Batzar Nagusiek ez dabe onartu Guggenheim museoak astero egun bat doban jarri behar dauenik
Foru Gobernua eusten daben talde biek gogoratu dabenez, ekimen hori 2007an aztertu eban museoko patronatuak, Eusko Legebiltzarrak eskatuta. Hamar urte geroago, jeltzaleek eta sozialistek, ate irekiko “52” jardunaldiei ezezkoa emoteko orduan emondako errazoi berberak emon ditue.
Juan Otermin sozialistak gogorarazo dauenez, orain hamar urte bisitarien %90 “kanpokoak” zirala esan eban patronatuak. Hori dala eta, neurria apliketan bada, pertsona horreek dobako jardunaldietara zuzentzeko mobimendua sortu daiteke. Gainera, neurri horrek diru-sarrerak “milioi bat eurotan” murriztea ekarriko leuke, sarreren salmentea dala eta, eta kopuru hori Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak jarri beharko leukie. PSE-EEko batzordekideak esan dau, baita be, museoak badituala beherapenak eta sarreren loteak, enpresa laguntzaileen esku. Dobako egun bat ezarteak “enpresen laguntzaren galerea” ekarri leike. Gainera, bere eretxiz, prezioa “ez da hain garestia”. 7,5 eta 13 euro artean mobitzen da, eta urtean “20 euro” ordainduta “gura beste bider” sartu daiteke, esan dau.
Jane Eyre Urkieta jeltzaleak gehitu dauenez, Bizkaikoako foru sarearen barruan dagozan zentro “guztiek” badaukie dobako egun bat astero, eta neurri hori indarrean jarri dauen azkenengoa Bakioko Txakolingunea izan da. Batzordekide jeltzaleak, Aldundiaren eta BBKren ekimenaren bitartez Guggenheim museora hurbiltzera konbidatu ditu herritarrak. Erakunde horreek autobusak jarriko ditue hainbat herritatik, erabiltzailearentzat kosturik izango ez daben sarrerakaz, museoaren 20. urteurrena dala eta.
Ekimena aurkeztu dauen Elsa Pamparacuatro Podemoseko batzordekideak, baliabide bako jendeak kulturaz gozatzeko daukan eskubidea aldarrikatu dau, eta Aldundiaren titulartasunekoak diran museoetan “daborduko” egiten dana zergaitik ezin dan Guggenheim museoan egin galdetu dau. Adierazo dauenez, “Jende guztiak ezin ditu 13 euro ordaindu”.
Ildo horretan, EH Bilduko Txusa Padronesek, erakundeek, herritarrek kulturarako daukien eskubidea “bermatu” behar dabela esan dau. Bere eretxiz, diru sarrerak galtzearen errazoiak ez dau “justifiketan” EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako eretxia, Aldundiak “ekarpen handia” egiten deutsolako Guggenheim museoari.
Talde Mistoak eta PPk, euren aldetik, ekimenaren “fondoagaz” bat datozan arren, bere proposamena baztertzeko eta “barriro formuletako” eskatu deutsie Podemosi, “zehaztasun bakoa” dalako. Dana dala, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), Guggenheim museoa “ordu batzuk” doban zabaltzearen aldeko apustua egin dau, eta kultur zentroak izan daitezala dobako sarrera ze egunetan izango litzateken erabagiko dabenak. Eduardo Andrések (PP) ironiagaz erantzun deutso Podemosen proposamenari, horren onuradunak “pertsona guztiak izango litzatekezalako, pertsona horreen gizarte mailea kontuan izan barik”.
EUSKALDUNAKO ZUZENDARIA
Euskera eta Kulturako foru diputatuak, bere aldetik, Talde Mistoak Euskalduna Jauregiaren zuzendaritzan Andoni Aldekoak Jon Ortuzarren lekua hartu izanaren abaguneen eta zergaitien inguruan planteau dituan galderei erantzu deutse. Lorea Bilbaok adierazo dauenez, Bilboko kongresu jauregiko Administrazino Kontseiluak kargu horretarako pertsona “egokia” dalako eta “ikuspuntu pertsonaletik erabateko konfiantzea” daukalako aukeratu eban Aldekoa.
Euskera eta Kulturako foru diputatuak, zuzendari barriaren soslai profesionala eta “kudeaketea, komunikazinoa eta nazioartekotzea” moduko inguruneetan daukan ezagutza akademikoa aitatu ditu kontratazinoa justifiketako. Aldekoaren egitekoa, Ortuzarren garaian lortu diran emoitza “onak hondino gehiago finkatzea” izango da. Aurreko garaian nazino mailako “lidergoa” lortu da ekitaldi kopuruari jagokonez eta, gainera, azpimarragarria izan da “ekonomiaren bultzatzaile garrantzitsu” moduan bete dauen lekua.
Bilbaok esan dauenez, epealdi barriak “jarraipena” emongo deutso ildo horri, baina “indartu egingo dira nazioartekotzearen arloko esfortzuak”. Jauregiak dituan erronken artean “negozioen arloa indartzea” be badago, “Euskalduna enpresen topaketarako leku bilakatu daiten”.
Oposizinotik, aukeratutakoaren “baliozkotasuna” “aurretik epaitu edo zalantzan jarri barik”, Aldekoa aukeratzeko erabili dan prozedurea kritikau dabe. Podemos Bizkaiak adierazo dauenez, figura horrek “gizarte arloko adostasuna” lortu eta “kulturaren munduan” esperientzia handia izan behar dau. EH Bilduk esan dau tamalgarria dala kontratazino horrek behargin finko edo mugarik bako baten kontratazinoak dituan baldintza berberak ez izatea. Kontratazino prozesuan “aukeren bardintasuna bermatu behar da, aukeraketa prozesu baten bitartez”, gogoratuazo dau Padronesek. EH Bilduko batzordekidearen eretxiz, “atzamarrez egindako aukeraketaren aurrean gagoz, Arte Ederren Museoan Zugazagaz egin zan moduan”. Aldundiaren jarrereak “nepotismoa” erakusten dauela adierazo dau.
EAJ-PNVk, PSE-EEk, PPk eta Talde Mistoak “zortea” opa deutsie zuzendari barriari, aurrean daukan bidea “gaiztasunez beteta” egongo dalako, lehiakortasuna “gero eta gogorragoa” dalako, Arturo Aldecoa batzordekideak esan dauen moduan.
FORU MUSEOETARA EGINDAKO BISITA KOPURUA %7,9 HANDITU ZAN 2016AN
Beste alde batetik, Lorea Bilbaok, Aldundiaren esku dagozan bost museoen (Arrantzale, Euskal Herria, Arkeologikoa, Txakolingunea eta La Encartada) eta bederatzi ondare elementuren kudeaketea batzen dauen Bizkaikoa erakundearen balantzea egin dau. Diputatuak adierazo dauenez, kultur gune horreek 219.617 bisita jaso ebezan 2016an, hau da, 2015ean baino ia “%8” gehiago.
HERRITARREN PARTAIDETZARAKO AZTERKETA BATZORDEA
Beste saio batean, Ana Otadui buru zala, herritarren partaidetzaren inguruko Azterketa Batzordea eratu da. Batzorde hori batzarretako talde bakotxeko ordezkari batek osatuko dau. Jon Sánchez (EAJ-PNV) aukeratu dabe presidente.