Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek "konponbide teknologikoa" eskatu dabe, ikusteko gaiztasunak dituen pertsonek Barik txarteleko saldoa zein dan ikusi ahal daien

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsee gaur Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordean, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, “konponbide teknologiko egokiena definidu daien, ikusteko gaiztasunak dituen pertsonek euren Barik txartelean erabilgarri daukien saldoa ikusi ahal daien, bai Bilboko Metroan eta baita Bizkaibusen be”.

Bizkaiko Batzarrek aho batez onetsi dabe EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos Bizkaia taldeen artean gai horren inguruan adostu daben zuzenketa-eske transakzionala. Zuzenketa-eske horrek talde moreak aurkeztutako arauz besteko proposamena aldatu dau. Proposamen horretan, hasiera batean, garraio bietako makina baliobakotzaileetan aldaketak sartzea eskatzen zan, ikusteko gaiztasunak dituen pertsonek, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP-CTB) kudeatzen dauen ukipenik bako txartelean saldorik ete dagon ala ez ikusteko “hots sistemea” gehitzeko.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek adierazo dabenez, operadore biek irisgarritasunari jagokon arautegia “beteten daben” arren, bat datoz hobekuntza teknologikoan aurrera egiteko gogoetan, merkaduan dagozan konponbide guztiak aztertu ostean, azkenean, aukera “eraginkorrena eta egokiena” aukeratu ahal izateko .

BERRIZKO ETA ZALDIBARKO TARIFA GUNEA

Beste alde batetik, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako diputatuak batzordean adierazo dauenez, Berriz eta Zaldibar 4. tarifa gunera itzuliko dira datorren “maiatzaren 12an”, eta egun horretatik aurrera balioa galduko dauen aldi baterako tituluren bat daukien erabiltzaileek, oraindino kontsumidu barik daukien zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango dabe. Geratzen jaken saldoa, aldi baterako titulua kargauta egoan txartel berean ordainduko jake.

Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak eskatuta agerraldia egin dauen Vicente Reyesek hasieran gogorarazo dauenez, joan dan apirilaren 25eko tarifen integrazinorako batzordearen bileran udalerri biak 4. gunean jarraitzea erabagi zan, “lurralde osorako erabagi orokorra hartu arte”. Erabagi hori, denpora gitxi barru Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzak egingo dauen Bizkaiko mobikortasunaren azterlanaren ostean hartu beharko da. “Emoten dau arrazoizkoa dala Berrizek eta Zaldibarrek orain arte euki daben tarifa gune berean jarraitzea, Bizkaia osorako behin betiko erabagia hartu arte”, adierazo dau. Reyesek gogorarazo dauenez, barriz, konponbide hori “salbuespena” da lurraldean, Euskotrenek jarraitzen dauen tarifen politikaren barruan.

Gai horri jagokonez, EH Bildu arauz besteko proposamen bategaz heldu da batzordera, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deioen BGP-CTBri, eragin ekonomikoaren inguruko txostena egin daian, Bizkaiko garraio publikoaren zonifikazino mapatik 5. gunea kentzeak operadoreengan izango leuken eragina aztertzeko, eta holan arazo hori behin betiko konpontzeko. Ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak kontra agertu diralako. Podemos Bizkaia koalizino abertzalearen proposamenaren alde agertu da, eta PP eta Talde Mistoa abstenidu egin dira. Halanda be, EH Bildu pozik agertu da, azterketa hori Reyesek iragarri dauen azterlan “orokorraren” barruan egingo dalako.

MUNGIALDERAKO ZERBITZUA

Bizkaiko Batzarrek Podemos Bizkaia taldearen beste ekimen bi be atzera bota ditue. Alde batetik, talde moreak eskaria egin dau, Aldundiak Bakiotik eta Mungiatik aireportura Bizkaibuseko zerbitzu bat jarri daian; eta bestetik, Mungialdean, asteburuetan zerbitzua eskiniko dauen Bilborako gaueko zerbitzua jarteko aukerea “aztertu daian”. Ekimenetako bat be ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek osatzen daben gehiengoak kontrako botoa emon dauelako.

Aireportura joango litzateken zerbitzu barriari jagokonez, Foru Gobernua eusten daben talde bien eretxiz “gehiago izango litzatekez horren kaltea jasoko leukien pertsonak, mesedea jasoko leukienak baino”, dagozan lineen gaur egungo ibilpidea “5,5 kilometrotan eta 10 eta 15 minutu artean” luzatzea eragingo leukelako. Jeltzaleek eta sozialistek esku artean dituen datuek erakusten dabenez, Bakiotik eta Mungiatik aireportura egunero egongo litzateken eskaria “50 bidaiari” ingurukoa da.

Mungia eta Bilbo arteko gaueko zerbitzuak ezarteari jagokonez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako eretxia, eskari “urrian” eta mobikortasun hori “derrigorrezkoa ez izatean” oinarritzen da. “Orokorrean”, Bizkaian gaueko eskaintza trenbide sarearen bitartez eskintzen da, azaldu dabenez, eta sare horrek Bizkaiko biztanleriaren “%90” hartzen dau. Talde biek balioan jarri dabenez, gaur egun, Bilbo-Mungia Bizkaibuseko lineak eskintzen ditu daborduko gaueko zerbitzuak 23:30etik 01:30era, eta urtero zerbitzu horreek indartu egiten dira Aste Nagusian eta Mungiako jaietan.

EZEZKOA BERMEORA DOAN LINEA INDARTZEARI

Bukatzeko, Garraioetako Foru Diputatu jaunak, Bermeoko Udalak Bizkaibusen A3527 linearen maiztasuna bikoizteko egin dauen eskariaren batzordera ekarri dauen EH Bilduren itaunari erantzunez, “gaur egun dagon zerbitzua kontuan izanda”, proposamen horrek “ez daukala lehentasunik” esan dau. Bere ustez, gaur egun dagon eskintzea –ordubetez behingo maiztasuna astelehenetik zapatuetara eta ordu biz behingoa jaiegunetan– “egokia da” dagon eskarirako. Gainera, Bizkaibusen eskintzari, trenak “ordu erdiz behin” eskintzen dituan Euskotrenen linea gehitzen jako. Eta gogorarazo dauenez, “abuztuan” linea horrek loturea eskiniko dau 3. lineagaz Etxebarrin.