Aurreko Albisteak

Otaduik Gernikako Arbolaren beste kimu baten landaketan hartu dau parte Zornotzan

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea Zornotzaraino joan da gaur, Gernikako Arbolaren beste kimu bat landatzeko ekitaldian parte hartzeko, Udabarri Dantza Taldearen 50. urteurrenaren ospakizunen barruan. Ohikoa danez, Otaduik, “gure askatasunen, eskubide historikoen eta Bakerako gogoaren sinboloa dan antxinako leinuaren katenmaila” horren egiazkotasunaren egiaztagiria entregau dau.

Batzarretako presidenteak hau esan deutse bertan egon diran dantza taldeko kideei: “seguru nau kontu handiz zaintzen jakingo dozuela, eta Udabarri Dantza Taldea Aita Santi Onaindia ahaztuezinaren tutelapean sortu eta hazi zan moduan, kimu hau be udabarri askotan loratuko da, gure karmeldar maitearen irudiaren ondoan, Larreako txoko eder eta nasai honetan”.

Landaketa ekitaldian Onaindiaren oroimena be omendu da, euskal dantza taldearen sortzaileetakoa, Udabarriren berbetan, “gure herrialdearen historia, euskerea, literatura, mitologia eta bertsolaritzea” transmitiduten jakin ebalako, beste gauza askoren artean. Haretx gazteak gerizpea emongo deutso Larreako Karmeldarren komentuaren ondoan dagon bustoari.