteetan gitxieneko zerbitzuak zabalagoak izan daitezan Eusko Jaurlaritzari egindako eskariaren zergaitien barri emon deutse Batzarretako taldeei. Diputatuak adierazo dauenez, bere sailak daborduko “721.750, 58 euro” eskatu deutsez egoitzak kudeetan dituen enpresei, ikuskaritzako foru zerbitzuek egin dituen kalkuluetan oinarrituta.
Kopuru hori, enpresa horreetako beharginek greba jardunaldiakaz bat egin daben egoitzetan, aurreikusitakoa baino zerbitzu “urriagoa” eskini izanaren ondorioa da. Beharrezkoa da Foru Administrazinoak entregau daben preziotik, “soldaten ordainketara bideratu ez diran beharginen kostuei” jagoken kopurua “kentzea”, Sánchez Roblesek zehaztu dauenez.
Egoitza bakotxak itzuli behar dituan kopuruak zehaztu ostean, Aldundiak “barriro orekatuko dau” erabiltzaileakaz eta euren familiakaz izan beharreko erlazinoa “beharginek greba jardunaldiakaz bat egin daben egoitzetan dagozan foru zerbitzuko erabiltzaileei diru-kopuruak itzuliz”, adierazo dau.
Sánchez Roblesek zehaztu dauenez, pertsona bakotxari itzuli behar jakon kopurua “egoitzan grebea egin dan egunean edo egunetan pertsona horrek ordaindu dauen prezio publikoari, egoitza horri itzultzeko eskatu jakon ehuneko berbera aplikauta kalkulauko da”.
Diputatu andreak adierazo dauenez, enpresek bidezkoak iruditzen jakezan alegazinoak egiteko eskubidea eukiko daben “entzunaldiko izapidea” “amaitzear dago” eta, “gaur egun, nik dakidanez”, Aldundiak ez dau alegazino “bat be” jaso.
Hurrengo lan-ixteetan gitxieneko zerbitzuak zabalagoak izan daitezan Aldundiak Eusko Jaurlaritzari egin deutson eskariari jagokonez, gai hori Euskadiko Justizia Goi Epaitegian “epaituta” dagola adierazo dau diputatuak. Izan be, apirilaren 26an epaitegi horrek onetsi egin eban Bizkaiko Foru Aldundiak, egoitza jakin batzuetako gitxieneko zerbitzuak %10 handitzea eskatuz egindako eskaria.
Gitxieneko zerbitzuen handitze hori, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek kritikau egin daben neurria, autortutako mendekotasun handiko erabiltzailearen soslaia (III. eta II. mailak %70etik gorako ehunekoan) daben egoitzetarako izango da. Egoitza horreetan “tratu txar” moduan tipifikau daitekezan egoerak emoten ziran, Estaduak IMSERSOko egoitzetarako protokoloak adierazoten dauenez.
ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK
Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzorde berean arauz besteko proposamen bi landu dira. EH Bilduk FEKOORren (desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa daben pertsonen Bizkaiko federazinoen koordinatzailearen), kexa bat jaso eta batzarretarako proposamen bilakatu dau: Aldundiari, “ondorio guztietarako, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa autortu eta balorau jaken pertsonak” Aldundiaren laguntzen eta baliabideen onuradun moduan hartu daizala eskatzea.
Koalizino abertzalearen ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkariek kontrako botoa emon dabelako. Podemos Bizkaia eta EH Bildu alde agertu dira, eta PP eta Talde Mistoa abstenidu egin dira. Jeltzaleen eta sozialisten eretxiz “ez da zuzena” paralelismoak ezartea eskubideei jagokenez, “alergia daukan edo falangerik ez daukan pertsona baten eta %33ko ezintasuna daukan pertsona baten artean”, adibidez.
PP taldeak, bere aldetik, arauz besteko beste proposamen baten bitartez, eskaria egin dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deioen Foru Aldundiari, mendekotasuna daben pertsonei zuzendutako foru titulartasuneko eguneko zentro “guztietan” asteburuetan be arreta zerbitzua eskini daian, “2017ko bigarren hiruhilekoa amaitu aurretik”.
Oraingoan be, Foru Gobernua eusten daben talde biek atzera bota dabe oposizino osoaren aldeko eretxia jaso dauen ekimena. Celia Gómez jeltzaleak adierazo dauenez, “ez dauka zentzunik” egoitza guztiak modu sistematikoan edegitea “aurretik benetako beharra ezagutu barik”. EAJ-PNVko batzordekideak iragarri dauenez, “datorren maiatzaren 29an” bilerea egingo da lurraldeko eguneko egoitza guztiakaz, egoerea azaltzeko, Aldundiak, lurraldeko eguneko hiru egoitzatan asteburuetako arnas programea “arrakastaz” eroan dauela aurrera jakin ostean.
ESPEDIENTEA SUHILTZILAILE “KONTZIENTZIA ERAGOZLEARI”
Ondoren egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako batzordean, Ibone Bengoetxeak agerraldia egin dau, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek eskatuta, Uriosteko Parkeko suhiltzaile bati edegitako diziplinazko espedientea dala eta, Bilboko portutik Saudi Arabiara egin beharreko lehergailu bialketa baten aurrean bere burua “kontzientzia eragozle” moduan agertzeagaitik.
Bengoetxeak ezeztu egin dau espedientea kontzientzia eragozle izatearren edegi jakonik, “itxuraz bere lanpostuaren egitekoak ez ditualako bete baino”, “instalazinoen eta pertsonen gaineko segurtasuneko prebentzinozko zerbitzua beteteari” ezezkoa esateagaitik. Bengoetxeak adierazo dauenez, beharginak “estatutu bidezko” hartu-emona dauka Aldundiagaz, eta horren bitartez “eskubideak eta betebeharrak” ditu.
Diziplinazko espedientea, “edozein modutan amaitu ezin dan” izapidezko ekintzea da, eta bere kudeaketea, “kanpoko eraginetatik libre” dagon instruktore funtzionario bati jagoko. Hori dala eta, ez jagoko “foro honi” –Batzar Nagusiei– funtzionarioak bere egitekoak bete dituan ala ez erabagitea, ezta zehapen bat jarri behar jakon ala ez erabagitea, azaldu dau.
Diputatu andrearen agerraldia eskatu daben talde bien eretxiz tamalgarria da espedientea edegi izana “legea bete dauenari”, “aurretik jakinarazo eutsalako bere gainetik egoan agintariari” bere lanpostua itzi behar ebala, “ez ebalako Yemenen egiten ari dan hilketaren konplize izan gura”, Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaiako bozeroaleak adierazo dauenez, eta “15 minututan” beste batek hartu ebalako haren lekua.
Joseba Gezuraga EH Bilduko ordezkariaren eretxiz, “eskandalua” izango litzateke funtzionarioari zehapen “gogorra” apliketea, lau urtez enplegu eta soldata barik iztea, adibidez. “Gitxieneko zehapena aurreikusten dogu”, funtzionario publikoaren jarduketak “ez dauelako ezelango ondoriorik izan”.
PPk eta Talde Mistoak ulertu egin dabe Aldundiak espedientea edegiteko orduan erakutsi dauen jokaerea, aukera bakarra beste kasu batzuetan jokatzen dan modu berean jokatzea dalako. Dana dala, egotekotan, zehapenean “neurriz” jokatzea eskatu dabe. “Ez dot uste zehapen eredugarria izan behar danik”, adierazo dau Javier Ruiz bozeroale popularrak.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako lerroetatik Jon Andoni Atutxa eta Carlos Totorika bozeroaleek azpimarratu dabenez, espedientea edegita dago holan aurreikusten dauelako barne arautegiak. Espedientearen ebazpena “ez da zergaiti politikoek bultzatuta amaituko”, esan dabe biek. Itxaropen osoa erakutsi dabe, espedientearen instruktoreak “arteztasunagaz eta Zuzenbideagaz bat etorrita” ebatziko dauela.
Agerraldi horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako batzordea, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek, Israelgo estaduagaz dagozan hartu-emonak dirala eta, aurkeztu daben arauz besteko proposamen bategaz amaitu da. Talde biek eskaria egin dabe, Eusko Jaurlaritzak “Aviation Links-egaz egon daiteken edozein lankidetza apurtu daian, harik eta Palestinako okupazinoa amaitu arte”. Turoperatzaile horrek aireko ibilpidea iragarri dau Bilbo eta Tel Aviv artean, garagarrilaren 5etik aurrera. EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde mistoa proposamenaren kontra agertu dira.