ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BISITA GIDAUAK ANTOLATU DITU “LANTEGIETAKO EMAKUMEAK. CADAGUA HARANEKO 11 FABRIKA” ERAKUSKETEA IKUSTEKO
- Aurretik museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) izena emon dabenek, gizaldi eta erdiz emakumeak Bizkaiko industrializazinoan bete eban leku garrantzitsu eta ahaztuan sakontzeko aukerea izango dabe irailaren 25ean eta urriaren 1ean.
- Enkarterrietako museoak azken urtean egin dauen “Lantegietako Emakumeak” ikerketa-lanaren parte da. Proiektu horrek argazkiak, produktuak, jantziak, industriako makinak eta Cadagua errekearen ibilgua bustiten eben lantegi hareen inguruko zuzeneko lekukotzak erreskatetan ditu.
(Abellanedan, 2022ko irailaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak hainbat bisita gidau antolatu ditu garagarrilean, urtea amaitu arte Enkarterriko zentroan dagoan “Lantegietako Emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” erakusketan sakontzeko. Bisitak irailaren 25arako eta urriaren 1erako antolatu dira, txanda bitan: 10:30ean euskeraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Jarduerea doakoa da, eta beharrezkoa izango da aurretik izena emotea museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) edo 94 650 44 88 telefonoan.
Erakusketea Enkarterrietako museoaren Emakume Langileak proiektuaren bigarren fasearen barruan dago, eta Bizkaiko industriari eusteko prozesuan emakumeek bete eben leku garrantzitsua nabarmenduko dau. Enkarterrietako museoak erakusketearen izenburu beragaz argitaratutako liburuak be apurtu egiten dau industria-munduaren protagonista bakarrak gizonezkoak izan zirala dinoan aurre eretxia.
Erakusketeak eta liburuak gizaldi eta erdi baino gehiagoz (XIX. gizaldiaren erdialdetik XX. gizaldiaren amaierara arte) herrialdeko industrializazinoan leku garrantzitsua bete eben Bizkaiko emakume guztiak aintzatesten ditue. Erakusketako materiala, gaur egun desagertuta dagozan Enkarterriko 11 lantegitako argazkiz, ilustrazinoz, produktuz eta makinaz osatuta dago. Euskadiko eskualde industrializatuenetakoa zan, eta lantegi horreetan emakumezkoek protagonismo handia eukien. Ehundaka lantegi, tailer eta industria-gune edegi ziran urteetan Cadagua harana osotzen daben udalerrietan. Erakusketan honeek agertzen dira: La Papelera, Lacabex Hermanos, Plaza Hermanos, Antonio Serrano y Plomos (lauak Zallan), La Encartada, Manufacturas Rodet y fábrica de Muebles (Balmaseda), Garsa (Gordexola), La Conchita (Sodupe) eta Rica Hermanos (Alonsotegi). Horreetan milaka emakume langile aritu ziran. Lantegi batzuetan, emakumeak izan ziran beharginen gehiengoa.
Erakusketeak, alde batetik, garai haretako egoera ekonomiko gogorra erakusten dau, eta, bestetik, eskualdeko industria-egiturea, bestetik. Egitura hori ez zan siderurgian bakarrik zentrau, papera, kaxak, jute- edo espartzu-zakuak, erretzeko papera, altzariak, txapelak eta hestebeteak be baegozan Enkarterriko ekoizpen-egituran. XIX. gizaldiaren amaieratik XX. gizaldiko 70-80ko hamarkadara bitarteko epealdia hartzen daben ehun argazki zahar baino gehiago horreek erakusketearen arimaren parte dira, gehienak eskualdeko bizilagunek eta hainbat kultur erakundek lagatakoak, azken horreen artean La Encartada fabrika-museoak. Argazkien bidez bisitaria industria-giro horretara eroateko espazioa, aitatutako lantegietan behar egiten eben emakumeak erakusten dituen Aline Soberonen hamaika ilustrazinogaz osatu da.
Erakusketan interes handiko industriako hainbat pieza be badagoz, horreen artean altzari tailer baten parte izan ziran XX. gizaldi hasierako hiru makina handi. Makina horreek (La Universal, Tupí eta Desgrosadora) Alberto Mardonesek laga ditu, eta Balmasedako tailerretan hainbat gizalditan erabili zan makina-moetaren adibide bikaina dira. Horreekaz batera, ekoitzitako pieza xumeak eta kontserbau diran dokumentu apurrak dagoz: Antonio Serranoren Fábrica de Papel de Fumar lantegiko XIX. eta XX. gizaldiko beharginen zerrendak edo Papelera Españolako ikasketa-liburuak.
Cadagua errekaren ertzean instalau ziran enpresek merkaduan arrakasta lortu eben objektu eta produktu ugari ekoiztu ebezan. Erakusketan 1950eko hamarkadan Plaza Hermanosek arropa lisatzeko egindako plantxak, Zallako tailer handi bateko zenbait etxetresna elektriko eta beste elementu sinpleagoak, baina oso ezagunak, erakutsiko dira, horreen artean “El Elefante” komuneko papera. Bitxia bada be, oraindino hainbat lekutan kontserbau egin da paper hori. Laneko fitxak, laneko jantziak eta Rica eta La Conchita harigintzako elementuak be jasoten dira
Lantegietako emakumeek, ikerketa-prozesuan zehar bildutako lekukotasunak biltzen dituen proiektua ikus-entzunezko bigaz osatzen da. Guztira, hogeta hamar personak, gehienak emakumezkoak, lantegi horreen funtzionamentuan, bizimoduan eta lan-baldintzetan sakontzeko aukera emon deutsie Enkarterrietako museoari.