BIZKAIKO EGOITZETAN GAUEKO ARRETAN RATIO HOBEAK IZATEA ETA GRUMERANEKO MENDIEN ANTOLAMENDUAN PARTE HARTZEA ESKATU DABE

  • Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Barakaldoko Vitalitas Bagatza eta Miranda Fundazinoa egoitzetako egoiliarren senitartekoen eta Trapaga eta Ortuella goikaldeko abeltzainen eskariak entzun ditu gaur.
     

(Bilbon, 2022ko irailaren 30ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Barakaldoko adinekoen egoitza bietako (Vitalitas Bagatza eta Miranda Fundazinoa) egoiliarren ordezkarien eta Zugaztietako abeltzainen ordezkariak hartu ditu gaur. Azken horreek gatazka historikoa daukie Foru Aldundiagaz, larra-eskubideak dirala eta.

Lehenengo eta behin, Grumeraneko mendietako abeltzainen hiru ordezkarik azaldu dabenez, Aldundia ez da “ezertarako” jarri eurekaz hartu-emonetan, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Foru Saila Grumeraneko mendien antolamenduari buruzko azterlana egiteko emoten ari dan pausuetan. José Antonio Quintanak esan dauenez, “ez gara bape fietan”, kontuan harturik zelan dabilen Aldundia egiten “200 hektarea baino gehiago” onura publikoko mendi bihurtzeko azterlana. “Ez dabe esaten” zer egingo dan inguruko abeltzainek “eskrituretan 1800. urtetik onartutako eskubideetan” oinarrituta abereak larratzeko erabilten dituen “ganerako hektareakaz”, azaldu dau. Quintanak eskatu dau “urtenbidea alderdi guztiakaz adostu eta partekatzeko”.

Inguruko abeltzainen ordezkariak adierazo dauenez, eurak “konforme” dagoz mendia arautzeagaz, baina daborduko Aldundiagaz dozena erdi auzi eragin dituan antolamendu horretan “danok parte hartzea” eskatu dau. “Zazpigarren epaiketara goaz”. Javier Ugarte abeltzainaren esanetan, gatazka horrek “800.000 eurotik gorako” gastuak eragin ditu.

Batzorde berean, Oscar Otaola abeltzainak azaldu dauenez, sektoreak Alonsotegin bizi dauen egoerea “oso larria” da; izan be, udalerri horregaz mugakide diran lau menditan, horreen artean, Kanpitxu, Santa Quiteria eta Akatza, “ustiategi bakar batek” larretarako “izentautako” dozenaka hektarea ditu. Horrek zalantzan jarten dau “herri-banaketan sartuko diranik”, “Onura Publikoko Mendietan” dagozan hektareak diralako. Bere eretxiz, horrek kalte ekonomikoa dakar laguntza publikoak jasoteari jagokonez. Modu berean, “4.000” zugatz autoktono landatzen hasi aurretik egin beharreko itxitura-lanak eta baso-pista bat zabaltzeko lanak dirala eta, Aldundiak Ganekogorta magalean artzaintzarako “90 hektarea” ixteko agindua “gehiegikeria” izan dala salatu dau Otaolak.

 

EGOITZETAKO GAUEKO BEHARGINEN RATIOA

Ostean, Marivi Freirek egin dau berba, eta Enrique de la Peña lehen mailako arretako medikuak Barakaldoko Vitalitas Bagatza eta Miranda Fundazinoa egoitzetako gaueko arretari buruz egindako azterlana laburbildu dau Batzar Nagusietako taldeen aurrean. Gaueko arretak 12tik 14 ordura bitarteko denpora-tartea hartzen dau egunero.

Azterlana 2021eko azaroko datuakaz egin da. Garai haretan kudeaketa pribaduko egoitza bi horreetan 300 adineko baino gehiago egozan: 150 Vitalitasen eta 181 Mirandan. Orduan, gerokultoreen ratioa, lehenengoaren kasuan, 54 egoiliarrentzat behargin batekoa zan, eta bigarrenaren kasuan behargin batekoa 70 egoiliarrentzat. Erizaintzako beharginei jagokenez, Miranda Fundazinoaren egoitzak baino ez eukan profil hori, eta 264 erabiltzailerentzat erizain baten ratioa eukan.

Freirek ekimen parlamentarioren bat eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei, euskal administrazinoak araudi espezifikoren bat ezartera bultzatzeko. Araudi espezifiko horrek gauetan “gitxieneko” behargin taldea izatera behartu beharko leukez adinekoen zentroak. Gerokultoreei jagokenez, proponiduten daben “gitxieneko” ratioa behargin bakotxak 35 egoiliar izatea da, eta “egokiena”, 25era bajatzea litzateke. Erizaintzako beharginen kasuan, nahikoa izango litzateke 100 erabiltzaileko behargin bat izatea.

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordera etorri dan medikuak adierazo dauenez, Barakaldoko egoitzetan lortutako datuak Bizkaiko sare osora estrapolatu daitekez. Bere berbetan, 1.415 plaza dituen Bizkaiko 9 egoitzatako 32 behargini (Bizkaiko guztizkoaren % 13,35) egindako inkesta batek baieztu dauenez, gauetan ez da kalidadezko arretarik emoten.

Txostenak zehatz aitatzen ditu egoitzetan antzemandako zenbait “arazo”. “Arreta-ratio bajua, erizain bako gauak, beharginen gainkargea eta estresa, eta egoiliarrentzat izaten dituen ondorioak”, laburbildu dau Freirek. Erabiltzaileek jasandako ondorio horreen barruan, honeek be aitatu ditu: “deiei atzerapen handiz erantzuten jake eta egoiliarrei azpiko arropa bustiak eta jarrerea be atzerapenez aldatzen jakez, lurrera jauzi eta bertan denpora luzez egoten dira edota botikek kaltea egiten deutsee, beste batzuen artean”.

Gaueko arretaren etorkizuna ez da ona; izan be, Freireren esanetan, biztanleriaren zahartzeari hainbat puntu gehitu behar jakoz: bizi-itxaropena gero eta luzeagoa da, zaharrek zaintzea behar dabelako sartzen dira egoitzetan, edo gaixotasun neurodegeneratiboen prebalentzia handiagoa da eta jausteko edo lotu behar izateko arrisku handia dago.