ZUMAIAK GERNIKAKO ARBOLAREN BESTE OINORDEKO BAT IZANGO DAU GAURTIK AURRERA

  • Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak haretx sagraduaren ondorengoa landatu dabe Gernika parkean.


(Zumaian, 2022ko abenduaren 17an) Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Zumaiako Udalak Gernikako Arbolaren beste oinordeko bat landatu dabe gaur, Gernika parkean egin dan zeremonian, agintariak eta auzokideak bertan zirala. 

Eguerdiko 12:00etan egin dan ekitaldian, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta udal taldeetako ordezkariak izan dira. 3 metro altuerako 8 urteko haretx gaztea sartzeko lehenengo lur-palakadak bota ditue ekitaldi horretan.

Orain 30 urte, 1992an, Zumaian landatu zana gaixotasun batek jota hil zanez, Udalak Gernikako haretxaren beste oinordeko bat izan gura eban. Halanda ze, eskaria egin eutsen Bizkaiko Batzar Nagusiei, Arbolea jagoteko eta bost kontinenteetan zabaltzeko ardurea daukan erakundea diran aldetik.

Udalerriko puntu enblematiko batean, Urola ibaiagaz paraleloan dagoan oinezkoentzako pasealekuaren ondoan, Gernikako Arbolearen oinordeko bat izateko bere asmoa beteta ikusi dau gaur udalerriak. Ana Otaduik adierazo dauenez, “euskaldunen historian ondo errotuta dagozan sustrai sendoak ditu”. Bizkaiko Jaurerriko lehenengo Batzarrak hartzen ebazan haretxa, denporeagaz, “gu guztion sinbolo unibersalena bihurtu zan. Gure eskubide, askatasun eta bake nahien sinbolo kutuna”.

“Beheko Plaza” jubilauen abesbatzak abestutako “Gernikako arbola” abestiaren doinuak entzun aurretik, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak honako berba honeek esan ditu: “1987an jarri zion Zumaiako herriak Gernika parkea izena eremu horri, bonbardaketaren 50. urteurrenean. Urte asko pasa dira, baina gaur egun inoiz baino biziago daude Gernikak eta arbolaren harizpeak sinbolizatzen dituenak: arbola euskaldunon erabakien sinboloa bada, eta Gernika bakearena, harizpeak elkarrizketa irudikatzen du. Bada, elkarrizketa hori beharrezkoa dugu inoiz baino gehiago, euskaldunon artean zein munduan. Gernikako arbolaren landare honek balio dezala Euskal Herriaren erabakiak, bake nahia eta elkarrizketa balioan jartzeko.”