Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek gerrek eragindako biktimak ekarri ditue gogora Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean

Gernikak gerren kontrako eta bakearen aldeko oihu isila egin dau gaur. Gaur, Gernikako bonbardaketatik 80 urte beteten diran egunean, Batzar Nagusiek bat egin gura izan dabe Gernikan gertakari horreek gogorarazoteko egiten ari diran ekintzakaz, 1937ko apirilaren 26 haretako biktima errubakoei omenaldia eskiniz.

Gaurko Osokoa Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen berbakaz hasi da. Berba horreetan, Gernikako bonbardaketan hil ziran pertsona guztiak eta “gerrek eragindako errubako biktima guztiak” gogorarazo ditu. Eguerdiko 12:00etan osokoa gelditu egin da, Gernikako Arbolaren ondoan minutu bateko isilunea gordeteko. Isilune horregaz batzarkide guztiek eta Foru Gobernuak egin dabe bat.

Saioaren hasieran, Batzar Nagusietako presidenteak azpimarratu dau gaur 80 urte beteten dirala hegazkin naziek Gernika bonbardeau ebenetik eta, hori dala eta, egun horretan hil ziran pertsona guztiak eta “gerra guztiek eragindako errubako biktima guztiak” gogorarazo gura izan ditu.

Otaduik agur berezia eskini deutso Batzarretan egon dan Paolo Albanese Sartagudako alkateari. Urtarriletik Gernikako Arbolaren kimu bat ari da hazten udalerri horretan eta, azpimarratu dauenez, joan dan eguenetik, Arbolaren, “askatasunen eta bakea lortzeko gogoaren sinboloaren”, beste kimu bat “sustraiak botaten dago” Auschwich-en.

Batzar Nagusietako presidenteak esan dauenez, indarkeria eta basakeria jasan eben herriek iragan komun hori konpartitzen dabe, eta, ezelango zalantza barik, “pertsona guztien duintasunaren errespetuan oinarritutako etorkizuna eregiko dabe”, esan dau.