Gernikako Batzarretxea gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko aho bateko errebindikazino historikoaren lekuko
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gidau dauen ekitaldiak, azkenengo udal, foru eta autonomia erkidego hauteskundeetan herritarrek aukeratu dituen emakumeen ordezkaritza zabala izan dau. Bilera historikoan, lurraldeko udalerrietako sei emakume Alkatek eta Zinegotzik Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, NBE Emakumeak (UN WOMEN) izenekoaren ordezkaritzea bertan egoala. Ordezkaritza horren buru Alia El-Yassir Europarako eta Asia Erdialderako Lurralde Zuzendaria eta Begoña Lasagabaster NBE Emakumeak erakundeko Lidergo eta Gobernantza sekzinoko arduradun politikoa izan dira. Batzarretan Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko Presidentea eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidentea be egon dira.
Hainbat alderdi politikoko eta hauteskunde taldetako ordezkariek irakurri dabe adierazpen instituzionala. Aukeratutakoak honeek izan dira: Mª José Blanco, PSE-EEko Portugaleteko alkateordea; Inmaculada Zapardiez, Abadiñoko zinegotzi independentea; Amaya Fernández, Alderdi Popularreko Barakaldoko zinegotzia; Carmen Muñoz, “Udalberri Bilbao en común” taldeko zinegotzia; Idurre Bideguren, EH Bilduko Bermeoko alkatea, eta Mari Carmen Urbieta, Euzko Alderdi Jeltzaleko Leioako alkatea.
EUDELen Adierazpenak Europako Txostenaren aholkuak eta Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar daben Bardintasunerako Europako Gutunetik sortutako konpromisoak bereganatzen ditu, eta baita Emakumeen eta Gizonen arteko Bardintasunerako 4/2005 Legean ezarten diran betebeharrak be, eta toki eremutik zortzi aholku bultzatzeko konpromisoa hartzen dau. Aholku horreen artean, adierazpena, erabagiteko organu garrantzitsuenetan ordezkaritza orekatua bermatzearen, hautatutako emakume ordezkariak eskumen banaketa edo funtzino esleipen estereotipauen edo bestelako diskriminazino edo jazarpen moduen eraginpean izatea eragozteko zenbait mekanismo ezartearen, edo emakumeen ahalduntzea ahalbidetzen daben ekintza espezifikoak ezartearen alde agertzen da. (IKUSI ERANTSITAKO ADIERAZPENA)
Ekitaldia, gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko errebindikazino oihua bilakatu da. Ez dira faltau esku-hartzeak (Otadui, Lasagabaster eta El-Yassir), Gernikako Zugatzaren aurrean egindako familiako argazkiak, Batzarretxeko Bisiten Liburuan egindako sinadurak, ezta Anne Etchegoyen Iparraldeko abeslariak abestu dauen “Gernikako Arbola” ereserki historikoaren musika notak be.
Orain 400 urte baino gehiago Francisco de Mendietak margotu eban eta osokoen aretoaren buru dan “El Besamanos” koadruan agertzen diran emakumeen begiradapean eta “inspirazinoagaz”, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak, “Gaur, guztioi esker, aurrerapausu sinbolikoa emoten dogu” azpimarratu dau. “Zuok, gizonezkook, aurrera zoaze emakumezkooi lekua egiten, eta guk, emakumezkook, aurrerapausua egiten dogu ikusgarriago egon eta gure aurreko ama eta amamentzako luzaroegian galarazota egon zan espazio bat hartzeko”, adierazo dau.
Otaduik adierazo dauenez, “Izan be, emakumezkoak eta gizonezkoak, danok alkarregaz baino ez gara bardintasunezko gizartera iritsiko” eta “baikor” agertu da, “botilea erdi beteta” ikusten dauelako. “Azken urteotan asko aurreratu dogu, baina kritikoak izan behar dogu. Hondino asko geratzen jaku egiteke, gure zoruak sendotzeko eta goitik ixten gaituen sabaiak apurtzeko”, adierazo dau. Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak, Emakumeen Ez Ohiko Batzarrak “jarraikortasuna” eukitea, eta, apurka-apurka, aukeratutako emakumeen topaketa sinbolikoa baino gehiago, “eukiak eta egitekoak” dituan organua izatea gurako leukela adierazo dau. Gaur, 2017ko martiaren 1ean, emongo jako hasierea ibilpide horri.
EMAKUMEAK HERRIAREN ORDEZKARI MODUAN ERAKUSTEN DITUAN ARTEA
Ekitaldi horretarako, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Batzarretxeko hemizikloko hormetatik jatsi dabe Francisco de Mendietaren “El Besamanos” koadrua. Beirategiaren Aretoan egoten dan koadru hori izan da jardunaldiko elementu erakargarrienetakoa. Koadrua izango da foru barrutiak berak maiatzetik aurrera programauko dauen eta, artearen bitartez, gertakari garrantzitsuetan emakumeen presentzia sinbolikoa jente guztiari erakutsi gura deutson erakusketaren elementu garrantzitsuenetakoa. Europako artean emakumeen lehenengo talde erretratutzat hartu daiteken koadru horrez gain, datorren eguaztenetik aurrera Bizkaiko Batzar Nagusiek “Los Esponsales” lana be erakutsiko dabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagatako egile beraren artelana.
1609an margotu zan “El Besamanos” lanak 1476ko bagilaren 30ean gertatutako benetako eszenea jasoten dau. Egun haretan “Fernando V erregeak euren Foruak berretsi eutsezan bizkaitarrei, Gernikako haretxaren azpian, eta ekitaldi horren bitartez Jauntzat hartu eben”, artistak berak Bizkaiko euskeran koadruan egiten dauen azalpenak adierazoten dauenez. Erdialdeko lerroa emakumeek beteten dabe, hitzarmenaren baliozkotasunaren lekuko moduan jardunez. Koadru ikusgarri hori izan da ekitaldia antolatzeko inspirazinoa.
Urte bi lehenago, Mendietak “Los Esponsales” lana margotu eban. Bertan, garaiko beste eszena bat erakusten dau, Bizkaiko Zaindaria dan Begoñako Andra Mari eleizan ezkontzen ari diran odol garbiko biren zainketea, hain zuzen be. Koadru horretan be berrogeita hamar emakume inguruk hartzen dabe ia artelan osoa, ezkontzaren baliozkotasunaren lekuko moduan.
Historialariek esaten dabenez, eszena biak faltsoak dira. 1476ko Gernikako jardunaldi ikusgarrian egon ziranak Jaurerriko herri eta uri guztietako alkateak izan ziran, eta, jakina, danak be gizonezkoak ziran. Eta, modu berean, Euskal Herriko eleizetan modu tradizionalean egiten ziran ezkontzatan sinatzen eben lekuko guztiak gizonezkoak izaten ziran.
ADIERAZPEN POLITIKO AITZINDARIA
Koadru horietako Bizkaiko emakumeen presentzia aktiboak eta ugariak esanahi sinboliko sakona dauka. Koadru horreek ez dira errealidade historikoaren faltsifikazino hutsa, adierazpen politiko aintzindaria baino, adituek adierazoten dabenez. Koadruotan, emakumeek euren gain hartzen dabe, modu sinbolikoan, Bizkaiko herriaren ordezkaritza osoa. Gernikan gaur egingo dan bilerak antzeko zer edo zer bilatzen dau, baina gaur egungo errealidade politikoan eta sozialean sustraituta: emakumea Euskadiko ordezkari moduan erakustea, eskubide osoz.
Emakume bakotxak buruan daukazan buruki konplexuek, guztiak be desbardinak eta Mendietak “Los Esponsales” artelanean zorroztasun osoz identifikautakoek, Bizkaiko herri bakotxaren lurralde nortasuna irudikatzen dabe. Emakumeak protagonista bilakatzen dira, historian lehenengo aldiz, Euskal Herriko gizarte osoak politikan dauen partaidetzea irudikatzeko, emakumezkoak barru dirala.