ZIENTZIAN, MEDIKUNTZAN, ARTEETAN, ZUZENBIDEAN, KULTURAN, ENPRESAN EDO LANKIDETZAN LIDERRAK DIRAN EMAKUMEEK BIZKAIKO EMAKUMEEN ROLAZ EZTABAIDAUKO DABE BATZAR NAGUSIETAN, BILBON
- Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bizkaiko Batzar Nagusiakaz lankidetzan antolatu dituan “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien hirugarren edizinoa izango da, eta zezeileko martitzen guztietan egingo da Bilbon, “Talentua, lankidetzaren kultura eta Gizarte Proiekzioa” izenburupean.
- Hizlarien artean, Ertzaintzako eta Biocruces Institutuko zuzendariak, EAEko Goi-mailako Fiskala, Espido Freire idazlea, Olatz Saitua sopranoa eta Amaia Aseguinolaza enpresaburua dagoz, besteak beste.
- Lau mahai-inguru dira, eta Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga, 6) egingo dira, zezeilaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, martitzenetan, 18:30etik aurrera. Sarrera librea eta doakoa izango da, leku guztiak bete arte.
(Bilbon, 2023ko zezeilaren 1ean). Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Bizkaiko Batzordeak, Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera, emakumearen arazoan eta gizartean beteten dauen rolean sakontzea bilatzen daben jardunaldien hirugarren edizinoa antolatu dau. Helburua, emakumeak izan dituan aurrerapenak, gainditu barik dagozan erronkak eta aukera barriak erakustea da, zezeilean Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako Berbaldien Aretoan egingo diran lau mahai-ingururen bitartez.
“Emakumeak Bizkaian” jardunaldien hirugarren edizinoa “Talentua, lankidetzaren kultura eta gizarte proiekzioa” epigrafean programau da. Mahai-inguru formatuko lau saiotan zehar egingo dan eztabaidan parte hartzeko, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, jardunaldien antolatzaile eta Zuzendaritza Batzordeko kide diran Begoña Cavaren eta Ana Ralloren bitartez, hizlari talde hautatua batu dau, Zientzia, Medikuntza, Zuzenbide, Arte, Kultura, enpresa-jarduera edo hirugarren sektore eta gizarte-lankidetzaren arloko liderrak, besteak beste.
Holan, bertaratuko diranek eremu honeetako bakotxean erreferente diran emakumeen eretxia entzuteko aukerea izango dabe:
• Miren Onaindia Olalde, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Ekologiako katedraduna.
• Amelia Baldeón Iñigo, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zuzendaria.
• Victoria Landa Moñux, Ertzaintzaren zuzendaria.
• Mar Mendibe Bilbao, Medikuntzan doktorea, Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuaren zuzendari zientifikoa.
• María Carrasco Zabaleta, Osasun Zientzietako Dekanoa Deustuko Unibersidadean.
• Carmen Adán del Río, Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako fiskala.
• Reyes Villanueva Nebreda, Manos Unidasen lehendakaria-ordezkaria Bizkaian.
• María Jesús Gómez Cornejo, Bilboko Jesusen Zerbitzarien Kongregazinoaren Egoitzako ama nagusia.
• Eva Rodríguez Aller, Carmen Gandarias Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendaria.
• Amaia Aseguinolaza Garmendia, enpresaburua eta Grupo Iruñako aholkulari exekutiboa.
• Elena Ciordia Domínguez, Arte Ederretan lizentziadua (UPV/EHU) eta margolaria.
• Espido Freire, Ingeles Filologian lizentziaduna Deustuko Unibersidadean eta idazlea.
• Olatz Saitua Iribar, sopranoa eta J. C. Arriaga Kontserbatorioko eta Musikeneko kantu-irakaslea, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna.
Sonia Pulido 2020ko Ilustrazino Sari Nazionalak egin dau jardunaldien hirugarren edizinoaren irudia. Ilustrazinoko Sari Nazionala dan ilustratzaile katalanak egin dau, adinari, arrazeari, gizarte-klaseari… jagokenez oso desbardinak diran emakumeak islatzen dituan ilustrazinoa.
Jardunaldiak zezeilaren 7an, martitzenean, inaugurauko dira, 18:30ean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Joseba Jauregizar Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bizkaiko Batzordeko presidentea bertan dirala. Beste hiru saioak ordu eta agertoki berean (Hurtado de Amezaga 6) egingo dira zezeileko ganerako martitzenetan, beti 18:30etik aurrera eta sarrera librea eta doakoa izango da aretoko eukierea bete arte.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Bizkaiko parlamentuko Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planak jasoten dituan ekimenen barruan sartu ditu jardunaldi horreek. Hainbat arlotan nabarmentzen diran ahots barriek “Bizkaiko emakumeak XXI. mende honetan aurrean dituan planteamentu, kezka, rol eta erronkei buruzko emakumezkoen kontakizun barriak emango ditue”, azaldu dau. Joseba Jauregizar Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidenteak, bere aldetik, jardunaldien helburua “emakumeei ikusgaitasuna emotea eta bizitza publikoan parte hartzera bultzatzea” dala adierazo dau.
Hizlarien ospeaz eta kualifikazino profesionalaz gan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako jardunaldi horreetan, jardunaldien antolatzaileak eta saio bakotxa aurkezteaz eta moderatzeaz arduratuko diran ospe profesional handiko emakume bi be izango dira. Lehenengo eta hirugarren mahai-inguruak Ana Rallo Gruss Zientzia eta Teknologia Fakultadeko (EHU) katedradunak moderatuko ditu. Eta Begoña Cava Mesa historialaria eta Deustuko Unibersidadeko Gizarte Zientzien eta Humanidadeen Fakultadeko irakaslea arduratuko da bigarren eta laugarren saioak moderatzeaz. Biak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bizkaiko Batzordeko Osoko Adiskideak eta Zuzendaritza Batzordeko kideak dira.