HAINBAT EREMUTAN LIDERGOA DAUKIEN ZENBAIT EMAKUMEK EZTABAIDEA EGINGO DABE ZEZEILEAN BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN, ANDRAZKOEN GIZARTE-ROLARI BURUZ
- Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bizkaiko Batzar Nagusiakaz batera antolatzen dituan “Emakumeak Bizkaian” jardunaldien laugarren edizinoan Miriam Alzuri, Miren Arzallus, Virginia Knörr, Isabel Urrutia, Itziar Arriaga, Saioa Eibar, María Goiricelaya, Itziar de la Puerta, Ana Beobide, Eider Inunciaga, Isabel Iturbe, María Jesús Larrea eta Bilboko Kontsuladuen Kidegoko hamar bat andra egongo dira.
- Emakumeek gaur egungo eta etorkizuneko gizartean daukien rolari buruzko testigantzak lau mahai-ingururen artean banatuko dira (zezeileko martitzenetan), Bizkaiko Batzar Nagusien Berbaldi Aretoan, Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea 6, etxabea). Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte.
(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 30ean) Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP-EAE) Bizkaiko Batzordeak, Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzinogaz, emakumeen arazoetan eta gizartean daukien rolean sakondu gura daben jardunaldien laugarren edizinoa antolatu dau. Ibilpide profesional autortua daukien emakumeen ahotsen bidez, andrazkoen aurrerapenak, gainditzeko dagozan erronkak eta aukera barriak erakustea da helburua. Hareen eretxiak mahai-inguruen bitartez entzun ahal izango dira zezeileko lau martitzenetan, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzako Berbaldi Aretoan, Bilbon.
“Emakumeak Bizkaian” jardunaldien edizino hau epigrafe honegaz programau da: “Etorkizuna eraikitzen. Partekatzeko erretratuak: sormena eta berrikuntza, enpresa- eta gizarte-balioak, emakume kontsulak Bilboko Kontsulen Kidegoaren mendeurrenean (1924-2024)”. Begoña Cavak antolatutako eta Ricardo Franco eta José Luis Neyrogaz batera berak moderautako lau saiotan zehar, hizlari talde bikaina batuko da. Horreen artean, artea, moda, komunikazinoa eta publizidadea, musika, enpresa-barrikuntza, antzerkia, arkitektura, politika eta bestelako arloetan ibilpide sozio-profesional autortua daukien emakumeak dagoz.
Andrazkoek gaur egungo eta etorkizuneko gizartean daukiezan aukera barriak agirian uzten dauzan ekitaldi esanguratsu honen laugarren edizinoan, aurten, Miriam Alzuri, Miren Arzallus, Virginia Knörr, Isabel Urrutia, Itziar Arriaga, Saioa Eibar, María Goiricelaya, Itziar de la Puerta, Ana Beobide, Eider Inunciaga, Isabel Iturbe, María Jesús Larrea eta aurten Bilboko Kontsuletxearen mendeurrena ospatzen daben Bilboko hamar emakume kontsul egongo dira.
Jardunaldiak zezeilaren 6an inaugurako dabez, 18:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak, Ana Otadui Biterik, eta RSBAP-EAEren zuzendariak, Amelia Baldeón Iñigok. Ganerako hiru saioak ordu berean eta leku berean (Hurtado de Amezaga 6, etxabea) egingo dira, zezeileko beste martitzenetan –hil horren 13, 20 eta 27an–; beti ere, 18:00etan hasita, eta sarrera libre eta doakoagaz, aretoa bete arte.
Batzar Nagusietako lehendakariaren berbetan, Bizkaiko kamararen Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Planean (2022-2025) aurreikusitako ekimenen barruan dagoz jardunaldi honeek. Jardunaldi honeetara bertaratuko diran ahots barriak “emakume sortzaileak eta barritzaileak dira, eta enpresa- eta gizarte-balioak eta erantzukizun handiak daukiez. Eurak eta euren moduko emakumeak dira etorkizunaren giltzea, eta funtsezko zeregina daukie genero-bardintasunari gero eta garrantzi handiagoa emoten deutsagun eta apurka-apurka aldatzen doan gizarte honetan”, azaldu dau.
Bestetik, Amelia Baldeónek adierazo dauenez, parte hartuko daben erakundeek “Euskadiko bizimodua hobetzeko borondate bera daukie, eta topaketa honeek norabide horretan doaz”. Jardunaldiok “ezinbestekoak dira euskal prospekzinoaren esparruan, bai landuko diran gaiakaitik bai hizlariek emongo daben ikuspegiagaitik”, azpimarratu dau.