GERNIKAKO ZUGATZAREN BESTE OINORDEKO BAT LANDATU DABE ARESPALDITZAKO ALDAY EGOITZAN
- Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ana Otadui Biteri, haretx gaztea landatzeko ekitaldian egon da, Gernikako bonbardaketearen 87. urteurrenaren bezperan.
- Ekitaldia Arabako Aiarako egoitza horretatik igaro diranentzako omenaldia izan da. Egoitzako zuzendaritza-taldeak, beharginek, egoiliarrek eta senideek ezeze, Arabako Lurraldeko kargudun instituzionalek be parte hartu dabe ekitaldian; berbarako, bertako parlamentuko presidenteak, Irma Basterra Ugarrizak; Berrikuntzaren, Kudeaketa Sistemen eta Ebaluazioaren zuzendaria, Iñaki Artaza Artabe; eta Aiarako alkateak, Pruden Otegi Etxebarriak.
(Arespalditzan, 2024ko apirilaren 25ean). Gaur, ehun urtetik gorako Gernikako Zugatzaren sinbologia nagusi izan da Arespalditzan (Aiara), Alday egoitzan oinordekoa landatu danean. 8 urteko haretx gaztea landatzeko ekitaldia Alday Fundazinoko zentro horretan urteetan eta urteetan arretea jaso daben edadekoentzako omenaldia izan da azkenean, eta autortza hori bertako beharginentzat eurentzat be izan da, aldi berean. Erakundea Luisa eta Francisco Alday Icabalcetak sortu eben orain dala 120 urte baino gehiago, Arabako udalerri horretan eta ingurune hurbilenean premina gehien eukiezan edadekoei laguntzeko asmotan.
Ekitaldian, zentroko beharginek, egoiliarrek eta senideek ezeze, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui Biterik be parte hartu dau, baita Arabako honako kargudun instituzional honeek be, besteak beste: bertako parlamentuko presidenteak, Irma Basterra Ugarrizak; Berrikuntzaren, Kudeaketa Sistemen eta Ebaluazioaren zuzendaria, Iñaki Artaza Artabe; eta Aiarako alkateak, Pruden Otegi Etxebarriak.
Geldialdi biologikoko azken ziklo honetan landatuko dan Gernikako Zugatzaren azken oinordekoak ganerako guztien izatasunari eusten deutso. Gernikako bonbardaketearen 87. urteurrenaren bezperan, Otaduik nabarmendu dauanez, “gure historiarentzat eta gure zugatzarentzat hain egun sinbolikoa” dala kontuan hartuta, Araiako bailarako lekune arabar honetan landatutako oinordeko gaztea “gure herriaren, euskal askatasunen, eskubide historikoen eta bake-irrikearen ikur eta ikono unibersala” da.
Alday egoitzako lorategietan landatu ostean, oinordekoa “egoitza honetan bizi diran guztien eta, zoritxarrez, gure artean ez dagozan guztien oroimen historikoaren parte” izango da, Otaduik iragarri dauanez. Horrezaz ganera, “urteen joan-etorrian egoitza honetan arretea jaso daben guztientzako omenaldia be bada, baita euren jagoleentzakoa be”, nabarmendu dau. Ekitaldian bertan, zentroko erabiltzailea izandako Conchi Elorzaren senideek oroitzapen berezia euki dabe, haren oroigarri.
97 urte eukazala urtarrilean egoitzan hildako Elorza bera, hain zuzen be, bihar 87. urteurrena beteten dauan Gernikako bonbardaketako bizirauleetakoa izan zan. Conchiren senideek ekitaldian gogoratu dabenez, oinordekoa landatzea otu jaken, andra “ausart, ekintzaile eta askatasun-zale” horri bihotz-bihotzeko omenaldia eskaintzeko. Gero, egoitzak berak abian jarri zanetik zentrotik igaro diran guztiei be eskaini gura izan eutsen omenaldi hori, bertako beharginei nahiz erabiltzaileei, hain zuzen be. Ganera, Conchi gure artean ez dagoanez, orain Laudion bizi dan beraren ahizta Maite da 1937ko apirilaren 26 haretan hegazkin faxistek egindako bonbardaketako biziraule arabar bakarra.
Landatutako alea Gernikako Zugatzaren oinordekoa dana ziurtatzen dauan agiri ofiziala emon baino lehen, Otaduik edadekoen zentroko erabiltzaileei eskatu deutse oinordekoa “arreta eta maitetasun handiz” jagon daiela. “Haren gerizpeaz eta babesaz gozau hurrengo urteetan, eta haren indarra zein sinbolismoa sentidu”, adierazo dau amaitzeko.
Bere historian, Foru Kamareak Gernikako Zugatzaren 450 oinordeko baino gehiago emon edo landatu dauz. Oraindokarren bizirik dagoan beteranoena Gernikako Batzarretxetik hur-hur dago. 1859koa da, eta Nabor izenez ezagutzen dan eraikineko lorategian hazten da hondino. Kanpoan, barriz, haretx antxinakoena Argentinako Rosario de Santa Fen dago, eta 1886koa da. Foru Kamareak espero dau Aiarako bailaran landatutako erroko oinordeko gazteenak bere arbasoen lorratzari eustea eta, “bakearen zein alkarbizitzearen adierazgarri, indartsu haztea”.