Aurreko Albisteak

Gernikako bonbardaketako biktimei omenaldia Galiziatik

Gernikako Arbolaren anai bat landatu da gaur Galiziako Naron herrian, eraso faxistaren Gernikako bonbardaketaren biktimen omenez, eraso faxistaren 80. urteurrena dala eta. Memoria Histórica Democrática Alkarteak eta Narongo Udalak antolatu daben ekitaldiaren buruak Ana Otadui eta José Manuel Blanco alkatea izan dira. Biktimei egin jaken aintzatespenean Memoria Histórica Democrática Alkarteko kideak, euren artean Manuel Fernández presidentea, eta Enrique Barrera historialaria egon dira.

Zeremonia, “faxismoaren biktima guztiak” aintzatesteko ekitaldia izan da, “orain 80 urte Gernikako bonbardaketan hil ziran pertsonak sinbolo moduan hartuta”, adierazo dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak. Gernikatik ehundaka kilometrora, eta jende askoren aurrean, Batzarretako presidenteak Gernikako Arbolak beragaz daukan sinbolismoa azaldu dau, “ideologia guztiek onartzen eta maite dabena, euskal demokraziaren ikono unibersal” moduan.

Bere esku-hartzean, eta 80 urte atzera begiratuta, Otaduik eskerroneko berbak izan ditu Jose Antonio Agirre lehenengo Lehendakaria buru izan eban kontzentrazinoko lehenengo Jaurlaritzarentzat. Jaurlaritza harek Euskal Gudarostea martxan jartea lortu eban “Bizkaiaren kontrako faxisten erasoari aurre egiteko”, baina, halanda be, ezin izan eban saihestu azoka egun baten Gernikak jaso eban bonbardaketea. “Egia esateko, Condor legioak handitu egin eban Gernikak uri martiri moduan daukan sinbolismoa”, adierazo dau.

“Gaur –Naronen– gerra guztien, indarkeria guztien, kontrako oihu hori eguneratzen dogu, Euskadin hamarkada luzez ETAren indarkeria terroristea jasan eta gero”, adierazo dau Otaduik, eta izaera galiziarraren aitaren, Alfonso Rodríguez Castelaoren, berbak be gogora ekarri gura izan ditu. Zugatzak emondako “eragin magikoak” argituta, Castelaok “askatasunaren benetako esanahia, benetako demokrazian baino aurkitu ezin dana” ikusi eban bertan.

Galiziako zortzigarren uriko alkateak “harrotasuna” sentidu dau Gernikako bonbardaketaren biktimei omenaldia eskintzeko aukerea izan dauelako. Gertakari horreek “betirako markau eben Euskal Herriaren historia, eta izan ebezan garrantzia eta ondorio negargarriak dirala eta, ezin daikeguz inoiz ahaztu”, esan dau.

Naron uria eta Bizkaiko Gernika herria betirako lotuta geratu dira. Haretxa Naroneko paisajearen parte izango da, “gertakari negargarri hareek” ez ahazteko, eta Gernikako Arbolea “askatasunaren sinboloa” dala erakusteko, “egunero danon lana eskatzen dauen funtsezko eskubide horrek inoiz baino biziago jarraitu daian”.

Kimu barria Pazo da Culturaren, A Coruñako herriko eraikin enblematikoenetako baten, aurrean haziko da, Alemaniako eta Italiako armadek Gernikaren kontra egindako bonbardaketa zibilaren biktimak oroituz. Bonbardaketak hiru ordu inguru iraun ebazan, eta oraindik ez dakigu zenbat hildako itzi ebazan bertako bizilagunen artean.

Memoria Histórica Democrática Alkartea izan zan Gernikako Batzarretxearen buru dan Arbolaren beste anai bat Galiziako leku horretara eroateko lehenengo gestinoak egin ebazana. Ostean, lekukoa Narongo Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek hartu eben.

Ekitaldiak Alxibeira Gaita Bandaren eta Dantza Tradizional taldearen, eta Narongo Udaleko Padroado da Cultura izenekoaren partaidetzea izan dau, eta amaierea emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak kimuaren egiazkotasunaren ziurtagiria emon deutse bertako arduradunei.