Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Jesus Mari Lazkanok Gernikako bonbardaketaren inguruan egindako artelan bi aurkeztu ditue

Gernikako Batzarretxeak, hegazkin nazien bonben aurrean zutik irautea lortu eban Gernikako eraikin gitxietako batek, eguazten honetan 80 urte beteten dituan bonbardaketaren biktimen omenez Jesus Mari Lazkano margolariak margotu ebazan artelan biren aurkezpen ekitaldia jaso dau gaur. Aurkezpen ekitaldian Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea egon da, eta beragaz batera Gernikako erakundeen eta alkarteen ordezkaritzea.

Koadru biak, bonbardaketaren 75. urteurrenean argitaratu zan "Sustrai erreak-2. Guernica 1937" argitalpenerako egin ziran. Gernikazarrak eta Aldaba aldizkariak bultzatutako argitalpen hori funtsezko lana da orain zortzi hamarkada Gernika suntsitu eban bonbardaketaren aurreko eta osteko egunetako errealidadea zehaztasun osoz ezagutzeko.

Batzar Nagusietako Presidenteak adierazo dauenez, Lazkanoren artelanen aurkezpeneko ekitaldia, “Gernikak jasan eban bonbardaketaren eta suntsiketaren tragedia gogorarazoteko” gaurtik aurrera herri honetan egingo diran ekitaldiei Bizkaiko Batzarrek egingo deutsien ekarpena da. “Oroimen historikorako geure ekitaldia da”, esan dau.

Artelanak Gernikako Batzarretxeko Leiarpeko Aretoan egongo dira, eta Bizkaiko Batzarretako egoitzaren erakusketa egonkorraren parte bilakatuko dira “bonbardaketaren oroitzapena bizirik eukiteko eta oroimena berreregiten laguntzeko”. Lazkanoren artelanek, orain 80 urte bertan gertatutakoa gogorarazoko deutse Batzarretxeak urtero jasoten dituan milaka bisitariei. “Gernika kruelkeria bereziagaz suntsitu eban faxismoak, herria eta bere Arbola ‘Askatasunaren etxearen’ sinbolo diralako”.

Margolan “dardaragarriagaz eta hiperrealisteagaz”, Lazkanok “derrigorrez eroaten gaituelako orain 80 urteko apirilaren 27ko goizeko lehenengo orduetara, sua oraindino amatau barik egoan unera, aurreko egunean euskaldunok gehien maite genduan herria zanaren hondakinen artera” esan dau.

Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) azken hamarkadetako euskal artista interesgarrienetakoak, EHUko Arte Ederren Fakultadean ikasi eban, eta 1985etik pintura irakaslea da unibersidade horretan bertan. Margolari moduan egin dauen ibilpidea irakasle moduan egin dauenaren ondoan joan da, arteren munduan nagusi zan giroaren kontrako bidean jarten eban hiperrealismoari leial izanda.

Lotutako artxiboak: