Aurreko Albisteak

Deiadar Mendien Eguna domeka honetan, maiatzaren 14an, ospatuko da Solluben

Bizkaiko Batzar Nagusiek kirolean eta kulturan oinarritutako oso jardunaldi berezia ospatzeko bidea zabalduko dabe barriro. Kondairak esaten dauenez, Gernikan egiten ziran bileretarako deialdia egiteko erabilten zan adarraren soinuak bideratuko dau domeka honetan, maiatzaren 14n, Deiadar Mendien Egunaren XIV. edizinoagaz bat egiten daben pertsonen Sollubeko igoerea. Bizkaiako mendi enblematikoenetakoa dan Sollube izango da ospakizun honen agertokia, aurreko urteetan beste lau deiadar tontorrak (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Oiz) — halan eritxen Antonio de Truebaren kroniketan— izan ziran moduan.

Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zala eta 2004. urtean hasitako ohitureari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurton be “Deiadar-Mendien igoerea” antolatu dabe, Bizkaiko bost mendi-talderen laguntzagaz: Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Igoerea goizeko 09:30etan hasiko da Taraska plazatik eta 10:00ean Arrietako udaletxetik. Partaideak Sollubeko tontorrera igoko dabe, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizinoa leialtasun osoz beteteko, 6 kilometroko igoerea egin ostean.

XIX. gizaldiko kontakizun erromantikoak gogoratuko dituan jardunaldian, beren beregi egun horretarako egin dan eta urtez urte deiadar mendi batetik bestera eroaten dan adarra erabiliko da barriro. Sollube mendian entzungo dan adarraren soinuaren ostean, antolatzaileek jai-gune txiki bat prestatu dabe, eta bertan ez dira faltako musikea, dantzak eta jateko pixka bat.

Aurtongo kirol igoeraren arduradunak izan diran Sollube (Bermeo) eta Tallu Mendizale (Mungialde) taldeek, tradizinoa betez, lekukoa emongo deutsie Alpino Tabira taldeko ordezkariari, 2018an Oiz mendirako igoerea antolatu daian, deiadar mendietara egiten diran igoeren zikloagaz jarraitzeko.

Deiadar Mendien Eguna martxa klasikoa bilakatu da daborduko mendiaren eta euskal tradizinoen zaleentzat. Igazko edizinoan ehunka pertsona joan ziran Gorbeiara, Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako deialdian parte hartzeko, iraganean, Gernikako aretxaren azpian batzeko eta bizkaitarren arazoez eztabaidatu eta erabagiteko joaten ziran ordezkariei egiten jakezan deialdiak gogoratuz.