Aurreko Albisteak

Harrerea Bidaideak BSR taldeari Batzarretxean

Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldi xumea egin deutsie gaur gurpildun aulkietan jokatzen dauen Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi taldeari, bere 25 urteak dirala eta. Ana Otadui Bizkaiko Batzarretako presidenteak harrerea egin deutsie Gernikan taldeko jokalariei, "staff teknikoari eta zuzendaritza taldeko kideei, eta keinu horregaz, “taldeak egindako esfortzua eta kirolaren arloan oztopoak gainditzeko eta aurrera egiteko erakutsi dauen gaitasuna" balorau ditu. "Gure lurraldeko neska mutil askok euren oztopoak gainditzeko orduan aurrean euki daikien ispilua" dira.

Bilboko Txurdinagako kiroldegia Europako BSRaren erdiguneetako bat izango da barikuan eta zapatuan, martiaren 10ean eta 11n. Bertan, Bidaideak Bilbao BSR taldea, beste lau taldegaz batera, apirilean jokatuko dan gurpildun aulkiko Gizonezkoen eta Emakumezkoen Euroleaguearen azken fasera heltzeko lehiatuko da. Saskibaloiz betetako egun bi izango dira, eta goi mailako hamar partidu gozau ahal izango dira Bizkaiko kantxa horretan. Batzar Nagusietatik animo eta zorte guztia opatu jake Europan egin behar daben ibilpide horretarako.

Batzarretxeko Ohorezko Liburuan sinatu dauen Txema Alonso Bidaideak taldeko gerenteak beren beregi eskertu gura izan dau Bilboko taldeak Bizkaialde Fundazinotik eta, ondorioz Bizkaiko gizarte osotik, jasoten dauen laguntzinoa.