Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez berretsi dabe "Indarkeria Matxistaren kontrako herritarren hitzarmena"

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe gaur, Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako Batzordean, 2015eko zemendian egin zan osoko bilkuran, Adierazpen Instituzional batean, onartu zan “Indarkeria matxistaren kontrako hitzarmen herritarra” barriztetea. Oraingo honetan, Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena onetsi dabe Bizkaiko Batzarrek, erakunde horrek, “emakumeenganako indarkeriaren adierazpen guztien kontra, eta prebentzinoaren eta giza eskubideen urraketa larri horren biktima diran emakumeen eta adinbakoen arreta integralaren alde behar egiten jarraitzeko” daukan konpromisoa erakutsiz.

Testuan, gainera, “emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasunagaz eta matxismoaren kontrako burrukeagaz daukan konpromisoa indartzeko” eskaria egiten deutsie Batzar Nagusiek Aldundiari, “bardintasunaren aldeko politika publikoak Bizkaiko agenda politikoaren erdian jarriz”.

Batzarretako talde guztiek ezelango zalantza barik bultzatu daben ekimenean eskaria egiten jake Foru Gobernuko sail “guztiei”, “Bardinatsunaren aldeko politikak bultzatzen jarraitu daien Aldundiaren jardunean, baina Bizkaiko herrietan egiten dan lanari be lagunduta, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bardintasuna lortzea eta indarkeria matxistaren adierazpen ezbardinen aurka burrukatzea helburutzat daukien ekimenetan aurrera eginda, holakoetarako behar besteko baliabideak jarririk”.

Proposamenak lau puntu izan ditu. Horreetako batean, Batzarretako taldeek, “Bardintasunaren eta emakumezkoen eskubideen aldeko eta soldaten ezbardintasunaren, pobreziaren feminizazinoaren, matxismoen, mikromatxismoen eta gure gorputzen merkantilismoaren aurkako burrukan eta aldarrikapenetan emakumezkoen alkarte eta gizarte-mobimenduei laguntzen jarraitzeko” eskatu deutsie Bizkaiko Aldundiari, “berezikeriarik bako gizarte bidezkoago bat lortze aldera, non giza-eskubideak lehentasuna izango daben”.

Ekimena defendiduz, Podemos Bizkaia taldeko Asun Merinero batzordekideak “positibotzat” jo dau Batzar Nagusiek arauz besteko proposamen bat onestea, orain urtebete eta erdi onartu zan Adierazpen instituzionalak ez eukan “arauzko beste entidade bat” daukalako. Martiaren 8an Emakumearen Nazinoarteko Eguna baino egun batzuk lehenago erregistrau zan ekimenaren helburua, “gaur egun Bizkaian emoten dan giza eskubideen urraketa larrienaren” aurrean erakundeek egin behar daben beharra bultzatzea da, izan be, “biztanleriaren erdiak matxismoaren mehatxua jasaten dau”. Talde moreak eta EH Bilduk, egiteko horretara “baliabide gehiago” bideratzea eskatu dabe.

Foru Gobernua eusten daben talde biak ekimenaren alde agertu dira, euren eretxiz bat datorrelako “daborduko egiten ari danagaz”. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, denpora gitxi barru Bardintasunerako Foru Araua egin eta onetsiko dala azpimarratu dabe.