BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO BARDINTASUNERAKO TALDE BARRIAREN LANEKO BILEREA

  • Bardintasun-neurriak garatzeko eta ezarteko barrutik behar egiten daben personen taldeak 2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planean jasotako ekintzak zelan bete diran aztertuko dau.

 

(Bilbon, 2024ko maiatzaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, igazko urritik Bardintasun Taldeko kide diran personak batu ditue gaur Bilboko egoitzan. Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasunerako II. Planaren ezarpena monitorizetan hilebeteak daroazan taldea da.

Gaurko saioan, bardintasun planaren jarraipenari buruzko urteko azken hiruhilekoko txostenaren barri emon da. Jaso diran ekimenen artean paritateari jagokonez aurreikusitako helburuak beteteko martxan jarri diran jarduerak dagoz. Planaren ezarpen mailea “ona da eta 2024an plan operatiboa ezarteko bidea marketan dau”, ziurtatzen da txostenean. Horrez gain, bileran “Bardintasunean berba egiten” zikloaren hurrengo jardueran eta prestakuntzearen eta kontziliazinoaren arloan Bizkaiko Batzar Nagusien beharrak identifiketan be egin da behar.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. 

Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.