Foru Aldundiak %2 gehiago ordainduko deutsie OHZgaitik horren kudeaketea eskuordetu daben udalerriei
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur jakinarazo dauenez, Aldundiak “%2ko igoera lineala” aplikauko deutsie Ondasun Higiezinen Zergaren konturako ordainketan, hitzarmenaren bitartez tributu hori kobretea eskuordetu eben udalerriei. Igoera horren aplikazinoa “denpora gitxi barru” gauzatuko da, beharrezkoa dan foru aginduaren bitartez.
Foru diputatuak holan erantzun deutso EH Bildu taldeak Bizkaiko Batzarretako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean egin dauen ahozko erantzun-eskeari. Zigor Isuskiza koalizino abertzaleko batzordekideak, “udalei konturako sarrerak egiterakoan aurreko ekitaldiko erreferentziagaz jarraituko ete dauen, ala udal batzuek OHZren bidezko diru-sarrerak handitzea aurreikusten dabela hartuko dauen kontuan” galdetu deutso gaur goizean.
Aldundiak, Iruarrizagak erantzun dauenez, Eudelek Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluan joan dan urrian erakutsi eban “ardureari” erantzun behar deutso. “2017ko konturako entregak apliketako gugaz hitzarmena dauen udalerri bakotxari 2016ko ekitaldian izan eban diru-bilketa efektiboan %2ko igoerea aplikauko deutsagu”, esan dau.
EH Bilduk erantzun-eske hori egin dau, talde horrek gobernetan dituan udalen artean egin dauen “azterketak erakusten dauenez”, udalerriak, “%0tik %20ra” doazan OHZren diru-sarreren artean mobiduten diralako. Isuskizak diputatuari galdetu deutso zelango doikuntzak egingo diran diru-sarrera horreek Aldundiak marketan dauen %2 gainditzen badabe, horrek gure lurraldeko “100 udal baino gehiagotan” izan daikelako eragina. “Zelango doikuntzak egingo dira etorkizunean?”, galdetu deutso, katastroko balio eta zerga tasa barriak indarrean sartu dirala kontuan izanda.
Iruarrizagak adierazo dauenez, abenduko lurraldeko kontseiluan emon eutsen Eudelek gai horren barri udalerriei. Aldunditik udalerri guztiei zuzendutako igoera “orokorra” ezarri behar zan, udal bakotxaren barruko erabagiak “eztabaidetan hasi barik”. Datorren ekitaldian, “2017. urteko benetako diru-bilketan oinarrituta arautuko dau” Aldundiak egoerea, azaldu dauenez.
IRUZUR FISKALAREN INGURUKO TXOSTENA
Beste alde batetik, Talde Mistoak eskatuta, Ignacio Zubiri, Javier Fernández-Macho eta Mª Carmen Gallastegi UPV/EHUko katedradunek joan dan barikuan Batzarretan aurkeztu eben Ezkutuko ekonomia eta zerga-iruzurra, Euskadiko Autonomia Erkidegoan’ txostenaren balorazinoa egin dau Iruarrizagak.
Diputatuak eskertu egin dau unibersidadeko hiru irakasleen beharra, iruzur fiskala bere sailean “lehentasuna” dauen jarduketea dala azpimarratu aurretik. Txostenaren ondorioen artean, egileek eurek onartzen daben gauza bat aitatu dau, “oso gaitza dala iruzur fiskalaren erradiografia egitea”, eta pozik agertu da, Euskadiko ezkutuko ekonomia (%17koa, azterlanak erakusten dauenez), Europakoaren mailan eta Estadukoa baino 5,5 puntu beherago dagolako.
Horren ostean, agerraldia, txosteneko egileek gomendatzen daben moduan behatoki independentea sortzeko aukerea baloretan zentrau da. Puntu horregaz bat egin dabe EH Bilduk, Podemos Bizkaiak eta Talde Mistoak, adituen eta politikako eta gizarteko eragileen parte hartzea izango leuken hori iruzur fiskalaren kontrako burrukea “indartzeko” tresna egokia izango litzatekela uste dabelako. Iruarrizagaren eretxiz erakunde horrek “ez dauka zentzunik” behar hori iruzur fiskalaren jarraipenerako batzordeak egiten dauelako momentu honetan. Batzorde hori Euskadiko hiru Ogasunetako eta Lakuako Jaurlaritzako teknikariek osatzen dabe. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak bat etorri dira erakunde publikoak “bikoiztea” izango litzatekela esatean.
2016KO DIRU-SARREREN ITXIEREA
Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak 2016ko diru-bilketaren datuen gainean galdetu deutso Foru Aldundiari. Talde horrek adierazoten dauenez, datu horreek “argi eta garbi erakusten dabe ez dala bete” aurrekontuetan aurreikusitakoa. Diru-bilketan izandako jatsierea konpentsetako egin beharko diran “murrizketen” gainean be galdetu dau talde popularrak. PP taldearen eskariari Talde Mistoaren beste bat gehitu jako. Bertan, hemendik aurrerako diru-bilketen aurreikuspenetan “zuhurtziagaz” jokatzeko eskatzen zan, Trumpek Estatu Batuetako agintea hartu dauela edo Bizkaiko ekonomiarako funtsezkoak diran Europako herrialde batzuetan, Frantzian edo Alemanian, besteak beste, denpora gitxi hauteskundeak egingo dirala kontuan hartuta.
Diputatuak bere erantzunean diputatuak azpimarratu dauenez, urrian argitaratu zan 2016ko diru-bilketen azkenengo aurreikuspenari jagokonez, benetako datuek “oso ondo” joan dala erakusten dabe. Iraileko diru-bilketako datuakaz aurreikusitako "6.733 milioi euroen” aurrean, Bizkaiko Ogasunak, azkenean, "6.715 milioi” jaso ditu, hau da, betetearen ehunekoa “%99,7koa” izan da. Datu horreek “ez dagola 2017ko aurrekontua berregin beharra justifiketan dauen errazoirik” erakusten dabe, ekitaldiko hilebete bat baino igaro ez dan honetan. Hori bai, Aldundiak argi eta garbi dauka zeintzuk diran doikuntzak egin behar izan ezkero gainditu ezin daitekezan lerro “gorriak”: “gizarte arloko gastua eta zerbitzu publikoak”.