REMENTERIAK SESTAO ETA AREETA ARTEKO METRO LOTUREA IRAGARRI DAU, ITSASADARRAREN AZPIKO TUNELETIK, ANEZKA BATEN BIDEZ
- Tunel “multimodal” barria 2028an jarriko da martxan, 600 milioi euroko inbertsino “orokorraren” ostean.
- Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak legegintzaldiaren kudeaketaren balantzea egin dau Gernikan egindako Lurralde Politika Orokorreko Osoko Batzarrean, eta barrikuntzak aurreratu ditu Guggenheim museoa Gernikara zabaltzean eta bizikidetza-unidadeen ereduaren hedapenean.
- Oposizinoak fiskalidadearen erreformea eskatu dau.
- Gaurko osoko batzarrak datorren eguaztenean, urriak 5, jarraituko dau, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztuko dituen ebazpen-proposamenen eztabaideagaz.
(Gernikan, 2022ko irailaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Politika Orokorreko Osoko Batzarra egin dabe gaur Gernikako Batzar Etxean. Bertan, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak “plus” bat iragarri dau “oraintxe bertan eraikuntza-proiektuaren erredakzinoa hasteko fasean dagoan” eta Metro Bilbaoren 1. eta 2. lineak lotzeko balioko dauen itsasadarraren azpiko tunelarentzat. Trenbide-proiektua “multimodal” bihurtuko da, anezka-tren baten bidez Sestaoko eta Areetako geltokiak lotzeko.
“Lurraren orografia dala eta” batez be, garraio publikoko linea bat bertan sartzeak beragaz ekarri dauen “erronkea” handia izan dan arren, Rementeriak aurreratu dauenez, teknikariek “soluzino bat” aurkitu dabe 2.600 metroko lurpeko trazaduraren ganean, “metro horreetatik 300 tunelagaz batera joango diran tarteagaz”, esan dau. Kalkuluen arabera, trenbide-konexino barriak “5.000 erabiltzaile mobiduko ditu egunero, eta “20 minututan” murriztuko dau orain geltoki biak San Inaziotik lotzeko behar dan denporea.
Rementeriaren berbetan, itsasadarraren azpiko proiektuaren hobekuntza horrek “ez dau eraginik izango eraikuntza lanetarako aurreikusitako erritmoetan”. Tunela “2028rako” egongo da martxan, bai ibilgailuentzat, bai trenentzat. Aurrekontua aldatu egingo da, 185 milioi gehiago inbertitu beharko diralako, “600 milioiko azken inbertsino orokorragaz”.
Rementeriak esan dauenez, proiektua “Bizkaiko saihesbide handia izango da, Supersurragaz batera”. Tunelak, batez beste, 51.000 ibilgailu hartuko ditu lanegunetan, eta 18.000 ibilgailu baino gehiago aterako ditu La Avanzadatik, 14.000 Max Centerreko zuzengunetik eta 35.000 Arrontegiko zubitik bertatik”, zehaztu dau.
Hau aurrerapen “garrantzitsua” da mobikortasunaren arloan, “aurreikuspenak beteten badira urriaren 17an” metroa Galdakaora eroateko Eusko Jaurlaritzagaz sinatuko dan finantzaketa-hitzarmenagaz batera. “Astebete geroago, obren hiru tarte lizitauko dira” iragarri dau.
Garraio azpiegiturakaz jarraituz, Rementeriak iragarri dauenez “datorren Aste Santuan” zabalduko da Supersur eta AP-68 errepideen arteko loturea. Egun gitxi barru (urriaren 1ean) autobide horretan –AP-68– gastu-mugea ezarriko da (34,55 euro hilean gehienez Bizkaiko joan-etorrietarako eta 50,54 euro Arabakoetarako). Horrez gain, “Sollubeko mendate barrian” lan egingo da, trazadura barria eginez Bidebietako biribilgunetik. Trazadura barri horretan tunel bi egongo dira, bata 315 metrokoa eta bestea 130 metrokoa.
Modu berean, La Avanzada estaltzeko lanek 4.132 metro karratu berreskuratuko ditue Leioan. Egikaritzeko 41 hilebeteko epea eta 65 milioiko aurrekontua daukazan proiektuan, eguzki-panelak eta egungo zarata-mailea bajetako hobekuntzak sartuko dira. Eta, azkenik, Markinako saihesbideak “aste batzuk barru” izango dau proiektua. Lanak 2023ko irailean hastea aurreikusten da. 27 milioi euroko inbertsinoa egin ostean, 2026ko udarako prest egongo litzateke.
Bizikletea izango da mobikortasun barriaren beste mugarrietako bat legegintzaldi honetan, Zornotzako eta Durangoko “bizipistak” martxan jarriko diralako. Abenduan, prest egongo da Erandio eta Barakaldo arteko zubia eregiteko proiektua, 2024. urtean errealidade izan daiten, eta, aldi berean, Bilboko itsasadarreko bulebarraren proiektua idatziko da.
GUGGENHEIM, BIZIKIDETZA-UNIDADEAK ETA FISKALIDADEA
Bigarrenik, ordubete iraun dauen berbaldian, Rementeriak Guggenheim zabaltzeko proiektuak lurraldearentzat eta, batez be, Urdaibaiko eskualdearentzat, dauen garrantzia gogorarazo dau, “ontziolea eraikin ikoniko bihurtuz”, “co2 emisio bako” eraikina, hain zuzen be, azpimarratu dau. Espazio barriak “gehieneko bisitari-kopuru bat” izango dauela eta “urteko hilebete jakin batzuetan” baino ez dala zabalduko adierazo ostean, Rementeriak baieztu dauenez, “bost hilebeteren buruan” “arkitektura-, ingurumen- eta paisaia-pleguaren gitxieneko oinarriak” izango ditu, eta lan horretan “ospe handiko nazinoarteko taldea” ari da. Datozan hilebeteetan, “Espainiako Gobernuak agindutako 40 milioiko ekarpena ixtea” espero dau Aldundiak.
Eta beste “barrikuntza garrantzitsuetako” bat, legealditik geratzen dan honetan trantsizino soziosanitarioan aurrera egitea izango da. Azpiegiturak-en adinekoentzako zortzi azpiegitura alkarbizitza-unidade bihurtuko dira Bizkaian, Zamudioko zentrotik hasita. Zainketen trantsizino-planak zentro barriak eregitea barne hartzen dau, bat Sestaon eta beste bat Durangaldean, eta horreetako bakotxean 120 plaza barri, 18,4 milioi euroko inbertsinoa egin ostean. Halan, datorren urterako 1.200 plaza egongo dira unidade txikiago horreetan. Fase honetan, beharginentzako prestakuntza-zikloak eta ikuskapen-plan berezi bat sustatzea aurreikusten dau Aldundiak.
Eta EtxeTIC proiektuaren barruan, etxean laguntza teknologikoa behar daben personei laguntzeko zentro gehiago eregiko dira, Zallan, Mungian, Basaurin eta Markinan, hain zuzen be. Zentro horreek Bilbon eta Etxebarrin martxan jarritakoei gehituko jakez. “2023ko lehen seihilekoan Zallakoa jarriko da martxan, eta bigarren seihilekoan Mungiakoa eta Basaurikoa”. Asistentzia-eredu barri horri erantzuteko, “ia 500 profesionalek euren gaitasuna hobetu dabe azkenengo urtean”.
Bere berbaldiaren bigarren zatian, Rementeriak “asko” egin dala gogoratuazo dau. Bere berbaldian tartea gorde dau Aldundiak bultzatutako beste proiektu handi batzuetako aurrerapenak gogoratuazoteko, horreen artean Bizkaia Torrea eta talentua eta ekimena sustatzea, AICren laugarren fasea “laster” zabalduz eta proiektu horretan “barrikuntza garrantzitsua” izango dan tren arloko industria sartzea.
Ahaldun nagusiak fiskalidadeari esker bizitzaren igoerea “lauren batean” neutralizetako Aldundiak egin dauen ahalegina be aitatu dau. “5,5 puntu deflaktetea eta errenta txiki eta ertainei 200 euroko kenketea egitea posible egiten dabe”, eta autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei 330 milioi baino gehiago kobretea atzeratzea. Neurri fiskal barririk zehaztu barik, “datozan asteetan zehaztuko dirala” esanez, Rementeriak “gehiagoren bila goaz” ohartarazo dau. “Aldundiaren ahalegin guztia eta helburu horren zerbitzura dagoan fiskalidadea eskeintzen ditut. Geratzen diran inflazino-puntuak baretzeko ahaleginean. Urte honetarako eta hurrengorako.”
Udalen finantzaketeari jagokonez, Rementeriak Udalkutxa funtsaren aparteko 80 milioiak eta inbertsinoetarako funts bereziaren beste 52 milioiak aitatu ditu. Toki erakundeek jasoten dituen inbertsinoen artean, banda zabala zabaltzeko ahalegina gogorarazo dau Rementeriak. “Gure aurreikuspenak beteten badira, 2023aren amaieran Bizkaiko etxebizitzen % 99,53k Interneterako sarbidea izango dabe”, esan dau.
Ingurumenari jagokonez, ahaldun nagusiak Energy Intelligence Center ekarri dau gogora. “2023ko lehen hiruhilekoan” jarriko da abian eraikinaren egoitzea, baina daborduko 80 erakunde ari dira beharrean hidrogenoaren inguruko proiektuan. Beste “60 erakundek” EICn, horren alderdi elektrikoan, ari dira daborduko beharrean, definiduta dagozan 120 proiektugaz.
Bizkaibusek “errealidade barrira” moldatzen jarraituko dau, material mobikor jasangarriagoa erosita. 2023ko lehen hiruhilekora arte, 6 autobus elektriko eta 28 hibrido sartzea aurreikusten da. 2023ko bigarren hiruhilekorako, flotaren % 25ak motorizazino hibridoa edo elektrikoa izango dau. Ingurumen-politika horren barruan, Aldundiak Energiaren Jarduerarako Plan Orokorra egiteko konpromisoa hartu dau.
Rementeriak eskerrak emonez hasi eta amaitu dau bere berbaldia. Ilusinoaren aro barriari hasierea emonez Fitok San Mamesen emon eban kontzertua gogora ekarriz hasi da, eta martxan jarritako proiektuengaitik talde osoari eskerrak emonez amaitu dau, “min emoten deusten” salbuespen bigaz: Lekeitioko labar-artearen zentroa eta Bilbo efektua itsasadarreko herrietara hedatzea. Hurrengo legegintzaldia, Aldundia funtsezko parte izan dan ilusinoz betetako proiektu bategaz hasiko da, Frantziako tourraren etorrerea, “300 milioi lagunek gu ikusi eta ezagutzeko aukera parebakoa”.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK ETA URRIAREN 5EKO HURRENGO OSOKO BATZARRA
Ordubeteko etenaldiaren ostean, barriro hasi da osoko batzarra, Batzar Nagusietako taldeen erantzunakaz. Eduardo Andrade Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko bozeroalea izan da atrilera igoten lehenengoa, eta Aldundiaren proiektu nagusiak, Bizkaia Torrea ekintzailetza-zentroak, ekarri dauen “erridikulua” gogorarazo dau. Beste alde batetik, Andraderen eretxiz, Rementeriak “obra handiez egin dau berba”, baina beste batzuk ahaztu egin ditu, horreen artean Errekaldeko bide-zubia, ibilgailu astunentzako bidesaria edo “lagundu bako adin txikikoen arazoak”. Kontrara, poztu egin da Foru gobernuaren “zuzenketa” batzuekaz, familia ugarientzako OHZn edo PFEZren deflaktazinoan. Ildo horretan, zergak bajetako ahalegin handiagoa eskatu dau, zerga-erreforma baten bidez; izan be, “horretarako tartea dago”, diru-bilketea handitu egin dalako. Abuztura arte, “509 milioi euro gehiago” batu ziran. Aldaketa fiskalen artean, bere taldea Ondarearen ganeko Zergea kentzearen alde agertu da, daukan “konfiskazino” izaerea dala eta.
Beste alde batetik, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroalea, “politika barria” ezartearen alde agertu da, jenteari segurtasuna emoteko, eta iraganeko “dogma, eskema edo errezeta zaharrak” baztertzearen alde. Rementeriaren esku-hartzea “enpresa baten administrazino-kontseju baten aurrean” egiten dan balantzeagaz alderatu dau, Bizkaiko herritarrentzako hobekuntzak Europatik eta Estaduko Gobernutik ari dirala etorten alde batera itxita. Bere berbaldian, Foru Gobernurako norabide-aldaketea eskatu dau, ekonomiaren eta enpleoaren arloan, klima-larrialdiaren kontrako burrukan, eta garraio publikoan eta bizitegi-ereduan jarduketarako ardatz barriak ezarriz. Fiskalidadearen arloan, De Madariagak zerga-erreforma bat eskatu dau, zergak jentearen zerbitzura egon daitezen. Erreforma hori atzeratzen ari da “atxaki moduan analisia jarrita”.
Euskal Sozialistak Taldetik, Juan Otermin bozeroaleak Aldundiaren gobernu-ekintzea defendidu dau, eta “nondik murriztu esan barik” zergak bajetea eskatzen dabenak kritikau ditu. Egungo egoera ekonomikoan, “arrazoizko” proposamenak egingo dituan “akordio politikoa” eskatu dau. Izan be, lankidetza hori “ona da herritarrentzat, erakundeentzat eta politika onarentzat”. Krisi ekonomikotik lehenbailehen urteteko “alkartzea” eskatu deutse Oterminek gainerako alderdiei, “txarrena pasau dala” eta “suspertze” aroan gagozala uste dauen arren. Gerra bat eta horren ondorioak etorriko zirala inork ezin ebala imajinau adierazo ostean, “diagnostiko zuzena” egin dala, eta Espainian, Euskadin eta Bizkaian “egoera hori gainditzeko beharrezko erantzunak” emon dirala uste dau, “kogobernantzaren” ereduari balioa emonez.
Bea Ilardia EH Bildu taldeko bozeroalearen ustez, Foru Gobernua, barriz, “itxaropenik bako gizartea” sustatzen ari da, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri “aringarriak” ezarriz. Ilardiak, lehenik eta behin, klima-aldaketaren kontra burrukatzeko ekintza faltea azpimarratu dau. “Ez da zuen lehentasuna”, esan dau. Holan, azpiegitura hidraulikoak Bizkaia osora zabaltzea proponidu dau, Aldundiak, guzti hori Ur Partzuergoaren bitartez egiteko erabilten dauen “xantaia” alde batera itxita. Gainera, klima-aldaketaren kontrako burrukan “proaktiboagoa” izateko eta fiskalidadean aldaketak egiteko eskatu dau, aberastasuna hobeto banatzeko; izan be, diru-bilketea positiboa izaten ari dan arren, beharginek jasaten dabe. Beste alde batetik, azpikontratautako enpresetako lan-baldintzak kontroletako eskatu dau EH Bilduko batzarkideak, eta legegintzaldi honetan gizarte-zerbitzuek hobera egin ez izana kritikau dau. Azpiegitura barriak sortzeari jagokonez, Ilardiak gogor kritikau dau metroaren linea biak lotzeko egin behar dan milioi askoko inbertsinoa, lotura hori daborduko badagolako San Inazion, eta metroaren 4. lineari lehentasuna emoteko eskatu dau. Aldiz, “albiste ontzat” jo ditu Galdakaorako linea bultzatzeari buruzko iragarpena eta Bizkaiko 113. udalerria (Usansolo) sortzeko laguntzea.
Azkenik, Jesús Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, enpleoaren sorrera eta zerga-bilketaren hazkundea azpimarratu ditu. Bi urtetan –2020ko abuztutik 2022ko abuztura– 17.400 persona gitxiago dagoz langabezian. “Baietz esaten deutsagu benetako borondatea daukien akordioetan oinarritutako kudeaketeari”, bai eta EtxeTIC proiektuan inbertitzeari be, “adinekoek euren etxeetan bizi gura dabelako”. Baietz, baita be, Urdaibaiko Guggenheim museoari, kultur arloan “aldea markauko dauelako”, metroaren 1. eta 2. lineak lotzeko itsasadarreko ibaipeko inbertsinoei, Sollubeko mendatearen hobekuntzari eta Markinako saihesbidearen eraikuntzari. Sozialisten moduan, bere taldean Bizkaia hobetzeko balio daben proiektuetarako “akordiorako prest” dagozala adierazo dau bozeroale jeltzaleak.
Eztabaidea amaituta, bost taldeek 48 orduko epea izango dabe ebazpen-proposamenak aurkezteko. Proposamen horreek urriaren 5ean, eguaztenean, eztabaidatuko dira. Batzar Nagusietako Mahaiak bilerea egin beharko dau Ahaldun Nagusiak gaur mahai gainean jarri dituan gaiakaz zerikusia daukien ebazpen-proposamenak onartu aurretik.