Batzar Nagusiek ez dabe onartu Aldundiak hartu behar dauenik bere gain Isuskiza auzorako garraio publikoa
Gaur goizean egin dan Batzar Nagusietako batzordean izan dauen lehenengo esku-hartzean, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako diputatuak, bere saileko teknikariek aztertu dituen hiru alternatibak azaldu ditu: Isuskizan geraleku bat ezartea Leioa-Mungia edo Gorliz-Plentzia lineatan, biak be baztertuta “ikuspegi ekonomikotik” bideratuezinak diralako; eta “Bi Palmondoak” izeneko bide-kurutzean geraleku bat jartea, hori be baztertu egin dana, baina oraingo honetan ezinezkotasun “teknikoa” dala eta.
Reyesek azaldu dauenez, “urbanizazino pribadu” horretako biztanleak Aldundira zuzendu ziran, aurretik Plentziako Udalaren ezezkoa jaso ostean. Diputatuaren esanetan, Udala da zerbitzua bere gain hartu behar dauen Administrazinoa, zerbitzu hori “uri barrukoa” dalako, legeak ezarten dauen moduan, eta Bizkaiko beste hainbat udalerrik egiten daben moduan, “Zeberio, Etxebarri, Iurreta, Berriz, Amorebieta, Bermeo edo Erandiok”, beste batzuen artean. Bere esanetan, Bizkaiko Udalerriek urtero “2.752.690 euro” gastetan ditue euren aurrekontuetatik garraiora zuzendutako udal zerbitzuetan. “Zergaitik ordaindu behar deutseguz batzuei eta besteei ez?” galdetu deutse oposizinoko taldeei.
Diputatuaren agerraldia eskatu dauen Talde Mistoaren eretxiz, “besteen moduan zergak ordaintzen dituen” biztanleak bizi diran auzo horrek konponbidea behar dau, 40 urteko eskariaren ostean. Arturo Aldecoa batzordekideak adierazo dauenez, “hondakinen tratamentua” moduko beste gai batzuetan Aldundiak hartu dau parte Udalen arazoak konpontzeko. Udalagaz akordioa lortu arte, Urduliz eta Plentzia lotzen dituan errepidean “behin behineko” geralekua ezartearen alde agertu da.
PP taldeko Jesus Isasiren eretxiz, Aldundia herritar horreek “diskriminetan dabil”, eta, bere ustez, kontua “borondate politikoa” da. Bozeroale popularrak, Aldundiko Foru Sailak Isuskiza eta “gertuen dagon Bizkaibuseko lineako burualdearen” artean lantzadera bidezko lotunea ezartea defendidu dau arauz besteko proposamen baten bitartez.
EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek, euren aldetik, bestelako konponbidea defendidu dabe. Arauz besteko beste proposamen batean, talde biek, biztanleek herritarrakazko batzorde haretan aurkeztu ebezan aukeren artean “bideragarriena eta iraunkorrena” aukeratzeko eskatu deutsie Aldundiari: Gorliz-Plentzia linea auzoraino luzatzea edo Leioa-Urdulizko Ospitalea-Mungia 3531 lineako geraleku bat jartea auzoan.
Ekimen biak baztertu egin dira, Foru Gobernua eusten daben talde bien ezezkoarengaitik. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek bat egin dabe Aldundiak defendidu dituan tesiakaz. “Komunikazino faltak” arazo bat sortzen dauela onartu dabe, baina, halanda be, konponbidea udalak emon behar dauela esan dabe. “Zer esango leukie orduan euren uri barruko garraio zerbitzua ordaintzen daben udalerrietako biztanleek?”, galdetu dau Ekain Rico sozialistak.
EZEZKOA EUSKOTRENEN LUTXANA-SONDIKA LINEA EUSTEARI
Batzordean arauz besteko beste proposamen bat be landu da, oraingo honetan EH Bildurena, 3. linea martxan jarri ostean Euskotrenen zerbitzuak Lutxana eta Sondika artean jarraitu daian eskatzeko, operadore horrek linea “desmantelau” egingo dala iragarri dauelako, “urtean ia milioi bat erabiltzaile” dituan arren, Zigor Isuskizak adierazo dauenez. Txorierritik egiten dan ibilpide horren ordez Lezama eta Bilbo arteko linea ezarriko da.
Talde Mistoaren, Podemos Bizkaiaren eta EH Bilduren aldeko botoak eta PP taldearen abstentzinoa jaso dituan ekimena ez da onartu, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkariek kontrako botoa emon dabelako. Talde biek zuzenketa-eskea aurkeztu dabe, Euskotreni kasua “aztertu daiala” eskatzeko, garraio publikoaren arloan hartzen diran erabagiek “ezinbestekoa dan zerbitzu publikoen iraunkortasuna izan behar dabelako kontuan”. Koalizino abertzaleak ez dau onartu ekimenaren idazketa barria.
METRO, EUSKOTREN ETA BIZKAIBUS TITULU MULTIMODAL BARRIAK
Beste alde batetik, diputatuak berak eskatuta be agertu da Batzordearen aurrera, 3. linea martxan hastean indarrean sartuko diran tarifa aldaketak eta titulu barriak azaltzeko. Titulu horreek datorren martiaren 8tik aurrera hasiko dira saltzen.
Titulu “multimodal” barriak Metroan, Euskotrenen eta tranbian erabili ahal izango dira. Bizkaibusek be hartuko dau parte tarifen integrazino prozesu horretan, gaur egungo Gazte Bizkaibus izenekoa ordeztuko dauen 26 urte azpiko Gazte Multimodal izenekoa sartuz.
Reyesek adierazo dauenez, aldaketek garraio horreen erabiltzaileen “%10ean” baino ez dabe izango eraginik, hau da, titulu “pertsonalak” erabilten dituenengan. Bere kalkuluek erakusten dabenez, txartel multimodal barriak sartuta, bezeroak “51.000 pertsona izatetik 64.500 izatera pasauko dira”. Neurriak eragina izango dau hiru operadoreen emoitzen kontuetan, “milioi 2 euro” gitxiago jasoko dituelako: 700.000 Bizkaibusek, 900.000 Metro Bilbaok eta 400.000 Euskotrenek.
Erabiltzaile bolumen horren barruan, titulu barriek ondorioak izango ditue prezioan, gaur egungo “aldi baterako” tituluakaz alderatuta. Onurak jasoko dituen bezeroak “askoz gehiago” izango dira, Reyesek adierazo dauenez, “aurrezpenaren batez bestekoa 9 euro” ingurukoa izango dalako hilean. Kaltetutako bezeroek, barriz, “3 edo 4 euroko” kaltea izango dabe, baina beti be “zerbitzu gehiago” eskiniko dala kontuan izanda.
Batzarretako taldeek eskerrak emon deutsiez diputatuari azalpenak dirala eta, baina titulu eta prezio barriak aztertzeko denporea eskatu deutsie. EH Bildu izan da prezio politika barriaren balorazinoa egitera ausartu dan bakarra, eta bere eretxiz “tarifazoa” izango da. Zigor Isuskiza batzordekideak zalantzan jarri ditu diputatuak emondako datuak, eta adierazo dauenez, prezioen igoerak “handiagoak dira gehien erabilten diran txarteletan”.