58.000 PERSONA BAINO GEHIAGOK GOZAU EBEN BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ONDAREAZ ETA KULTUR JARDUEREZ 2022AN
- Foru erakundeak pandemiaren aurreko bisitari zifrak berreskuratzea lortu dau, batetik ahalegin handia egin dalako gizarte eta kultur arloetan eta, bestetik Batzar Nagusien ondare historikoak berak asko erakarten dauelako.
(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 12an). Bizkaiko Batzar Nagusien funtsezko egitekoa da Foru Gobernua kontrolatea eta bere eskumeneko gaietan foru-araudia onartzea. Hori holan izanik be, azken urteotan gero eta indar gehiago hartuz doa erakundeak kulturan dauen eragina, adierazleek erakusten dabenez. Holan, igaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek, euren egoitzetan eta egoitzetatik kanpo, dozenaka ekimen kultural (erakusketak, hitzaldiak, ate edegien jardunaldiak, berbaldiak...) eskaini ebezan eta gizartean eragin nabarmena lortu eben. Ekimenoi esker, 58.000 persona baino gehiagok bisitatu ebezan Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzak (Bilboko administrazino-eraikina, Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako Batzar Etxeak, edo Enkarterrietako Museoa), aitatutako ekimen horreek erakarrita zein erakundearen eraikin historikoek ondararen aldetik daben ondare balioa ezagutu gurean.
Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza administratiboan, aldi baterako 6 erakusketa eta 17 hitzaldi egin ziran igaz, Bizkaiko hainbat alkarte eta talderen eskutik. Azkenengo erakusketeak, adibidez, Ipiña-Bidaurrazaga bildumako 15 euskal artelanen dohaintza erakutsi eban. Artelanok Batzar Nagusietako Arte Bilduma aberatsa osotzera datoz, daborduko 200 artelan baino gehiago dituana. Era berean, urtean zehar, EHUko ikasleen hiru erakusketa egin ziran Bilboko erakusketa aretoan, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Euskal herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmenean oinarrituta. Beste erakusketa batzuk be egin ziran, esaterako, “Argizaiola” sariketan saritutako urteko argazkirik onenei buruzkoa.
Beste alde batetik, Foru parlamentuaren egoitzaren (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) behe solairuan dagoan hitzaldien aretoa barriro edegi zan martian, pandemiaren ondorioz urte bi itxita egon ostean. Hilebete horretatik urtea amaitu arte, 17 jardunaldi edo ekitaldi egin ziran bertan, Bizkaiko irabazi-asmo bako alkarteek antolatuta.
Egoitzetatik kanpo, Bizkaiko Batzar Nagusiak barriro be ibiltari izan ziran Bizkaian zehar, “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketeagaz. Barakaldoko, Ermuko, Galdakaoko eta Bermeoko kaleetan ikusi ahal izan ziran erakusketa horren bitartez, heritarrengana hurbildu nahi izan da Bizkaiko parlamentuak dauen garrantzi politikoa, soziala eta kulturala.
Gernikako Batzar Etxeak erakarten dau jenterik gehien eta azken urtean be bost kontinenteetako milaka bisitari etorri dira Gernikako Arbolea eta inguru guztia bisitetan. Beste bisiari talde berezi batzuk Batzar Etxera bisita ofiziala egiteko eskaria egin ostean etorri izan dira, besteak beste, Kubako eta Ukrainako enbaxadak, Maiatzeko Plazako Amamen alkartea, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko Presidente Emeritua, Ameriketako herrialdeetako Euskal Etxeetako gazteak edo Athletic eta Mexikoko Chivas futbol taldeetako ordezkari esanguratsuak. 2022an 44.882 bisita izan ziran guztira. Horreetatik 22.933 aurretiazko hitzorduagaz eta 16.949 hitzordu barik. Pandemian edukiera mugatuko sistemea jarri zan martxan. Datuek dinoe % 90etik gorako okupazino indizea izan dala.
Abellanedan, Enkarterrietako Museoak ia pandemia aurreko bisitari kopuruak berreskuratu ebazan. 2022an, 2021ean baino % 44 bisitari gehiago izan ziran, eta guztira 12.615 persona bertaratu ziran. Enkarterrietko museoak programa zabala gauzatu dau jarduera didaktiko, bisita gidau, kultur ibilbide, berbaldi, jarduera eta enparaukoakaz, Enkarterrik eta Bizkai osoak daben ondarearen zabalkundea egiteko. Abellanedan (Sopuerta) dagoan museo txiker horrek arrakasta handia izan dau eta bete egin dira programautako jardueretan eskainitako plaza guztiak.
Museo horren kultur ekimenen artean, gerra zibilari buruzko “1873-1937. Gure memoriaren gerrak” proiektua azpimarratu behar da. Zallan, Balmasedan eta Ezkerraldeko zenbait lekutan atondutako lau ibilbidek osotzen eben proiektua, eta bisita gidatuak egin ziran arkeologoen, historialarien eta oroimen-alkarteetako kideen eskutik. Lehenengo kultur eskaintza horren ostean, erakusketa bi egin ziran Cadagua bailarako industrian emakumeak izadako garrantziari buruz. Bata argazki-erakusketea izan zan, “50eko emakumeak. Landa eta lantegien artean” izenekoa, eskualdeko bizilagunek lagatako irudiak batzen dituana. Eta bestea, “Lantegietako emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” erakusketa arrakastatsua. Hortik etorri dira izenburu bereko argitalpen bat eta Belaunaldien arteko hezkuntza proiektu bat, “Amama Influencer” izenburukoa, memoria historikoa berreskuratzeko.
Jarduera didaktikoak dira Museoaren behinenetakoak. Arlo horretan lortu da ikastetxeei zuzendutako tailerretan parte-hartzea apurka-apurka berreskuratzea,. Holan, 2022-2023 ikasturterako ia plaza guztiak bete dira, ohiko proiektu asko gauzatuz (Erdi Aroko tailerra, Historiaurreko tailerra, Bizi zure ipuina, etab…).
Argitalpenen arloan, “Lantegietako emakumeak” ikerketa proiektutik eratorritakoaz gain, Goio Bañales historialariaren “Enkarterriko historiaren dokumentuak (1297-1821)” liburua aurkeztu da. 1297tik 1821era bitarteko mota guztietako idazkien bildumea da: aktak, dokumentu historikoak, irudiak, hamarrenak, jurisprudentzia..., Enkarterriko iragana zuzen-zuzenean ulertzen laguntzen daben transkripzinoak.
Beste alde batetik, 2022an, “Batzarretik Batzarrera” programea berreskuratu da, herritarrek Batzar Nagusien Bizkaiko egoitzak ezagutu ahal izateko ate edegien ekimena. Enkarterrietako museoan, eskualdeko ondarearen hainbat alderdi ezagutzeko beste urteera batzuk be sartzen dira, besteak beste, lantegi zaharrak, “kortinak” (baserrietan harriz egindako gaztaina biltegi zaharrak), eraikin historikoak…
Amaitzeko, herritarren artean arrakasta handia daben ekitaldi bi nabarmentzen dira. 2022an, Bizkaiko Batzar Nagusiek, pandemiaren ondorioz urte biko etenaren ostean, Deiadar Mendien Eguna berreskuratu eben. XVII. edizinoa Gorbeian ospatu zan ehundaka mendizaleren parte-hartzeagaz. Beste alde batetik, Enkarterrietako Museoak antolatuta, Burdinolen Ibilbidearen XIV. edizinoak be harrera bikaina izan eban jentearen aldetik, eta plaza guztiak bete ziran.