Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Eusko Jaurlaritzari DSBE-RGIan %8ko igoerea apliketako eskatzerik
Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako Batzordean gaur izandako eztabaidea, datorren astean Eusko Legebiltzarrean egongo danaren aurrekaria izan da, eta Legebiltzarrak, gai horren inguruko bost hilebeteko gogoeta prozesua zabaltzea adostu eta hilebete bira heldu da.
Podemos Bizkaia taldeak, Lanbide Arteko Soldataren igoereari jagokon %8ko igoerea apliketako eskatzen eutsan arauz besteko proposamen baten bitartez Eusko Jaurlaritzari, Diru-Sarreren Bermerako eta Gizarteratzerako abenduaren 23ko 18/2008 Legeak ezarritako zenbatekoak egokituz. EH Bilduk beste puntu bat gehitu deutso azkenean onartu ez dan testuari, aitatutako igoera hori aplikau aurretik, azkenengo lau urteetan egon dan “%7ko murrizketea” ondore barik itzi daiten.
Talde biek, “legea betetea” defendidu dabe, euren berbetan, oinarrizko hileko zenbatekoa –“619 euro”–, azkenean “49,52 eurotan” igotzeko. Asun Merinero batzordekideak, Eusko Jaurlaritzak, KPIra erreferentziatuz, hasieran markau eban “%1,5etik” oso urrun dagon igoera hori defendidu dau, “gizarte justiziarengaitik eta bardintasunarengaitik”, eta ekonomiaren ikuspegitik “bideragarria” dalako.
Foru Gobernua eusten daben taldeetatik, Josu Montalbán sozialisteak, eusko Legebiltzarrak berak, abenduan, EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen aldeko eretxiagaz, Bizkaiko Batzarrak, DSBE-RGIaren inguruan zabaldu dan “5 hilebeteko gogoeta” prozesuagaz bat egitea defendidu dau. Azterketa horretatik, “kontuan izan beharreko erreferentziazko indizearen” eta “lan arloa aktibetako programa eta baliabide barriei emon beharreko bultzadaren” inguruko ondorioak aterako dira. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek alkarregaz aurkeztu daben zuzenketa-eskean be alderdi hori aitatzen da, Diru-Sarreren Bermerako Errentea jasoten daben eta lan egiteko moduan dagozan pertsonak lan munduan sartzen laguntzeko, “kronifikazino egoerak” saihesteko.
Podemos Bizkaiak adierazo dauenez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eskeak “betiko trikimailu berberak erabiltea” dakar, DSBE-RGIa kobretan daben pertsonengan “zalantzak biztuz”, horren eukia enplegu politikakaz lotuz. Ildo horretan, Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak, eskintza horretan “oso adierazpen hotzak eta kalkulauak” ikusten dirala esan dau.
Ana Esther Furundarena jeltzaleak, Gasteizen lortu dan “akordio handia” Bizkaitik be bultzatzeko gonbitea egin deutsie talde horreei, PP taldea izan zalako akordio horretatik kanpo geratu zan bakarra. Bere eretxiz, Euskadi “aitzindaria” izan zan 1989an, “askori onartzea kostetan jaken” laguntza hori martxan jartean, eta DSBE-RGIak pobrezia eta bazterketa indizeak murrizteko tresna “egokia” izaten jarraitzen dauela defendidu dau. 1986an Euskadin “%16,1ekoa” zan pobrezia tasea “%5,9ra” jatsi zan 2014an, parte batean laguntza horreei esker. Hori bai, bere taldearen eretxiz, “alkartasunean oinarrituta” dagon laguntza horrek bere “iraunkortasuna” gorde behar dau.
Furundarenak datuakaz erakutsi gura izan ditu Euskadi arlo horretan egiten ari dan esfortzuak “hemengo talde batzuk hori onartzea kostau egiten dan arren”. “Podemoseko liderrak” – Pablo Iglesias aitatuz– “onartu egiten dau, sarri askotan jarten dauelako eredu moduan” Estadu mailan, Euskadiko babes sistemea, gogoratuazo dauenez. Jeltzaleak, Euskadik, pertsona bakotxeko, errenta horretara bideratzen dituan “177 euroak” aitatu ditu. Horren aurrean, Alemaniak “183 euro” jarten ditu (per capita errentea 20.000 euro altuagoa izanda), Britainia Handiak “143 euro” eta Espainiak “11 euro baino ez”. Datu horreek “ze lekutan ari garan mobiduten argi eta garbi erakusten dabe”, esan dau.
PP taldeak, Eduardo Andrés batzordekidearen berbetan, bere taldeak DSBE-RGIaren aldaketea defendiduten dauela gogoratuazo dau, bere “aldi baterako” funtzinoa bete daian –pentsiodunen kasuan izan ezik– Euskadin errenta hori “kronifiketan ari dala” hautematen dabelako. Talde horren eretxiz beharrezkoa da erregulazinoan aldaketea sartzea “iruzurragaz eta irregulartasunakaz amaitzeko, baina horrek ez dau esan gura hartzaileen gainean zalantzak sortu behar diranik”, horreetatik “gehienak zintzoak diralako eta lan merkaduan sartzen ahalegintzen ari diralako”. Batzordekide popularraren eretxiz, “benetan behar daben pertsonak” babesteko balio behar dau.
Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkaria, bere aldetik, gai hori Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzearen alde agertu da, eskumenen kontua dala eta, gai horrek Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuari jagokolako, baina planteetan dan igoeraren bideragarritasunaren inguruko azterketea egitea defendidu dau.
GIZARTERATZE ARLOKO HITZARMENAK
Beste alde batetik, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako diputatuak agerraldia egin dau, EH Bilduk eskatuta. Agerraldi horretan, 2017an, hirugarren sektoreko alkarteakaz denpora muga desbardinak (6 edo 12 hilebete) dituen hitzarmenak egotearen zergaitiak azaldu ditu.
Diputatuak adierazo dauenez, sinatutako hitzarmenen denpora mugea “ez da gauza barria” beste urte batzuetan be gauza bera egin dalako, baina sei hilebetera mugatuta dagozanak, beste sei hilebetez luzatzeko aukerea daukienak, irabazi asmorik bako erakundeakaz sinatu diran programen “planteamentu barriagaz” eta “zuhurtziazko” erespideagaz dagoz lotuta, aurton gizarteratze arloko foru politikak Gizarte Zerbitzuen Karterari buruzko Dekretu barriaren eskakizunetara “egokitzeko prozesua” ari dalako gauzatzen.
Josu Unanue EH Bilduko bozeroalearen eretxiz, aurrekontuetan “%2,8ko murrizketearen” ostean egingo dan egokitzapen hori zelanbaiteko lan “ezegonkortasuna” ari da zabaltzen hirugarren sektorean, “beharginak kaleratzea” eragiten ari dalako.
Laespadak, Aldundiak programen jarraikortasuna bermatzen dauela adierazo dau. Aitatutako “jatsierea” Gizarteratze Laguntzei (GL-AIS) jagoke, egoera barrira egokitu behar izan diralako, igaz “ez ziralako agortu”. Diputatu andrearen eretxiz, barriz, Kartera Dekretu barriaren eraginez gizarteratze arloko politikak barriro planteetan diranean, behargin kopuruak hazkunde “garbia” izango dau. Etorkizunean, eta Dekretua “finkatuta” dagonean, Aldundia “bi gehi bi” (urte bi, beste ekitaldi birako luzapen aukereagaz) hitzarmenetara itzuliko da.
Une honetan, Laespadak adierazo dauenez, Aldundiak, 6 hilebeteko iraupeneko “15 hitzarmen”, 12 hilebeteko “10 hitzarmen” eta urtebeteko eta beste urte baterako aukerako luzapeneko “28 hitzarmen” sinatu ditu. Urte erdiko hitzarmenak, drogamenpekotasunak eta buruko gaixotasunak dituen pertsonakaz behar egiten daben programetara dagoz zuzenduta batez be, eta “2.684.790 euro” hartzen ditue; eta, Gizarte Zerbitzuen Karteran jasoten ez diran beste gizarteratze programa batzuen inguruko gainerakoek “1.671.709 euro” hartzen ditue.