Laneko arriskuen prebentzinoaren inguruko "begirada" hoberenak Batzar Nagusietan
Bilbao
Bizkaiko Batzar Nagusiek beste erakusketa bat zabalduko dabe Bilboko euren egoitzan. Mutualiak laga dauen “Prebentziozko Begiradak” argazki erakusketeak, mutua horrek antolatzen dauen Laneko Arriskuen Prebentzinoaren inguruko argazki lehiaketaren hamahiru edizinoetan aurkeztu diran mila argazki baino gehiagoren artean aukeratutako hogeita hamar argazki inguru jasoten ditu. Ekimenak Bizkaiko Batzar Nagusien eta Osalanen (Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Euskal Institutua) laguntzea dauka.
Erakusketak, laneko inguruneetako prebentzinoari eta leku horreetan hartzen diran arriskuei buruzko oso ikuspegi anitza eta iradokigarria jasoten dau, Laneko Arriskuen Prebentzinoaren Nazinoarteko Egunaren bezperatan, hain zuzen be. Erakusketaren aurkezpeneko ekitaldian Ana Otadui Batzar Nagusietako Presidentea, Jorge Arbaiza, Mutualiako Eraketa Zuzendaria, eta Alberto Alonso Osalaneko Zuzendari Nagusia egon dira.
Mutualiaren argazki lehiaketea 2004an sortu zan, prebentzinoaren kulturea bultzatzeko, laneko istripugarritasunaren kontra kontzientzietako eta laneko ingurune seguruagoak eta osasungarriagoak lortzeko. Hori guztia, oso desbardinak diran irudiakaz erakutsi gura da erakusketan. Istripuen prebentzinoaren unibertsaltasuna erakusten dauen titara eta orratz baten argazki xumetik, oinetatik bururaino babestuta, zorabioa emoten daben altueratan edo altzairutegian saldaren ondoan behar egiten daben pertsonen irudi deigarrietara.
Ikusten diran irudiak erakusketea bisitauko dabenen arretea erakarteko tresna baliotsua diran arren, irudiakaz batera, segurtasunaren eta osasunaren inguruan gogoetea egiteko konbitea egiten dauen testua dago, izan be, gai horreek oso garrantzitsuak dira, eta kontuan izan behar doguz beharreko eguneroko errutinetan.
Laburbilduta, Bizkaiko Batzarrek uriaren erdialdean dagon erakusketa aretoa eskintzen dabe, beharginen beharreko jardunbideetan prebentzinoak dauen garrantziaren inguruan kontzientzia hartzeko mezua Bizkaiko gizartera heldu daiten. Erakusketea maiatzaren 25era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.