Aurreko Albisteak

Aldundiak obrak eta lanegun gitxiago egon diralako justifikau dau Bilboko Metroko bidaien jatsierea

Bilbao

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako diputatua Batzar Nagusietara etorri da gaur Talde Mistoak eskatuta, 2016an Bilboko Metroaren erabiltzaile kopuruan izandako jatsieraren inguruko azalpenak emoteko. Lur azpiko trenak “430.000 bidaia” galdu ebazan aurreko urteagaz alderatuta. Diputatuaren berbetan, jatsiera hori lur azpiko trenaren sarean hainbat lan egin diralako eta igaz lanegun bi gitxiago egon ziralako gertau da.

Reyesen esanetan, Bilboko Lur azpiko trenak “egutegi efektuaren” kalteak jaso ebazan. 2016. urteak egun bat gehiago eukan, bisurtea zalako, baina joan-etorriak “210.000” bidaiari gitxiagokoak izan ziran, “lanegun bi gitxiago eta hiru zapatu gehiago”, hain zuzen be. Zergaiti horri, metroaren linean egin ziran eta eskarian eragin zuzena euki eben lanak gehitu jakozan. Horreen artean, Lutxanan Euskotrenegaz egindako garraio aldaketea (322.000 bidaiariren galerea eragin ebana), Sopela eta Plentzia arteko trenbideko trazauaren itxierea, Urdulizko trenbide pasagunea lur azpian sartzeagaitik (160.985 bidaia gitxiago), eta Mamarigako eta San Nikolaseko sarbideen aldi baterako itxierea aitatu ditu. Azken bi horreek eragin negatiboa izan eben Santurtziko (188.181 bidaia) eta Alde Zaharreko (436.000 bidaia) bidaiarien kopuruan, hurrenez hurren.

Errazoien artean, diputatuak 2016an ekitaldi gitxiago ospatu zirala be aitatu dau, horrek “335.000 bidaia” gitxiago eragin dituala azpimarratuz, eta horreen artean Athletic taldearen partiduak azpimarratu ditu. Horrez gain, bezeroen kopuruak behera egin dau Bizkaibuseko grebea dala eta galdu ziran garraio aldaketengaitik, klimarengaitik edo joan-etorri laburretarako bizikletea erabilteko edo oinez joateko gero eta joera handiagoarengaitik.

Galera horreek hor dagozan arren, Reyesek azpimarratu dau %0,49ko jatsierea “ez dala oso esanguratsua” sistemaren osotasunari jagokonez, eta lur azpiko trenak “merkaduko kuotea irabazten jarraitzen dauela”, lurraldeko gainerako garraiobideen aurrean. 2009an metroak garraio publikoaren erabiltzaileen “%50,2” garraiatzen eban, eta 2016an datu hori “%53,08koa” izan zan, 2015. urteagaz alderatuta “apur bat gora eginez”.

BIZKAIBUSEK “%1,57KO” HAZKUNDEA IZAN DAU

Metroak izan dauen erabiltzaileen jatsierea “ez da kasu isolatua” lurraldeko operadore handien artean, gehienek bidaiariak galdu ebezalako igaz, Tranbiak eta Bizkaibusek izan ezik. Pozik agertu da azken horren erabilereak “%1,57” egin dauelako gora. Orokorrean, garraio publikoaren erabilerea lurraldean “%0,4” jatsi zan, eta “164.022.000” joan-etorrikoa izan zan. 2015ean datu hori “164.675.000” joan-etorrikoa izan zan.

Diputatuak azpimarratu daunez, edozelan be, garraio publikoaren ikuspegia “orokorra izan behar da”, eta bere eretxiz, hori Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzatik gauzatu behar da. Bere esanetan, erakunde horrek etorkizunerako “ildo estrategikoak aztertu eta markau” behar ditu, “garraioaren kalidadea hobetzeko, baliabide publikoak ahalik eta gehien aprobetxauz”. Holan, iragarri dauenez, “denpora gitxi barru” azterketa estrategiko “teknikoa eta serioa” egingo da, garraio publikoa hartzeko orduan herritarrengan parte hartzen daben kasuistika guztiak ezagutzeko. Halanda be, Bizkaiko sistemea “oso helduta” dagola esan dau, eta “beti dagon arren hobetzeko aukerea”, “oso gaitza” iruditzen jakola garraio pribaduari merkaduko kuotea kentzea.

2017AN ESKARIA BERRESKURATUKO DALA EMOTEN DAU

2017. urteari begira, Reyesek “eskaria berreskuratu egingo dala” adierazo dau. Metro Bilbaok gorako joerea erakutsi dau joan dan martiaren 12ra arte. Lur-azpiko trenak, 2016ko epealdi berean baino “234.000” baliobakotze gehiago izan ebazan, hau da, “%1,32ko” igoerea. Aurton, diputatuak albiste onak aurreikusten ditu eskariari jagokonez, apirilean Sopela-Plentzia tartea zabalduko dalako eta 3. linea inaugurauko dalako. Horri guztiari, datorren hilean Alde Zaharreko San Nikolaseko sarbidea be zabalduko dala gehitu behar jako.

Halanda be, oposizinoko batzarretako taldeek euren “ardurea” erakutsi dabe garraio publikoan egindako bidaiek izan daben jatsierearengaitik, eta “gogoeta orokorra” egitearen alde azaldu dira.

Jesús Isasik (PP) adierazo dauenez, lur-azpiko trenak izan dauen jatsierea –%0,49– “ez da larregikoa”, baina Estaduko datu txarrena erakusten dau, Mallorkako Palmako metroaren ostean bakarrik. Bere eretxiz, krisi garaian “bezeroa fidelizetan behar egiteko aukerea” galdu da, eta horrek, beharbada, eragin kaltegarria izan dau azkenengo urteetako estadistiketan. “Azterlan serioagoa behar da”, “Bizkaiko Mobikortasun Plana”, adibidez, esan dau.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeetatik adierazo dabenez, tamalgarria da 3. linea martxan jarteak bezero askorentzat tarifek gora egitea ekartea. Nuria Atienza talde moreko batzordekidearen eretxiz, titulu barriek “kaltetu” egitngo dabe garraio publikoaren erabilerea.

EH Bilduko Zigor Isuskizarentzat, operadore bakotxaren abagune koiunturalei erreparau beharrean, “larriena” Metroak eta garraio publikoak 2011tik hona erakusten daben beherako joerea da, izan be, lur azpiko trenak “2,5 milioi bidaiari” galdu ebazan, eta sistemak, orokorrean, “10 milioi”. Jatsierea “nabarmena” da, eta “beharrezkoa bilakatzen dau gogoeta orokorra egitea”.

HOBEKUNTZAK BEHIN BEHINEKO TERMIBUSEAN

Beste agerraldi batean, Vicente Reyesek, Talde Mistoak eskatuta, San Mameseko Termibusean Bizkaibuseko zerbitzuen berrantolaketearen egungo egoerea azaldu dau. Izan be, lekua estuagoa danez “deserosotasun gehiago” sortzen dituan arren, “normaltasunez” funtzionetan dabil.

Bere agerraldian diputatuak hainbat hobekuntza iragarri ditu, geltokiko dartsena “guztien” irisgarritasunari jagokona, adibidez. Une honetan “hiru” baino ez dira mobikortasun arazoak daukiezan pertsonentzat irisgarriak, bertan dagozan 20etatik. Horrez gain, hasierea emon jako Kaputxinoen kaleko geralekurako –Ogasuneko eraikinaren atzekaldean– markesina baten diseinuari. Bertan Bizkaibuseko hiru lineak (3930 Bilbo-Galdakao, 3513 Bilbo-Lekeitio eta 3523 Bilbo-Lekeitio Aulestitik) aparketan dabe.

METROAREN ZERBITZU BEREZIA GUNS N´ROSES-EN KONTZERTURAKO

Batzorde berean diputatuak aurreratu dauenez, Bilboko metroak garraio zerbitzu berezia jarriko dau martxan datorren maiatzaren 30ean ospatuko dan Guns N´Rosesen kontzerturako. Zerbitzu berezi hori Athletic taldearen partiduetarako antolatzen danaren “parekoa” izango da.