Bizkaiko Batzar Nagusiek Ibaizabalen alde bien arteko errepide loturak hobetzea eskatu dabe

Bizkaiko Batzar Nagusiek “Ibaizabalen alde bien arteko mobikortasuna eta errepide bidezko loturak hobetu beharra” autortu dabe gaur Gernikan egin dan osoko bilkuran. PPk aurkeztutako proposamenaren aurrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek EAJ-PNVren, PSE-EEren, eta Talde Mistoaren aldeko botoa izan daben mozinoa onetsi dabe, “legealdi honetan helburu hori lortzera zuzendutako jarduketak egin daizan” eskatzeko Foru Aldundiari. EH Bildu eta Podemos taldeak abstenidu egin dira.
Javier Ruiz bozeroale popularrak azaldu dauenez, Errontegiko zubia, alde bien arteko “errepideko lotura bakarra”, “antxinako” azpiegiturea da, eta 1983an eregi zanetik trafikoaren hazkunde “esponentziala” jasan dau. Holan, Aldundiaren datuek erakusten dabenez, “egunean 150.000 ibilgailuren igarotea” jasan daike.
Egoera hori hobetzeko Aldundiak azken hamarkadatan egin dituan proposamenen artean Lamiakoko itsasadar azpiko errepidea, Lutxanako zubia edo Axpeko zubia dagoz, baina “horreetako bat be ez da gauzatu”. Talde popularra, itsasadarraren azpitik tunel bikotxa eregitearen alde agertu da –Erromo eta Santurtzi artean–. Obra hori egiteko 190 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zan bere egunean.
Foru Gobernua eusten daben taldeek –EAJ-PNV eta PSE-EE– zehaztu dabenez, popularren mozinoa bat dator Foru Aldundiaren helburuakaz. Izan be, Aldundia “hasi da daborduko” une honetan dagon loturea hobetzeko beharrean. Holan, Irene Edesa jeltzaleak, kontroleko azkenengo osokoan Aldundiak, Errontegiren “ordezko soluzinoak” aurkitzea Foru Gobernuaren “lehentasuneko interesa” dala adierazo ebala gogoratu dau.
Gogoratu dauenez, “epe luzeko” jarduketatan behar egitea dago aurreikusita, Lurraldeko Errepideen Sektore Planean aurreikusiko diran eta “konplexuak eta kostu altukoak” diran aitatutako hiruak, besteak beste. Gainera, “epe laburreko” jarduketatan be egingo da behar, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko foru diputatu jaunak joan dan hilean Batzar Nagusietan iragarri ebazanetan, adibidez: Kukularrako “estugunea” kentzea edo Gurutzetako trukagunearen ahalmena handitzea, Errontegiko zubiaren ahalmena handitzeko egin daitekezan jarduketez gain.
EH Bildu eta Podemos taldeek abstentzinoaren alde agertzea erabagi dabe, izan be, inguru horretan mobikortasuneko arazoak dagozala autortu arren, mobikortasun iraunkorreko politiken eta garraio publikoa hobetzen behar egitearen aldeko apustua egiten dabe. Izan be, talde bi horreek adierazo dabenez, dana ez da “zementuan inbertitzen daben” soluzinoetatik pasetan.
BEHERAPENAK AP-68 AUTOPISTAN
Mobikortasunaren arloan, Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Proposamen horretan AP-68 autopistaren eskumenak eskatzea eta ordaindu beharreko errepide horretako erabiltzaileei Aldundiak hobariak eskintzea planteetan zan. Ekimenak Podemos Bizkaia taldearen aldeko botoak, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrakoak eta Talde Mistoaren abstentzinoa jaso ditu.
Talde guztiak bat etorri dira transferentzia eskatzeagaz, baita PP taldea be, “baten batek eragiketaren kostua bere gain hartzen badau”, 2026an amaituko dan emakidea dagolako, Jesús Isasi popularrak gogoratuazo dauenez, Aznarren Gobernuak, hasiera batean 2012an itzuli behar zan azpiegiturearen ustiapeneko epealdia hamalau urte luzatzea erabagi ebalako.
Taldeen arteko desadostasunak proposamenaren bigarren puntuan heldu dira. Puntu horretan, joan dan urtarrilean A-8an, Supersur izenekoan eta Artxandako tuneletan indarrean sartu zan beherapenen sistema bera ezarteko eskatzen zan. Sistema horrek, gehienez be 30 euro ordainduta ezelango muga barik bidaiatzeko aukerea emoten dau. EH Bildu eta Podemos taldeak, hobari horreek AP-68 autopistara “atoan” zabaltzearen alde agertu diran bitartean, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, koalizino abertzaleak onartu ez dauen zuzenketa-eske baten bitartez, Aldundiak, Bizkaitik igaroten dan tartean, Foru titulartasunekoak diran ordaindu beharreko Bizkaiko gainerako errepideetan dagon “diru-laguntza errejimen berbera” apliketea proponidu dabe, autopista horren titulartasuna jaso ostean.
EH Bilduk ez dau planteamentu barria onartu. Zalantzan jarri dau une honetan Bizkaian beherapen horreek apliketea “ezinezkoa” danik, ondoko lurraldeak 2012ko bagilaren 1etik, 25 bidaiatik aurrera %50 arteko prezio beherapenak apliketan ditualako. Zigor Isuskizaren berbetan, Bizkaiko eredua “diskriminazinoa” da Hego Uribe eskualdeko biztanleentzat.
Aitor Ibarra EAJ-PNVko ordezkariak adierazo dauenez, Aldundiak egin eban ahalegin bat, aurrekontuetako “300.000 euro” horretara bideratuta, AP 68 autopistan beherapenak eskintzeko, baina Estaduko Administrazinoak baztertu egin eban, “diskriminatzailea” zala esanez. Gainera, jeltzalearen eretxiz, Arabako eredua ez da baliagarria, erabiltzaileek hiru finantza erakunderen artean aukeratu behar dabelako operatibea.
EZEZKOA FAMILIA UGARIENTZAKO OHZ-KO BEHERAPENEI
Gernikako saioa Talde Mistoaren eta PPren ekimen bigaz hasi da. Ekimen horreetan, OHZn familia ugarientzako hobariak “berreskuratzea” eskatzen zan. Batzarretan ordezkaritza txikiena daukan taldeak arauzko aldaketea aurkeztu dau, zergearen %90 arteko salbuespena sartzeko, eta popularrek, arauz besteko ekimen baten bitartez, Aldundiak hobariaren ehuneko bat proponidutea planteau dabe, bizikidetza unidadearen diru-sarrerak eta berau osotzen dauen kide kopurua kontuan izanda.
EAJ-PNV eta PSE-EE, Foru Gobernua osotzen daben eta Batzarretan gehiengoa daukien taldeak, erreforma horren kontra, eta horren beharra daben familiak “diru-laguntzen arautegiaren” bitarteko “laguntzea” jasotearen alde agertu dira, zergadunaren abaguneak kontuan izan barik ondasun higiezina grabau behar dauen zerga baten bitartez izan beharrean.
Talde Mistoaren proposamena ez da onartu, Foru Gobernua osotzen daben EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoa jaso dauelako. Talde Mistoak, PPk eta Podemos Bizkaiak proposamenaren alde botau dabe, eta EH Bildu abstenidu egin da. PP taldearen ekimenari jagokonez, horrek be EAJ-PNV eta PSE taldeetako batzarkideen kontrako botoa jaso dau, Podemos abstenidu egin da eta gainerako taldeek aldeko botoa emon dabe.
Ekimen biak eztabaidetan egon diran bitartean, proposamenak aurkeztu dituen taldeek, PPk eta Talde Mistoak, familia ugariek OHZren ordainketan hobariak jasoteko aukerea berreskuratzea defendidu dabe, igazko maiatzean OHZren inguruko arau barria onartu zan arte Bizkaiko arautegian ezarten zan moduan.
Javier Ruiz PPko bozeroaleak azaldu dauenez, familia ugarien Hirukide alkartearen “kexa” jaso ostean, Arartekoak, Bizkaiko arautegi barriaren “aukerea, komenigarritasuna eta justifikazinoa argi eta garbi zalantzan jarten dituan” eta “aurreko 13 urteetan, etenik barik” Bizkaian aplikau zan hobaria “berreskuratzeko beharra azaltzen dauen” txostena egin eban.
PPko batzarkideak adierazo dauenez, hobari hori kentzeak “ez deutso ezelango mesederik egiten” biztanleria zahartzearen arazoaren aurrean “erantzunak” emoteko beharrezkoa dan familientzako laguntzari. Gainera, Bizkaiko familia ugariak inguruko lurraldeetakoak baino “egoera txarragoan” geratzen dira.
Foru Gobernua eusten daben talde biek atzera bota ditue proposamen biak, eta zerga hori ordaintzeko laguntzea behar daben familiei “diru-laguntzak” emoteko arlotik lagundu behar jakela adierazo dabe. Holan, Jon Andoni Atutxa EAJ-PNVko batzarkideak, OHZk “ondasun higiezinen balioa grabetan dauela” adierazo dau, eta ez “ondasun horreen jaubeak”. Holan, OHZ “zerga objektiboa” dala planteau dau, “izaera pertsonala” daben eta “zergadunen abaguneak” kontuan hartzen dituen beste batzuekaz alderatuta, PFEZ, besteak beste. Gogoratu dauenez, PFEZan, 285.000 aitorpenek 153 milioi euro baino gehiagoko beherapenak izan ditue.
Ildo berean, Ekain Rico PSEko batzarkideak esan dau Arartekoak, bere txostenean, ez dauela eskatzen Bizkaiak familia ugarientzako hobaria berreskuratzerik, eta “ez dauela planeetan talde horrentzako ezelango iradokizunik”. Ricok gogoratu dauenez, “zergak ordaintzeko laguntzea behar daben” pertsonek, “diru-laguntzen inguruko arautegiaren bidez” jaso daikiez laguntzak, euren ahalmen ekonomikoa kontuan izanda, eta ez “kolektibo jakin bateko kide” izateagaitik. Holan, adierazo dauenez, familia ugarientzat indarrean egoan aurreko hobariagaz, “bardin zan” urtean "20.000 euroko edo 700.000 euroko" diru-sarrerak eukitea.
Oposizinoko taldeen artean, Endika Montes EH Bilduko batzarkidea ados agertu da OHZ aldatzeagaz, diru-sarrerak eta kide kopurua kontuan izango dauen familia ugarientzako aukerazko hobaria sartzeko. Holan, Udalek “atea zabalik” izango dabe hobari horreen gainean erabagiteko.
Bukatzeko, Asun Merinero Podemoseko batzarkidea hobaria berreskuratzearen eta Udalek “hobari hori zelangoa izan behar dan erabagiteko aukerea izatearen” alde agertu da. Dana dala, “tope batzuk” egon behar dirala eta familiek dituen baliabideak kontuan izan behar dirala esan dau, “behar gehien daukienei” laguntzeko.
ETXEKO ARRETA ZERBITZUAREN FINANTZIAZINOA
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu EH Bildu taldearen arauz besteko proposamen bat, azkenengo hiru urteotan menpekotasunaren arloan eskinitako zerbitzuak dirala eta Estaduak Kupoaren bidez Udalei ordaindu behar deutsien dirua Aldundiak aurreratu daian. Koalizino abertzaleak planteau dauenez, lehenengo ordainketea 2017ko lehenengo hiruhilekoan egin beharko litzateke, Arantza Urkaregi batzarkideak adierazo dauenez, une honetan dagon zorrean oinarrituta: “6,2 milioi”, 2015ean; “4 milioi”, 2016an; eta “4,4 milioi, 2017an. EH Bilduren ekimena ez da onartu EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako, eta aldeko botoa emon dauen bakarra Podemos Bizkaia izan dalako.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek adierazo dabenez, Aldundiak abenduaren 20an “onetsi eban” modu ofizialean zorra, “zorrotzak eta bermean oinarritutakoak” izateko, eta zor hori Gobernu zentralak bere zorra ordaindu ahala likidauko da. Dana dala, Jane Eyre Urkieta jeltzaleak gogoratu dauenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren artean negozietan ari dan Kupoa izango ez litzateken beste bide batzuetatik kopuru horreek ordaintzeko eskatu eban Foru Aldundiak.
HERRITARREN PARTE HARTZEA AURREKONTUETAN
Bukatzeko, Podemos Bizkaia taldea, 2017ko ekitaldiko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektuagaz erlazionautako herritarren partaidetzarako eta kontuak aurkezteko proposamenagaz heldu da Gernikara. Bere proposamenean, talde moreak “euren eguneroko bizimoduan eragina daben erabagietan” jendearen parte hartzea errazteko zortzi ekimen sartzen ebazan. Proposamena ez da onartu, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Talde Mistoak ezezkoa bozkatu dabelako. PP taldea abstenidu egin da eta EH Bildu izan da Podemosen ekimenagaz bat egin dauen bakarra.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek osotasuneko zuzenketa-eskea planteau dabe, gai horren inguruko “gogoetak eta ekarpenak”, Batzar Nagusietan orain denpora gitxi eratu dan Herritarren Partaidetzaren Azterketarako Batzordean eztabaidatu daitezan. Batzorde horrek datorren martiaren 3an hasiko dau Batzarretan izango dauen ibilpidea, batzordea osotzeko saioagaz.