ELORRIOKO HAINBAT BIZILAGUNEK EUREN HERRIAN EGUNEKO ZENTROA EDEGITEKO ESKATU DEUTSIE ALDUNDIARI
- Eguneko Zentroa Elorrion Orain kolektiboaren berbetan, Elorrio da holango zerbitzurik ez daben 7.000 biztanletik gorako Bizkaiko bi udalerrietako bat.
- Zugaztietako hainbat abeltzainek El Campillotik igoten dan errepidean animaliaren harrapaketarik ez egoteko prebentzino-neurriak eskatu ditue Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2024ko irailaren 17an). Elorrioko hainbat bizilagun Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordera joan dira gaur, euren herrian eguneko zentro bat edegitea eskatzeko. “Orain hilebete batzuk” sortu zan Eguneko Zentroa Elorrion Orain herri plataformako bozeroaleek Elorrion eguneko zentroa ezarteko eskatu deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari. Gizarte arloko babes “garrantzitsua” dauen errebindikazino “historikoa” da.
Josune Mazorriaga Mendizabal talde horretako ordezkariak hartu dau berbea Bizkaiko Batzar Nagusietan, hainbat taldek eta erakundek Durangaldean inoren beharra daben adinekoentzako eguneko arreta zentroa ezartea eskatzeko ekimenak aurkeztu dituela azaltzeko. Holan, Gizarte Ekintza Sailaren esku dagoan foru zerbitzu hori eskatzeko hainbat mozino onartu dira Udalean. Azkenengo ekintzea sinadura bilketea izan da. Bertan, “2.760 personak” –18 urtetik gorako Elorrioko biztanleen herenak– euren sinadurea emon eben zentroa instaletea eskatzeko.
Gaur egungo egoeran, eguneko zerbitzua eskatzen daben Elorriarrek Durangoko zentrora joan behar dabe. Bertaratutakoek salatu dabenez, atez ateko foru zerbitzua dagoan arren, bertara heltzeko garraioak “arriskuak” dakarz, erabiltzaileek “70 minutu arte” pasau behar dituelako autobusean, zentrora joateko eta gero etxera itzultzeko. Zerbitzu horreek arautzen dituan foru dekretuak jasoten dauenez, eguneroko arreta hori “ohiko ingurune hurbilenean” jaso behar da.
Elorrioko Udalak 2023ko martian aurkeztutako azterlan batek ondorioztatu eban eguneko zentro bat ezarteko eskaria “sendoa eta oinarritua” dala. Txosten horrek erakusten dauenez, udalerrian “2. eta 3. mailako menpekotasuna daben 126 persona dagoz”. 2022an persona horreen “% 88ak” adierazo eban zerbitzu hori erabiliko ebela Elorrion egongo balitz. Herritarren plataformearen eretxiz, datu horrek 30 plaza izango dituan eguneko zentro bat ezartearen “bideragarritasun soziala” bermatzen dau.
Bizkaiko Batzar Nagusietara joateko aurkeztutako idazkian oinarrituta, 7.000 biztanletik gorako herri “guztietan” eguneko zentroa dago, “bitan izan ezik”; salatu dabenez, horreetako bat Elorrio da, eta bestea Sopela.
ABEREEN HARRAPAKETAK ZUGAZTIETAN
Beste alde batetik, Zugaztietako abeltzain batzuek prebentzino neurriak ezarteko eskatu deutsie Aldundiari, Trapagako auzo hori eta El Campillo lotzen dituan errepidean animaliak ez harrapetako. José Antonio Quintana Linazaren berbetan, errepidea golf-zelaira eta udalerriko goiko auzoetara sartzeko edegi zanetik, ibilgailuek “40-50 animalia inguru” harrapau ditue, eta estadistika horretan ez dira kontuan hartzen basa-faunako animaliak. Ezbeharrak “etenbako” bihurtu dira, neurri handi batean ibilgailu askoren larregizko abiadurarengaitik. Gauez, batez be, egoerea larriagotu egiten da, bide hori “rally zirkuitu” bihurtu dalako, Quintanak deskribidu dauenez.
Errepide horretako tarterik gatazkatsuena El Campilloko biribilunearen eta Zugaztietako biribilunearen artekoa da, segurtasun neurririk ez dauen “erdi-autobia”, hain zuzen be. Horregaitik, abeltzainek argiak jartea eskatu dabe, gauez gehiago ikusteko, eta seinaleak eta pasabide goratuak instaletea, ibilgailuek abiadurea murriztu daien. Pasabide zinegetiko bat egokitzea be eskatu dabe.
Saio berean, abeltzainek Zugaztietako 500 eta 193 mendietan Larreak Antolatzeko eta Kudeatzeko Plana “atoan” aurkeztu daiala eskatu deutsie Aldundiari. Lur “publiko” hori hiru herritako partzeletan dago: Ortuellan, Trapagan eta Abanto-Zierbenan. Bertaratuek onartu dabenez, Foru Aldundiak baieztu egin deutse abeltzaintzako hainbat ustiategiren “1989. Urteko” eskaria dan plan hori “laster” aurkeztuko dala. Javier Ugarte Ortuellako abeltzainak behin betiko konponbidea eskatu dau barriro Trianoko mendietan larreak erabiltearen inguruko arazoaren aurrean.