Bizkaiko Batzar Nagusiek Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren aldaketea onetsi dabe, saiheste fiskala zehatzen daben neurriakaz

Aldaketa horretan oinarrituta, araua indarrean sartzen dan egunetik aurrera (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilebeteko lehenengo eguna), zerga arloko zehapenerako zergaitia izango da –ordaindu ez dan diru-kopuruaren %100– “zergea edo zerga-zorra ordaindu ez izana ezarritako epeen barruan eta bidezkoa ez dan zergen itzulketea jaso izana”, zuzenketa-eskean jasoten danez. Gainera, ezarritako kopuruaren %15eko zehapenak ezarriko dira “bidezkoa ez dan itzulketa, onura edo pizgarri fiskala eskatzen bada”, eta %50era artekoa “partida positiboen edo negatiboen, edo norberarenen edo beste batzuenen etorkizuneko aitorpenen oinarrian edo kuotan konpentsetako edo kentzeko kredituen determinazino edo akreditazino ez bidezkoa” dagonean.
Gainera, Arauak “kudeaketarako prozedura barria” sartzen dau, “Bizkaiko zergen agentziaren eraginkortasuna handitzeko, araua, zigor kodean sartu diran aldaketetatik sortutako delitu fiskalen arloan izandako printzipio barrietara egokituz, eta Europako erkidegoko arautegia aplikau ostean legez kanpokotzat jo diran izaera fiskaleko Estaduko laguntzak berreskuratzeko prozedura barria sartzen dau”, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak laburbildu dauenez.
Zehapenen arloan, diputatuak azpimarratu dau, abstenidu egin dan EH Bilduk eta atal batzuetan kontra bozkatu dauen Podemos Bizkaiak taldeak izan ezik batzarretako gainerako talde guztiek onetsi daben arauan, “iruzurrezko jokaera barriak” sartzen dirala, “modu berezian gaitzezgarritzat hartu daitekezan jarduketen zehapenak handituz, kontabilidadea manipuletan dan edo kontabilidade bikotxak apliketan diran kasuetan, besteak beste”.
Horrez gain, Batzar Nagusietako osoko bilkureak Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistemea Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legera egokitzea onetsi dau. Puntu horrek ez dau Batzarretako taldeen zuzenketa-eskerik jaso. EH Bildu eta Podemos abstenidu egin dira, eta gainerako taldeek testuaren aldeko botoa emon dabe.
PLUSBALIOAREN GAINEKO ZERGEA
Beste alde batetik, osoko bilkurak ez ditu onartu gaur aurkeztu diran proposamen biak, Foru Aldundiak Uri-Lurren Balioaren Gehikuntzaren inguruko Zergari buruzko 8/1989 Foru Arauaren aldaketea aurkeztu daian, Epaitegi Konstituzionalak, plusbalioaren gaineko zergari jagokonez orain denpora gitxi emon dauen epaira egokitzeko. Aldaketa hori “preminaz” egin da daborduko Gipuzkoan eta Araban. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz ez dira onartu Talde Mistoaren mozino bat eta Bizkaiko Talde Popularraren arauz besteko proposamen bat. Popularren proposamenaren ordez, Podemos Bizkaia taldeagaz batera sinatu dan zuzenketa-eske transakzional bat landu da.
Foru Gobernua eusten daben batzarretako talde biek –EAJ-PNVk eta PSE-EEk– ez dabe onartu 28 urte bete dituan Foru Arauaren aldaketa “partziala” egiterik. Talde horreek esan dabenez, Aldundiak hasiera emon deutso daborduko plusbalioaren gaineko zergaren aldaketa “sakona” egiteko prozedurari, aurretik, hiru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek parte hartzen daben Zergen Koordinazinorako Organuan adostasuna lortuz.
Adierazo dabenez, “apirilaren 6tik”, Foru Gobernuak jente aurreko aurkezpen epealdia dauka zabalik bere webgunean, ekarpenak jasoteko. Jeltzaleen eta sozialisten eretxiz, Bizkaiaren kasua ez da beste lurraldeen bardina, lurraldeko 40 udalerrik ez dabelako tributua apliketan, euren udal autonomia dala eta, eta ehunekoa desbardina dalako. “Bilbon %4 apliketan da, eta Gasteizen %30”, gogorarazo dau Ekain Rico sozialistak.
EH BILDUREN EKIMENAK
Bukatzeko, Bizkaiko Batzarrek EH Bildu taldeak aurkeztutako mozino bi eztabaidatu ditu. Batean, Genero Eraginaren Aurretiazko Ebaluazinoaren Txostenak ebaluauko dituan urteroko txostena eta Lurraldeko Aurrekontuetan gai horren inguruko aurretiazko dokumentua Batzar Nagusien aurrean aurkeztea eskatu dau koalizino abertzaleak. Idea aho batez onetsi da.
Beste ekimenean, Durangoko Gertu eskualdeko bulegoaren azterketea aurkeztea planteau dau oposizinoko taldeak, martxan jarri danetik sei hilebete igaro ostean. Ekimen horrek ez dau aurrera egin, alde agertu dan bakarra Podemos Bizkaia taldea izan dalako.
“KONTU IREKIAK”
Beste alde batetik, osoko bilkurak ez dau onartu “Kontu Irekiei” buruzko Arauzko Proposamena. Proposamen horren helburua, Gardentasunari buruzko Foru Arauaren “osagaia” izatea zan, “demokrazia birsortzeko neurri barriak” ezarteko helburuz, Foru Administrazinoaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien bankuko kontuen inguruko informazinoa sartzea, besteak beste.