ORTUELLAKO BIZILAGUN BATEK ADIF-EN JAUBETZAKOA DAN BERE ETXEBIZITZAREN ALOKAIRU KONTRATUA BARRITZEA EDO BERARI SALTZEA ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN
- José Luis Vázquezek eskaria egin dau Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean, Adifek, Ortuellako tren geltoki zaharrean dagozan etxebizitzen jaubeak, errentamendu kontratua amaitutzat emoteko asmoa aurrera eroan ez daian.
(Bilbon, 2023ko abenduaren 1ean). Ortuellako bizilagun bat Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen aurrera etorri da gaur, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren esku dagoan Adif erakundeak (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias), udalerriko tren geltoki zaharrean daukan bere ohiko etxebizitzaren errentamendu kontratua amaitutzat emoteko plana bertan behera ixtea eskatzera.
José Luis Vázquezek azken 30 urteetan etenik barik familiaren etxea izan dan etxebizitzaren egungo alokairu kontratua barritzea edo berari saltzea eskatu dau. Geltokiaren Etorbidearen eta trenbidearen plataformaren artean dagoan eraikina da. Trianoko trenbidearen geltoki lez eregi eta funtzionau eban, eta bost etxebizitzatan dago banatuta. Horreetako batean bakarrik bizi da jentea gaur egun. Ortuellako Udalaren ondasunen eta gune babestuen katalogoan adierazoten danez eraikina konserbazino-egoera txarrean dago. Katalogo horretan eraikina II. babes-mailagaz sailkatuta dago. Babes-maila hori, toki-administrazinoaren babesa merezi dauen garrantzi estrukturala, eraikitzailea, konpositibo-formala, historikoa edo adierazgarria daben baina ondasun kalifikau edo inbentariau lez adierazoteko moduko baliorik ez daben ondasunei agoke.
Bertaratutako herritarrak adierazo dauenez, kalifikazino hori gorabehera, “Adifek eraikina hustea erabagi dau, eta, ondorioz, etxebizitzak bertan behera itxi dira eta ingurua degradau egin da”. Esan dauenez, maizterrak izan dira itoginak, hezetasunak eta abar konpondu dituenak, ahal izan daben neurrian. “Nire familiak eta nik errentamenduan behin eta barriro ezarri deuskuezan igoerak onartu doguz, baina uste dogu Adifek gurago dauela gu botatea eta eraikina jausten ixtea, goitik behera barriztetean inbertidutea baino”, azaldu dau.
Ortuellako udal arkitektoak txostena bialdu eutsan Adifi 2019an, eta, bertan, eraikinaren EITa egin behar zala eta ha segurtasun-, osasungarritasun- eta apaindura publikoko baldintza onetan kontserbau behar zala adierazo eban. Hori dala eta, barriztetako obrak egitea eskatu eban, ondasunen katalogoan babes-kategoria eta -mailei buruz xedatutakoa betez.
Ortuellako bizilagunaren erreklamazinoa entzun ostean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak adierazo dabe euren esku dagoan informazinoagaz ezinezkoa dala erantzun garbirik emotea. Hori dala eta, informazino gehiago eskatu deutsie agertutakoari. EH Bilduk iragarri dauenez, Jose Luis Vazquez Zubillagaren eskaerearen barri izan ostean, Senaduan galdetu dau, Adifen erantzuna ezagutzeko. Eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek eskaerea kontuan hartu dabe eta euren taldeak eskaini ditue egoerea argitu daiten, gai horrek Batzar Nagusietan lekua izatea argi euki ez arren.