BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK KULTUREARI BESTE BULTZADA BAT EMONGO DEUTSIE UDA HONETAN, EGOITZAK JENTEARENTZAT ZABALDUZ ETA ALDI BATERAKO ERAKUSKETA BI ESKEINIZ
- Hiru egoitza historikoak (Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeak) doan eta ordutegi zabalakaz bisitau daitekez udako sasoi honetan. Gernikaren kasuan, arratsaldeko ordutegia ordubete luzatuko da.
- Batzar Nagusien administrazino-egoitzan, Bilbon, abuztuaren 29ra arte egongo da zabalik “Beste forma horiek” eskultura erakusketea, EHUko Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterrean parte hartu daben 16 artista hasibarrien artelanakaz.
- Ondarroan dago orain Batzar Nagusiei buruzko erakusketa ibiltaria. Orain dala hiru urte hasi zan Bizkaian herririk herri ibilten, eta garagarrilaren amaierara arte egongo da Ondarroako Itsas Alde pasealekuan.
- Abellanedako (Sopuerta) Enkarterrietako Museoan —igaz 75. urteurrena ospatu eban—, eskualdearen historian zeharko ibilbidea egin leiteke horretarako prestatutako hamar aretotan zehar, historiaurrekoan hasi eta XIX. mendekora heldu arte.
(Bilbon, 2025eko garagarrilaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusiek kulturearen aldeko apustua indartuko dabe uda honetan, arte garaikidea, memoria historikoa eta ondare arkitektonikoa buztartzen dituan programazinoagaz. Uda garaian, hiru egoitza historikoek ordutegi zabalagoakaz edegiko ditue ateak, eta aldi baterako erakusketa bik —bata eskultorikoa Bilbon eta bestea ibiltaria Ondarroan— osotuko dabe jente guztiarentzat pentsautako kultur eskaintza hori.
Bizkaiko parlamentuaren kultur eskaintzea Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea 6) hasiko da, EHUko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterreko ikasleen “Beste forma horiek” eskultura erakusketeagaz. EHUn azken ikasturtean master hori egin daben hamasei ikasleren lanak batzen ditu, eta abuztuaren 29ra arte egongo da ikusgai.
Protagonistak Leioako campusean emoten dan graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barriko ikasleak dira. Batzar Nagusiek eta euskal unibersidade publikoak hitzarmena sinaturik dabe artista barrien lanak bizkaitarrei erakusteko, eta horren barruan antolatu da erakusketea. Honeek dira artistak: O. Irati Petuya Ingunza, Valentina Rodríguez de Tezanos Pinto, Marina B. Bielli Sánchez, Nicole N. Nieto Herrera, Candela Eirea Orro, Sandra Ardila Ramírez, Madeleinne A. Rodríguez Montoya, Mónica Armengol Nicolás, Janire Mindegia Etxepare, Lina M. Maldonado Jacobsen, Josu Santamaría Luque, Inés Asensio Nogueira, Violeta Roca Rom, Javiera I. Jaras Castaños, Iñigo Alonso Bilbao eta Melisa Vezhdieva Gyultenova.
Horrez gain, garagarril honen bukaerara arte, Ondarroan egongo da ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusiei buruzko erakusketa ibiltaria, daborduko lurraldeko udalerri nagusirik gehienetan zeharko ibilbidean hiru urte badaroazana. Erakusketeak foru parlamentuak historiaren, politikearen, gizartearen eta kulturearen alderdietatik daukan garrantzia ikusarazoten dau. Egin-eginean, Batzar Nagusiak lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko izan dira XIV. mendetik hona, Europako lehenengoetariko parlamentua ei dira-eta.
Bizkaiko Batzar Nagusien kultur eskeintzea Enkarterrietako Museoaren bilduma iraunkorragaz osotzen da. Enkarterrietako museoa 1968an sortu eta 1994an birsortu zan. Historiaurretik XIX. mendera arteko eskualdearen historia erakusten daben hamar aretok osotzen dabe. Areto bakotxa mapek, planoek, maketek eta Enkarterriko bizimodua, historia, artea eta arkitekturea erakusten daben pieza originalek eta erreprodukzinoek osotzen dabe.
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN EGOITZAK
Bizkaitarren ahaldunak antxina alkartzen ziran lekuetan, hau da, Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeetan, ondare- eta kultura-legadu aberatsa dago. Udako hilebeteetan, hiru egoitzotan ordutegi zabala egongo da inguru arkitektoniko bikainok ikusteko eta bertan dagozan artelanak ezagutzeko. Gernikako Batzar Etxeak ordubete luzatuko dau arratsaldeko ordutegia udan. Irailera arteko ordutegiak honeek dira:
- Gernikako Batzar Etxea egunero bisitau daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Barrukaldea ikusteko beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua hartzea
- Abellanedako Batzar Etxea eta Enkarterrietako Museoa (Sopuerta): martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara; eta astelehenetan, itxita.
- Gerediagako Batzar Etxea (Abadiño): astelehenetik barikura, 10:00etatik 20:00etara; eta zapatu eta domeketan, 10:00etatik 19:00etara. Kanpokaldea bakarrik ikusi daiteke.