Aurreko Albisteak

Andramari Ikastolea, 50 urtek kimu bat merezi dabe

Andramari Zornotzako Ikastolea 1966an sortu zan, frankismoaren erdian, konpromiso argiagaz: euskeran eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntzea. Berrogeita hamar urte geroago, ikastetxeak Gernikako Arbolaren kimu baten landaketeagaz ospatu gura izan dau urteurren hori, ospakizunez betetako egitarauari hasierea emonez.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izan da haretx gaztea landatzeko ekitaldiaren buru, ikastolako sarrera nagusitik oso gertu, eta beragaz batera Aimara Arostegi ikastolako zuzendaria eta Maria Aldazabal presidentea egon dira.

Ospakizunen programazinoa aste osoan luzatuko da, hitzaldiakaz, pelota partiduakaz, kalejirakaz eta txikienentzako jolasakaz. Ospakizunen puntu gorena apirilaren 1ean izango da. Herri kirolak egongo dira Herriko plazan eta kalejira Zornotzako kale nagusietatik. Udaletxeko balkoitik egingo diran pregoiaren eta txupinazoaren ostean, jaia Larreako kiroldegira joango da. Bertan, 500 pertsona alkartuko dira mahaiaren eta plateren inguruan.