Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek "Konfiantzazko karguen" izendapenen barri batzordean "modu puntualean" emoteko eskatu deutsie Aldundiari

Bilbao

Aldundiak, hemendik aurrera egiten diran “konfiantzazko karguen” izendapenen barri emon beharko dau batzordean. Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako batzordeak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen arauz besteko proposamena onetsi dau gaur arratsaldean, informazino hori “modu puntualean” emon daiten, izendapen horreek “Aldundia titular dan edo kudeaketa organuetan parte hartzen dauen erakundeetan” egiten diranean.

Foru Gobernua eusten daben talde bien ekimena, Podemos Bizkaia taldeak beste bat aurkeztu ostean erregistrau zan. Talde morearen lehenengo proposamenean “lehiaketa publikoa” zabaltzea eskatzen zan “Museo-erakundeetako edo partaidetza publikoa daukienetako zuzendariak” kontratetako. Idea hori, Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko Zuzendari Nagusiaren eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko Zuzendari Nagusiaren izendapenen barri izan ostean planteau eban Podemos taldeak.

Jeltzaleen eta sozialisten eretxiz, Podemosek “faltsoan” zabaldu dau eztabaidea, izan be, euren ustez, talde horrek, bere ekimenean, “ez ditualako bereizten goi zuzendaritzako izendapenak, hau da, konfiantzazko karguak, eta Aldundiaren esku dagon sektore publikoa osatzen daben erakundeetako lan taldeak osatzen dituen beharginak”. Azken horreen kasuan, bi taldeen eretxiz, Aldundiak “goitik behera beteten ditu gardentasunaren, konkurrentziaren eta aukera bardintasunaren inguruko erespideak”.

Bere ekimenaren defentsan Podemos Bizkaiak, zuzendaritza taldeetako kideak izendatzeko orduan Arte Guneetako Jardunbide Onen Kodea errespetetea eskatu deutse erakundeei. Kode hori 2007an sinatu zan Kultura Ministerioaren eta sektoreko hainbat alkarteren artean, eta bertan adierazoten danez, Museo-erakundeetako zuzendaritza postuak lehiaketa prozedureari jarraituz izendatu behar dira. Estaduan, arte plastikoen arloko “hamahiru” alkarte eta erakunde eta “437 norbanako”, kritiko agertu dira Pradoko Museoaren zuzendari ohia kontratetako aukeratu dan prozedureagaz, Bilbon dagon Museoaren patronatura bialdu jakon gutun baten adierazo dabenez.

Jeltzaleek eta sozialistek defendidu egin dabe Zugaza Arte Ederren Museoko Zuzendari Nagusi moduan kontratau izana. PSE-EEko Josu Montalbánen eretxiz, bere izendapena “zuzena eta hobetu ezina”, eta “ez dau zalantzarik sortzen”, durangarraren ibilpide profesionala kontuan izanda. Jane Eyre Urkietak (EAJ-PNV) defendidu egin dau kargu hori “konfiantzazkoa” izatea, eta Podemos taldea kritikatu dau, Jokaerarako Kodea erabilten dauelako. Dokumentu hori “ez da arauemoilea”, eta “aholkuak” baino ez ditu emoten.


Azkenean, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen proposamena onartu da, talde bi horreen eta talde mistoaren aldeko botoakaz eta EH Bildu eta Podemos taldeen abstentzinoagaz, eta talde morearen ekimena ez da onartu, koalizino abertzalearen aldeko botoa eta gainerako guztien kontrakoa jaso ditualako.

ITSASADAR MUSEOAK MAIATZEAN BUKATUKO DITU "ANTXUSTEGI" ITSASONTZIA ESTALTZEKO BEHARRAK

Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatua talde mistoak eskatutako agerraldian etorri da batzordera, eta esan dau Bilboko Itsasadarreko kai sikuan dagon "Antxustegi" itsasontzia museoak berak zaharbarrituko dauela, “jendearentzat zabalik” dagozan erriberako arotzeriaren inguruko tailerren bitartez.

Egurrezko itsasontzia berreskuratzeko aukeratu ziran hiru aurre-proposamenetatik, Museoko patronatuak museoko bertako teknikariek egindako plana hautatu dau. Hainbat fasetan banatutako egutegia planteau da. Lehenengoa itsasontzia finkatzea –behar hori urtarrilean bukatu zan– eta itsasontzi osoa estaltzea izan da. Azken hori “maiatzean zehar” bukatuko da.

Aurretik egin behar diran lan horreek bukatu ostean, Bilbaok adierazo dauenez, etorkizunean bisitau ahal izateko, itsasontzia “nabetegako egoeran” jarteko egin beharko dan berreregitea “luzea” izango da. Jarduketarako azkenengo plana, itsasontzia estaltzeko beharrak bukatu ostean onartuko da, eta “gehienez zortzi urte” luzatuko dan barriztatze prozesua marrazten dau. Aurton, Aldundiak “50.000 euro” jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak beste horrenbeste jarteko konpromisoa erakutsi dau. Diru-kopuru horren parte bat itsasontzia estaltzeko lanak ordaintzeko erabiliko da, behar horren kostua “60.000 eurokoa” izango da eta.


GUGGENHEIM MUSEOTIK “LIBRE” GERATU DIRAN MILIOI BAT EURO “BESTE KULTUR PROIEKTU” BATZUETARAKO


Talde Mistoak eskatu dauen beste agerraldi batean Bilbaok adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzak Guggenheim Museoaren Aurrekonturako egingo dauen ekarpen barriari esker, Aldundiak “milioi bat euro” erreserbauko ditu “beste kultur proiektu batzuetarako”.

Ez dago oraindino guztiz “itxita” diru hori zertarako erabiliko dan, baina foru diputatuak kopuru batzuk aurreratu gura izan ditu: “285.000 euro” Bizkaiko Ondareagaz erlazionautako proiektuetara bideratuko dira; “465.000 euro” lurraldeko arte eszenikoetara eta kultur egiturara zuzenduko dira; eta “250.000 euro” aisiara eta kulturara. Azken atal horretan, Euskal Museorako “200.000 euroko” ekarpena eta Itsasadar Museoak “Antxustegi” itsasontzia berreskuratzeko jasoko dituan “50.000 euroak” azpimarratu gura izan ditu Bilbaok.