Batzar Nagusiek "urritasuna daben pertsonen" sailkapena aztertuko dabe, garraio publikoa ordaintzetik "salbuetsita" egon daitekezan ikusteko
Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordeak, EAJ-PNV, PSE eta Talde Mistoaren zuzenketa-eske transakzionala onartu dau gaur, “Fekoorrek egindako proposamenaren ostean, Tarifen Integrazinorako Batzordearen barruan urritasuna daben pertsonen edo eurakaz laguntzen doazanen sailkapenaren birtualtasuna aldatzeko, Metroan edo Bizkaibusean billetea ordaintzeko ondoreetarako salbuetsita egon daitezan”.
Hasiera batean, Talde Mistoak arauz besteko proposamena ekarri dau batzordera, garraio publikoan beherapenak daukiezan pertsona urridunen kolektiboa zabaltzea eskatzeko. Eskari horrek, Urritasun Fisikoa eta Organikoa daben Bizkaiko Pertsonen Federazinoak (Fekoor) egindako aholkua jasoten dau, Arturo Aldecoa batzordekideak azaldu dauenez.
Bere ekimenean eskaria egiten eutsan Aldundiari, Barik txartelaren erregulazinoa aldatzeko, Bizkaibusen eta Metro Bilbaon beherapenak jasoz “%33tik gorako urritasun fisikoa daukien pertsonentzat”. Gaur egun, Gizatrans billetea eskuratu ahal izateko, “%65eko edo hortik gorako” urritasuna eskatzen da. Halaber, jatorrizko ekimenean, mobikortasun urria daukien pertsonak laguntzen doazanek billetea “ordaindu behar ez izatea” be eskatzen zan.
Batzarretako talde guztiek, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiak izan ezik, onartu daben azkenengo testuak, Fekoorren ekimena Batzar Nagusietako Tarifen Integrazinorako Batzordearen barruan “aztertzearen” aldeko apustua egiten dau.
OGASUNEKO FUNTZIONARIO BAT IKERTUTA “12 DELITU” DIRALA-ETA
Batzarretako EH Bildu taldeak eta Talde Mistoak agerraldi eskaera bi sinatu ditue, Aldundiak emon beharreko informazinoa emon daian, Ogasuneko funtzionario bat datu pribaduen salmentea dala eta inputaua izan dalako. Urtarrilaren erdialdean komunikabideetan agertu ziran informazinoetan esaten zanez, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak “intimidadearen kontrako delitua” leporatzen deutso, 2006 eta 2011 urteetan norbanako biren datuen barri emon ebalako, talde biek gogoratuazo dabenez. Hori dala eta, sare batean izan dauen parte hartzeagaitik “16 urteko kartzelea” eskatzen jako.
Gai horri jagokonez, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andrea arratsaldean etorri da Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako batzordera, eta jakinarazo dau Aldundiak “gaur bertan” Foru Agindu bat bideratu dauela, “diziplinazko” espedientea zabalduz. Espediente horrek beharginaren egitekoak “behin behinekoz etetea” dakar, epaitegien ebazpen “irmoa” egon arte.
Bizkaiko Foru Aldundiak, gaur goizean emon dau pausu hori, Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren aldetik kasuaren baieztapen ofiziala jaso ostean. Epaitegi horrek ahozko epaiketea zabaldu dau, Ogasuneko funtzionarioak ustez egin dituan “12 deliturengaitik”. Batzarretako taldeek egindako galderei erantzunez, delitu horreek “hiru zigor moeta desbardinetakoak” dirala baieztu dau Bengoetxeak: sei, sekretuen barri emoteagaitiko delituak izango litzatekez, bost, intimidadearen kontrako delituak, eta beste bat eroskeria delitu jarraitua.
Bengoetxeak baieztu dauenez, pertsona horren inguruan barruko ikerketea egin zan 2012an, baina ikerketa horrek ez eban ezelango emoitzarik izan. Oposizinoko taldeek kritikau egin dabe hori, eta “arduratuta” agertu dira kasuaren “larritasuna” eta Foru Ogasunaren kontroletan “egon daitekezan akatsak” dirala-eta. Une honetan diputatu andreak “ez daki” funtzionarioari leporatzen jakozan ustezko delituak foru erakundeak orain bost urte ikertu ebazan berberak diran ala ez, baina orduan kasua artxibau egin zan, “une haretan ezelango arau hausteren ebidentziarik ez egoala ulertu zalako”, esan dau.
Diputatu andreak azpimarratu egin dau foru erakundea “ez dala” funtzionario batek ustez egin dituan irregulartasunen “arduraduna”. “Aldundiak bere esku dituan baliabide guztiak erabilten ditu holango deliturik gertatu ez daiten. Baina baten batek legez kanpoko zer edo zer egiten dauen unetik aurrera, egilea da arduradun bakarra”. Gainera, Bengoetxeak behin eta barriro esan dau Aldundiak “zergadunen datuak babesten dirala bermatzeko” mekanismoak dituala eta arlo horretan indarrean dagon legedia beteten dauela.
Aldundia auzian aurkeztuko ete dan galdetuta, Bengoetxeak denporea eskatu dau, gaur jaso dan jakinarazpen ofiziala aztertzeko. Aldundiak gertakarien barri izan ostean eskatu eban jakinarazpen hori. Diputatu andreak Ogasuneko funtzionarioak ustez kaltetu dituan pertsonak zeintzuk diran ez dakiela esan dau.