GERNIKAKO ARBOLAREN BESTE OINORDEKO BAT SUSTRAITU DA VENEZUELAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak, Ana Otadui Biterik, Arbolaren oinordeko bat emon deutso Venezuelak Bilbon daukan Kontsuladu Nagusiari. Alea landatuta dago daborduko, Hego Amerikako herrialde horretan.
     
  • Caracaseko Eusko Etxeak egin eban eskaerea.

 

(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 17an). Gernikako Arbolaren azken oinordekoa asteon landatu dabe, Waraira Repano parke nazionalean (“El Ávila” izenez ezaguna). Alea orain dala egun gitxi eroan eben Caracasetik, Venezuelako uriburutik, oso hurreko leku horretaraino. Aurretik Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak emon eutson, Bilbon, Venezuelak Bizkaiko uriburuan daukan kontsulari, Glenna del Valleri.

Hego Amerikako herrialde horretako ordezkariak eta Caracaseko Eusko Etxearen lehendakariak, Ibane Azpiritxagak –harengandik dator eskaerea–, eskutitz baten bidez adierazo eben arbolaren oinordekoa landatzea “gure herrien arteko anaitasunezko loturen ondo merezitako autortza” dala, “eta lurralde hau –Venezuela– euren gogoko Euskal Herria bezainbat maitatzen ikasi eben aitita-amamen aldeko omenaldi zintzoa”.

Oinordekoa landatzeko kokapena ez da ausaz aukeratu. Aitatutako parke nazionala aukeratu zan klima epela eta lur emonkorra daukazalako, haretx ofizialak foruen uribilduan daukazanaren antzekoak. Ganera, Waraira Repanok sinbolismo berezia dauka. Caracasen zein Guaira Estaduaren bista daukan mendi-lepo baten dago. Guairan dago, hain zuzen, milaka euskal herritar, etorkizun hobearen bila, XX. mendean ailegau ziran itsas portua.

Bere historian zehar, foru-kamareak Gernikako Arbolaren 450 oinordeko baino gehiago banatu ditu. Antxinakoena, hondino bizirik, Gernikako Batzar Etxetik oso hurbil dago. 1859koa da, eta Nabor izenagaz ezagutzen dan higiezineko lorategian hazten dabil oraindokorren. Kanpoan, haretxik zaharrena Rosarion dago, Santa Fén (Argentina), eta 1886koa da. Foru-kamareak espero dau oinordekorik gazteena, asteon “El Ávila” eremuan landatu dana, indarrez haztea, bakearen eta bizkidetzaren ikur lez, eta hamarkada askoan haziak banatzea Hego Amerikako lurretan.