Aurreko Albisteak

Gordexolako umeek, Enkarterrietako Museoaren laguntzarekin, berreskuratu egin dute Karnestolendas izeneko ohitura.

Umeak mozorrotuta ibili ziren

Umeak mozorrotuta ibili ziren, oilarra eta oparitarako otzara eramanez

Enkarterrietako Museoak, Gordexolako Udalak eta Gordexolako Eduardo Eskartzaga Ikastetxeak Karnestolendas izeneko ohitura berreskuratzeko proiektua burutu dute. Otsailaren 20an, Aratusteko asteartean, berriz ere entzun ziren Gordexolako kale eta auzoetatik bertako umeen abestiak, urte askotan ahaztuta egon ondoren.

Azkenengoz 90 hamarkadan abestu zen, baina askoz ere lehenagorik zegoen galzorian. Gerra ZIbilaren amaiera izango zen lehenego kolpe gogorra, baina hala ere 40 eta 50 hamarkadetan iraun egin zuen ohitura horrek. Hortik aurrera galduz joan zen, eta 70 hamarkadan nabarmendu egin zen galera hori. Hortik aurrera, une jakin batzuetan baino ez zen abestu.

Tradizio hori berreskuratu eta Aratusteetako asteartean berriz ere abestu zen Molinar, Iratzagorria, El Pontón-Urarte, Zubiete eta Zaldu auzoetatik zehar, hau da, ia Gordexola guztian. Oso ekitaldi aberasgarria suertatu zen, hasiera baten uste baino gehiago, antolatzaileen esanetan. Beraz, arrakasta haundia izan dute, eta egun horretan euria egin arren (arratsalde guztian ez zuen atertu), auzokideak umeak abesten entzutera hurbildu ziren.

Ohiturari jarraituta, auzokideek arraultzak, odolosteak eta txorizoak eman zizkieten umeei, baita gailetak eta gaur egun ohikoagoak diren beste gauza batzuk ere. Umeak mozorrotuta ibili ziren, oilarra eta oparitarako otzara eramanez.

Eskualdeko berezko ohitura zena, berenberegi Gordexolakoa, berreskuratzea da proiektu honen helburua. Ohitura hori mendeetan zehar mantendu da eta hamaikatxo eskola-umek hartu dute horretan parte belaunaldiz belaunaldi. Abestiak dioen bezela “los niños que van a la escuela" antzinako ohiturari jarraitu eta Gordexolako auzo eta kaleetatik zehar abestuko dute.