Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaria egin dabe, Aldundiak MHS-VSMan abiadura mugea orduko 120 km-ra handitzeko aukerea "aztertu" daian

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiak bat etorri dira gaur, Foru Aldundiak Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean (MSH-VSM) abiadura mugea handitzeko aukerea aztertzeagaz. Idea Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dau, eta arauz besteko proposamen baten bitartez, Imanol Pradalesek zuzentzen dauen sailak gaur egungo abiadurearen mugea orduko beste 20 km-tan, orduko 100 kilometrotik 120 kilometrora, hain zuzen be, handitzearen aukerea aztertzeko eskatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordean. PP taldeak Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), Euskal Sozialistak (PSE-EE) eta PP taldeen aldeko botoak jaso ditu, eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia abstenidu egin dira bozketan.

Jesús Isasi bozeroaleak, neurri hori “Hegoaldeko Saihesbidearen erabilerea handitzeko” lagungarri izan daitekela adierazo dau. Bidesaria dauen autopista horretatik “10.700 ibilgailu” igaroten dira, horreetatik bi mila astunak. Holan arindu egingo litzateke egunero “102.000 ibilgailuk” erabilten daben A-8ko trafikoa. Isasik adierazo dauenez, azterketa horrek, “ikuspegi teknikotik eta juridikotik” neurri hori apliketea bideragarria dan ala ez erakutsiko leuke.

Foru Gobernua eusten daben talde biak bat etorri dira azterlan hori egiteko popularren proposamenagaz. Dana dala, Aitor Ibarra jeltzaleak adierazo dau muga hori apliketea, tunelen arloan indarrean dagozan araudien kontra joan daitekela. Gogoratu dauenez, MSH-VSMren trazauaren “17,8 kilometroen” erdia lur-azpitik doa. EAJ-PNV taldeko batzordekidearen eretxiz, txostenak argitu egin beharko dau beragaz “istripugarritasun arriskuak” dituan abiadurearen handitzeak, erabiltzailearengan eragingo dauen denporaren aurrezpena “konpentsetan” dauen ala ez. Bere eretxiz, aurrezpen hori “1,5 minutu” ingurukoa izango litzateke ibilpide osoan.

EH Bilduk, bere aldetik, txostena alderdi legaletan zentrau behar dala uste dau, eta ez horrenbeste azpiegiturea abiaduraren mugea handitzeko prestauta dagon ala ez aztertzean. Zigor Isuskiza batzordekideak zalantzan jarri dau neurri horrek autopistea gehiago erabiltea eragingo dauenik. Alderdi hori, bere ustetan, lotuago dago “bidesaria daukan errepidea izateagaz”. Podemos Bizkaiak egin dauen moduan, koalizino abertzaleak, abiadurea handitzeak izango leuken “kostu ekologikoa” kontuan izan daitela eskatu dau.


INDUSTRIALDEA SORTZEA MONTEALEGREN

Horrez gain, batzordeak Bizkaiko Talde Popularraren beste ekimen bat onartu dau. Bertan, “Montealegren, Alonsotegiko udalerrian, dagozan eta “Habiditerenak" esaten jakezan lurretan industrialdea sortzea bultzatzeko eskatzen jako” Foru Aldundiari. PP taldeak EAJ-PNVren, PSE-EEren eta Talde Mistoaren aldeko botoak jaso ditu oraingoan be. Podemos Bizkaiak kontrako botoa emon dau eta EH Bildu abstenidu egin da.

Javier Ruiz PPko bozeroaleak, Aldundiak, huts egin eban Habidite proiektua bultzatzeko “4,8 milioi euroren” truke erosi eban lurraren “200.000 metro karratuei” erabilera industriala emoteko proposamena defendidu dau. Ordutik “hamar urte baino gehiago” igaro ostean, ekimen horrek “gitxienekoen konpromisoa” erakutsi gura dau “Aldundiaren irudia garbitzeko” eta “Enkarterrigaz dagon zor morala” ordaintzeko.

Aldundia eusten daben talde biak –EAJ-PNV eta PSE-EE– proposamenaren alde agertu dira, bat datorrelako Foru Gobernuaren asmoakaz. Josu Montalbán sozialistaren eretxiz, “beharrezkoa” da industrialde hori sustatzea Enkarterriko langabezia tasak murriztuko dituen proiektuak erakarteko. Izan be, langabezia tasak Bizkaiko “beste eskualde batzuetakoak baino bi aldiz handiagoak dira”.

EAJ-PNVko María Presak, urtarrilean egindako kontroleko osoko batean Aldundiak emon eban erantzuna gogoratuazo dau. Orduan Imanol Pradales foru diputatua izan zan Foru Erakundearen planen barruan “formatu handiko” erabilera industrialeko eta jarduera ekonomikoko gune bat aurrera eroatea egoala, eta horretarako Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partziala aldatu beharko zala esan ebana. Dana dala, asmo hori “oraindino” ez da ezelango proiektutan zehaztu.

“Zertarako eta norentzat?”, galdetu dau Neskutz Rodríguez Podemoseko bozeroaleak, eta lurra “gizarte eta alkartasun arloetako ekonomiako” proiektuak aurrera eroateko gordetea eskatu dau. Bere taldea ez dago lur horreentzat jomuga industriala bultzatzearen alde, Elkartegien “%38” jarduera barik dagonean. “Ez dogu beste Sestao Bai bat gura”, esan dau.

EH Bilduko Joseba Gezuragak kritikau egin dau ekimenaren onespena “aurrekontuetan abalik ez daukan konpromisoa” baino ez dala eta, hori dala eta, “zehaztasun handiagoa” eskatu dau, proiektuei eta epeei jagokenez. Etorkizunerako, egotekotan, proiektua Udalagaz “kontrastetea” eskatu dau.


BILBAO BIZKAIA CARD TXARTELA, UDAN

Beste alde batetik, Aldundiak “Bilbao Bizkaia Card” txartelaren egungo egoeraren eta Zugaztietan dagon Meaztegi golf zelai publikoaren kudeaketarako eta ustiapenerako lizitazino prozesuaren barri emon dau batzordean.

Talde Mistoak eta EH Bilduk eskatuta, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuak Batzar Nagusien aurrean azaldu dauenez, Aldundiak eta Bilboko Udalak, Lan Ekintza soziedadearen bitartez, “kudeaketa zuzeneko” hitzarmena ezarriko dabe Bilbao Bizkaia Card txartelaren existentziari jarraipena emoteko, “datorren udan” barriro be martxan egon daiten.

Pradalesek azaldu dauenez, joan dan zezeilaren 7an, esleipena eukan Neoturismo enpreseagaz indarrean egoan kontratua bertan behera iztea erabagi eban Aldundiak, enpresa horrek hainbat erakundegaz “37.667 euroko” zorra sortu ebala egiaztau ostean. Horreen artean Bilbao Ekintza (“15.000 euro” inguruko zorra), Guggenheim Museoa (13.000 euro), Bizkaiko Transbordadorea (5.010 euro), Arte Eder Museoa (2.115 euro) edo BGP-CTB (1.900 euro) dagoz. Kaltetuen artean Euskal Museoa eta Eleizbarrutiko eta Bakearen museoak be badagoz, eurakaz sortu eban zorra askoz txikiagoa izan zan arren, 658, 114 eta 105 eurokoa, hurrenez hurren.

Oposizinoari erantzunez, Pradalesek esan dau kontratua bertan behera iztea ez jakola “ezer” kostauko Aldundiari, Foru Aldundiak softwarea eta makina baliobakotzaileak eskuratzeko inbertidu ebazan “60.000 euroak” berreskuratu diralako. Enpresak ekipamendu informatikoa itzuli dau, eta udatik aurrera barriro erabiliko da.

2014tik txartelaren kudeaketeaz arduratzen zan enpreseak Aldundiari adierazo deutsanez, bere urteerea “txartelaren kudeaketaz haraindi doazan arazo ekonomikoak dirala eta gertau da”. Pradalesek esan dauenez, arazoak, “Sevillan edo Mallorkan” gertatu diran antzeko egoeren jatorrian dagozan “diruzaintzagaz, likideziagaz eta kaudimenagaz erlazionautako arazoetatik” sortu dira. Uri horreetan be antzeko txartelak kudeatzen ditu Neoturismo enpresak.

Bizkaian, 2014an (garagarriletik abendura) “740” txartel saldu ziran; “1.447”, 2015ean; eta “1.887”, 2016an. Eredu barriagaz Aldundiak erabilerea zabaltzea aurreikusten dau “komertzializazinorako bideak hobeak” izango diralako. Horretarako, “baliabide turistiko askoren esperientzia eta bat egitea daukaguz geure alde”, esan dau.

Bilbao Bizkaia Card txartelak “%50era arteko” beherapenak eskintzen ebazan “78 erakundetan”, garraio publikoan, museoetan, ostalaritzako establezimenduetan, jatetxeetan, dendetan… 30, 35 edo 40 euro balio eban txartela aurkeztuz (egun 1erako, 2rako edo 3 egunetarako balio eben txartelak ziran).


LIZITAZINO BI MEAZTEGI GOLFERAKO

Horrez gain, eta PPk eta Talde Mistoak eskatuta, Pradalesek “Meaztegi” golf zelai publikoaren kudeaketarako eta ustiapenerako lizitazino prozesuaren barri emon dau batzordean. Diputatuak iragarri dauenez, Azpiegiturak foru soziedadeak “alkarren artean osotzen diran” lizitazino bi atera ditu: bat kirol konplexuko ustiapen, kudeaketa eta mantentze-lan zerbitzuak kontratetako, “5.646.641 euroko” urteerako prezioagaz, eta bestea ostalaritza arlorako, “3.186.729 euroren” truke. Lehiaketa biak martiaren 31n bukatuko dira.

Hamar urte indarrean egon ostean, une honetan esleipena daukan enpresaren kontratua datorren bagilaren 30ean bukatuko da, eta asmoa, enpresa “barriak” gunea garagarrilaren 1etik aurrera bere esku hartu ahal izatea da. Kirol arloari jagokonez, esleipenaren epea 2021era artekoa izango da, beste urte birako luzapenagaz. Eta arlo gastronomikoari jagokonez, esleipena irabazten dauen enpresa urte bi egongo da bertan, beste lau urte luzatzeko aukereagaz, jagokozan luzapenen bitartez.