Aurreko Albisteak

Gernikako Arbolaren kimua Ertzaintzak "bakeagaz, alkarbizitzagaz eta giza eskubideakaz" daukan konpromisoaren sinboloa da

Erandioko Ertzaintzaren base nagusia izan da gaur Gernikako Arbolaren kimu baten landaketearen agertokia. Une honetan Gernikako Batzarretxean dagon haretxaren anaiak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako arduradun nagusi biak alkartu ditu gaur Ertzaintzak Bizkaian daukan egoitza nagusian. Estefanía Beltrán de Herediak eta Ana Otaduik bota ditue lehenengo palakadak euskal askatasunen sinboloa dan kimuaren gainean, Ertzaintzako agintariek eta Bizkaiko Batzarretako batzarkideek lagunduta.

Kimua landatzeko zeremonia, “Ertzaintzak Euskadiren bakeagaz, elkarbizitzagaz eta giza-eskubideen errespetuagaz daukan konpromisoaren” sinboloa izan da, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak azpimarratu dauenez. “Gaurko ekitaldi honetan, omenaldia egin gura deutsegu zerbitzuan eroritako ertzain guztiei, eta berretsi egin gura dogu Euskal Herriak dauen Bake eta Askatasun gogoa, Gernika horren sinbolo izanik. Era berean, sendetsi egiten dogu Ertzaintzaren apustu sendoa euskal herritar guztien giza-eskubideak zaindu eta zainarazotearen alde”, esan dau.

Haretx sakratuaren kimuak zabaltzeko eskariak “asko” diran arren, Otaduik adierazo dau beretzat “beti dala ohorea” beste kimu baten landaketan parte hartzea. Gaurtik aurrera, Bizkaiko Ertzaintzaren egoitzak bat egingo dau oroimen historikoagaz eta bakeagaz erlazionautako leku enblematikoakaz, Auschwitzegaz edo Sartagudagaz (Alargunen herria), besteak beste. Bizkaiko Batzarretako presidenteak adierazo dauenez, Gernikako haretxaren sinbologia beti egon da “oso loturik Euskadiko poliziaren sinbologiagaz. Ertzain-agintarien galoietan hondino be haretx-orria dago”. Horregaitik, Gernikako haretxaren orri bat aginte sinbolo moduan eroatea “erantzukizun are handiagoa” dala uste dau.

Segurtasun Sailburuak, bere aldetik, joan dan apirilean, Miguel Etxagibeli, zemendian hil zan 36ko ertzainari, eskini jakon omenaldi hunkigarriagaz hasi zan Ertzaintzaren 80. urteurrenaren ospakizun zikloari amaierea emotea gura izan deutso ekintza sinboliko honen bitartez.

“Erandioko egoitzako lur honen indarra jasoten hasi barri dan kimu honek, eskintzen dogun segurtasun zerbitzuaren eta herritarren artean beharrezkoa dan batasun hori be irudikatzen dau. Askatasunak, alkarbizitzea eta ongizatea bermatzeko egiten dogun beharraren eta gure eguneroko jardunean gure zerbitzuak jasoten dituen pertsonen eta erakundeen arteko batasuna”, adierazo dau Estefanía Beltrán de Herediak, eta eskerrak emon deutsaz Patxi Vallejori, bere egunean izan eban ekimenarengaitik.

Ekitaldiari amaierea emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak kimuaren benetakotasun ziurtagiria emon deutso, eta Segurtasun Sailburuak haretx-orriaren irudikapen sinbolikoagaz erantzun. Ertzaintzaren Ereserkiak emon deutso bukaerea ekitaldiari.