Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu Bizkaiko jaieguna San Inazio eta Balendin Berriotxoa egunen artean banatzerik

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur hemendik aurrera Bizkaiko jaieguna garagarrilaren 4aren eta 31ren, Balendin Berriotxoa eta San Inazio egunen, artean banatzerik. Talde mistoak, Arauz besteko proposamenaren bitartez, Lurraldeko jaieguna Bizkaiko zaindarien artean banatzea proponidu dau Bizkaiko Batzarretako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean, San Inazio jausten dan asteko egunaren arabera, hau da, garagarrilaren 31 jaieguna izatea bariku, zapatu, astelehen edo martitzen danean eta garagarrilaren 4a gainerako kasuetan. Bizkaiko Batzarretako gainerako talde guztiak idearen kontra agertu dira, aho batez.

Talde Mistoko Arturo Aldecoak formula hori planteau dau, “baina beste bat be izan eikean”, herritarrek “aurretik” jakin deien zein egun izango dan jaieguna, “oporretako denporea banatzeko”. Aldecoaren eretxiz, emoten dau “komenigarria” dala aukeraketea arautzea, Bizkaian erespide “argia” ezarteko, hemendik aurrera Aldundiak “modu sistematikoan” aplikau daian.

Batzarretako gainerako taldeak neurriaren kontra agertu dira, hainbat errazoi dirala eta. PP taldea ez da agertu banaketan “oreka handiagoa” lortzearen kontra –gaur egun jaieguna San Inazio domekan danean baino ez da aldatzen– baina bere eretxiz, neurria, Beharginen Estatutuak arautzen dauen eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena dan “gaur egungo prozeduraren kontrakoa” da.

Podemos Bizkaiak adierazo dauenez, Batzar Nagusiek ez dabe alderdi hori arautzeko eskumenik. Asun Merinerok esan dauenez, “aztertu egin daiteke”, Aldecoaren proposamena “konplexua” dala adierazo aurretik. Bere eretxiz, ez dau “jenteari laguntzeko” balioko eta, horrez gain, herritarren eta bere taldearen “lehentasunetatik kanpo dagon” gaia da.

Ekain Ricok (PSE-EE) bere aldetik, bere taldea “eskumenakaz erlazionautako zergaitiak” dirala eta, eta gaiak “ez daukalako lehentasunik herritarrentzat” ez dala proposamenaren alde agertu azaldu dau. Ez da “sakonean” eztabaidatzearen kontra agertu, baina “beste foro batzuetan”:

EH Bilduko Joseba Gezuragak, bere aldetik, azaldu dau Balendin Berriotxoa jai eguna dala orain 500 urtetik Bizkaiko zaindariaren eguna dan garagarrilaren 31 asteko azkenengo eguna danean. Koalizino abertzaleko batzordekidearen eretxiz, Talde Mistoaren idea “nahasgarria” da eta, horren bitartez, proposamena aurkeztu dauen batzordekideak “jaiegunez osatutako zubia sortzea” baino ez dau bilatzen.

Bukatzeko, Jon Andoni Atutxak (EAJ-PNV) be eskumenakaz erlazionautako zergaitiak eta “ez dala gizartearen ardura nagusietakoa” aitatu ditu bere taldearen ezezkoa azaltzeko. Gaur egungo egoereagaz jarraitzearen alde agertu da, talde Mistoaren ekimenak “pertsonak nahastu daikezalako”.


2014KO ERREFORMA FISKALA “SAKON” AZTERTZEA

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak behin eta barriro adierazo dauenez, beharrezkoa da 2014ko erreforma fiskalaren emoitzak “sakon” aztertzea, arlo horretan ezelango aldaketarik sartu aurretik. Balizko aldaketa hori egin ezkero, ez litzateke Soziedadeen Zergea bakarrik hartu beharko kontuan “tributu-figura asko dagozalako”.

Rementeria, berak eta Podemos Bizkaia taldeak eskatuta agertu da Bizkaiko Batzarretako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean, joan dan zezeilaren 13an egin zan Finantzetako Euskal Kontseiluaren bileran landutakoaren barri batzordeko taldeen aurrean emoteko. Bilera horretan, 2016ko ekitaldian Aldundiek aurrekontu gastuetara eta Doikuntzarako Funts Orokorrera egindako ekarpenen likidazinoa landu zan.

Bizkaiari jagokonez, bertako Ogasunak, tributu kontzertauetan 6.715 milioi euroko diru-bilketeagaz itxi eban igazko ekitaldia, 2015ean baino %3,1 gehiago. Halanda be, diru-bilketa hori, 2015ean egindako aurreikuspenak baino %4,9 baxuagoa eta joan dan urrian egindako Finantzen Kontseiluak egin eban aurreikuspena baino %0,3 baxuagoa izan da.

Holan, , Bizkaiko diru-bilketea 2015eko urrian aurreikusitakoa baino 347 milioi euro gitxiago izan bada be, “2016ko aurreikuspen zorrotzagoakaz alderatuta, aldea 21 milioi eurokoa baino ez dala izan” azpimarratu dau Ahaldun Nagusiak eta, ganera, “ez dogula ahaztu behar” 2015ean baino “200 milioi euro gehiago biltzea” lortu dala. Lurraldeak 1.005 milioi euro banatu ebazan aurreko ekitaldian BEZaren eta Zerga Berezien doikuntzatan, eta horreetatik 239 milioi Arabara joan ziran eta 766 Gipuzkoara.

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunak behin eta barriro esan dau, oposizinoak eskatzen dauen moduan diru-bilketea handitzeko fiskaltasunaren erreformeari ekin aurretik, beharrezkoa dala 2014ko urtarrilean indarrean sartu zan erreforma fiskalaren emoitza finkatuak “sakon” aztertzea. Adierazo dauenez, neurriren bat hartu behar bada, “datu horreek guztiak mahai gainean jarri ostean” egin beharko da, eta ez bakarrik Soziedadeen Zergea kontuan izanda.

Soziedadeen Zergea aldatzeko egin diran eskariei jagokenez, erreforma fiskala Soziedadeen Zergan zentrau gura bada, “hori egin daikela” esan dau, baina “tributu-figura asko dagozala” azpimarratu dau.

Azaldu dauenez, tributu horrek %5 laguntzen dau Aldundiko diru-bilketan, foru arautegiaren menpe dagozan enpresak kontuan izanda, eta ehuneko hori %7,7ra igoten da konpainia guztiak hartzen badira kontuan. Rementeriak adierazo dauenez, zerga horren inguruan berba egiten danean “ahaztu egiten da oso krisi larria igaro dogula” eta, hori dala eta, azken urteotan, zerga horri jagokon diru-bilketak behera egin dauela.


ERREFORMEA

Oposizinoko taldeen aldetik, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak, gaur egungo sistema fiskalak “ez dauela funtzionetan” esan dau eta, hori dala eta, “zer edo zer egin beharko dala”. Holan, Soziedadeen Zergea aztertzeko eskaria egin dau, zerga horri jagokon diru-bilketea “behera egiten dabilelako urterik urtera 2007tik”.

Urkaregik zehaztu dauenez, ez dabil “tasea igotzeaz” berbetan, “tasa hori jaisteko adostasuna be lortu geinke”, “dedukzinoen sarea benetan” lantzen bada. Bere erantzunaren txandan aukera hori aztertu egingo dauela adierazo deutso Rementeriak. Batzordekide abertzaleak azpimarratu dauenez, gaur egungo sistemeagaz, zergen “karga nagusia, ia osoa”, beharginen gain dago, PFEZren eta BEZaren bitartez.

Asun Merinero Podemos taldeko batzordekideak erreforma fiskal integrala eskatu dau, eta “arduratuta dagola” adierazo dau, azkenengo urteetan, egindako aurreikuspenakaz alderatuta, gertatu dan “desbideraketea” dala eta, izan be, “gizarte arloko gastua” diru bilketa horren menpe dago.

Javier Ruiz PP taldeko bozeroaleak, diru-bilketaren aurreikuspenak bete ez izanak ekarriko dituan “eragin zehatzak” azaltzeko eskatu deutso Aldundiari. Horrez gain, arduratuta agertu da, 2017ko aurreikuspenak “mimetikoak” izango diralako. Soziedadeen arloan egiten dan presino fiskala “erlaxetearen” aldeko apustua egin dau, presino hori ekonomia dinamizetara “bideratzeko”.

Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak gogoratu dauenez, aurreikuspenetan izandako “akatsak”, “ezegonkortasun orokorreko agertoki barrian” gertatu dira, eta Aldundiari “erabateko zuhurtzia” eskatu deutso, ez dalako “esperimentuak egiteko” unea.

Gobernu taldea osatzen daben taldeen aldetik, Jesus Lekerikabeaskoak (EAJ-PNV) eta Ekain Ricok (PSE), 2017ko aurrekontuak joan dan urrian egindako diru-sarreren aurreikuspenetan oinarrituta egin dirala gogoratu deutsie oposizinoko taldeei, eta aurreikuspen horreek “%99,7an bete dira”.

EAJ-PNVko batzordekideak diru-bilketaren aurreikuspenak egiteak daukan gaiztasuna azpimarratu dau, eta aurreko ekitaldietan bete ziran aurreikuspenak azkenengo ekitaldian bete ez izanaren inguruan oposizinoak egin dituan kritikei erantzun deutse.

Batzordekide sozialistak, gainera, 2014ko erreformak, 2013koagaz alderatuta “1.200 milioi gehiago biltzea” lortu ebala azpimarratu dau. Halanda be, argi eta garbi itzi gura izan dau horrek ez dauela beste erreforma bat egin behar danik esan gura, “eboluzionetan jarraitu behar dalako”, baina “zerk funtzionau dauen eta zerk ez dauen funtzionau aztertu ostean”.