GERNIKAKO ARBOLAREN BESTE OINORDEKO BAT ARI DA HAZTEN HRADIŠTKON (TXEKIAR ERREPUBLIKA) NAZIEN KONTZENTRAZINO ESPARRUETAN HILDAKO PERSONAK OHORATZEKO

  • Busturiako Udalak eta Txekiako esparru nazietan erbesteratu eta desagertutako personen senideek eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek oinordeko bat bialdu dabe Pragatik gertu dagoan HRADIŠTKO herrira, Anjel Lekuona gudariaren gorpuzkiak aurkitu ziran lekutik hur landatu daiten.


(Bilbon, 2025eko apirilaren 17an). Anjel Lekuona Gerra Zibilaren ostean Frantzian erbesteratu zan, Gestapok atxilotu eban eta Alemaniako kontzentrazino-esparruetara deportau eben Busturiako gudari gaztea izan zan. 1945eko jorrailaren 9an Txekiar Errepublikako Hradištko herriko azpi-eremu batean erail eben beste deportau batzugaz batera. Hainbat hamarkadatan bila ibili eta gero, Pragatik hur dagoan herri horretan topau ebezan gorpuzkiak, persona horreen omenez Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatu dan lekuan. 

Busturiako Udalak, nazien eremuetara deportautako personen senideek, nazismoaren biktimek eta Bigarren Mundu Gerraren garaiko memoria historikoaren azterketan sartuta dagozan hainbat taldek lagunduta, Bizkaiko Batzar Nagusietara jo eban orain hilebete batzuk, Batzar Nagusietako Lehendakaritzari zuzendutako idazkian adierazo ebanez “gerraren kontrako eta askatasunaren aldeko sinbolo unibersal ezagunenetakoa” dan Gernikako Arbolaren oinordeko bat eskatzeko.

Gutunean, Udalak azaldu eban 2022an lantalde batek, besteak beste Lekuonaren ondorengoek osotua, hainbat hamarkadatako bilaketaren ostean, senitartekoaren gorpuzkiak lurperatuta egozan lekua aurkitu ebala. Haren gorpua, beste askorenagaz batera, Praga uriko errausketa-labean erraustu eben. Agintari nazien aginduari entzungor eta bere bizia jokoan jarrita, errausketa-labearen administratzaileak, Frantisek Suchyk, ez ebazan Lekuonaren errautsak bota, ezta bere esku artera iritsi ziran ia 2.000 biktimenak be, hautestontzi indibidualetan itxi, zenbakitu eta ezkutau ebazan. Hautestontzi horreen artean egoan Busturiako bizilagunarena. 

Suchyren erresistentzia indibidual heroikoari esker, familia askok bere irudia ohoratzeko erantzukizuna eta esker ona sentiduten dabe. Gertakari horreen inguruko ekimen ugari bultzatzen ari dira, eta gaiari buruzko dokumental bat be grabau da, Gernikako Filmak ekoiztetxeko Oier Plazak zuzendua. Busturia, ekimen horreekaz modu aktiboan bat egin nahian, Pragatik oso gertu dagoan Hradištko udalerriagaz senidetu da (kontzentrazino-esparrua bertan egoan). 

Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 80. urteurrenagaz bat etorrita, Busturiako Udalak Txekiako herrian jorrailaren 15ean antolatu diran ekitaldietan parte hartu dau. Jardunaldian, Lekuonaren senitartekoek lehenengo paladak emon ahal izan ditue Bizkaiko Batzar Nagusiek Pragako Frantisek Suchy izena daukan plazan landatzeko emon daben Gernikako Arbolaren oinordekoa landatzeko.