AZPIEGITURETAKO, ENPLEGUKO ETA EKONOMIA SUSTAPENEKO AURREKONTUEK ALDAKETARIK BARIK IGARO DABE BATZORDEKO IZAPIDEA
- Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egin diran hiru batzordeetan baztertu egin dira oposizinoak 2024ko Aurrekontuen proiektuari aurkeztutako 130 zuzenketa-eske parzialak.
(Bilbon, 2023ko abenduaren 19an). Bizkaiko 2024ko Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko bigarren jardunaldia egin dabe gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek Ogasun eta Finantza batzordean. Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako eta Ekonomia Sustatzeko sailen datorren urteko kontuak aldaketarik barik helduko dira abenduaren 29ko osokora. Foru Gobernua eusten daben taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– eztabaidatutako 130 zuzenketa-eskeak atzera botatea erabagi dabe gaur, eta, beraz, aurrekontu programak urriaren amaieran Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrau ziran moduan ontzat emotea.
Imanol Pradalesek zuzentzen dauen saileko zuzenketa-eskeen eztabaidan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak 20 aldaketa planteau ditu. Talde horrek Interbiaken Ibaipekoaren 55 milioi euroko partidea kendu gura eban, beste zeregin batzuetara bideratzeko, horreen artean Ezkerraldean, Enekurin, Galdakaon eta Durangaldean bidegorriak handitzera edo Iguria auzorako (Elorrio) oinezkoentzako ibilbidea eregitera. Partida handienen artean, 9.570.000 euro planteau ditue Enkarterriko hainbat lanen amaierea bizkortzeko (Traslaviña-Turtzioz, La Escrita-El Callejo eta El Callejo-La Cadena tarteak), eta 3,5 milioi euro Udalek bide segurtasuna hobetuko daben proiektuak gauzatu ahal izateko.
Bizkaiko Talde Popularrak Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari aurkeztutako 15 zuzenketa-eskeak be atzera bota ditu Ogasun eta Finantza Batzordeak. Talde horrek Errekaldeko saihesbidearen eraikuntzea bizkortzeko milioi 2 euro gehiago eta Ermuko saihesbiderako beste 500.000 euro gehitzea proponiduten eban. Bere “zero” bidesarien politikaren barruan, PP taldeak 2,5 milioi gehiago bideratu gura ebazan AP-8 autobidea erabilteko diru-laguntzetara. Horrez gain, errei-babesak kentzeko edo Lemoizko zentralean klima-aldaketearen kontra burrukatzeko Behatokia gauzatzeko partidak handitzea planteau dabe.
Bukatzeko, EH Bilduk bere egin ditu Barakaldoko zenbait kolektibok aurkeztutako herritarren alegazino bi. Batak 300.000 euro bideratu gura ebazan A-8, BI-30 eta N-634 errepideak lurperatzeko aukerea aztertzera; eta, besteak, milioi 1 euro proponiduten ebazan Etxatxu eta Bizkaia kaleetan zarata murrizteko politiketarako. Aldi berean, La Avanzada lurperatzeko proiektu integrala egiteko 5 milioi euro bideratzea planteau dabe, eta beste horrenbeste milioi bizikleta bideen 5 ardatzen idazketarako: Basauri - Galdakao - Erletxe (herritarren alegazinoa, Biziz-Bizi alkartea), Zorrotza - Arbuio, Nerbioiko parke lineala, Zaldibar, Elorrio eta Mañaria Durangogaz lotzea, eta Güeñes-Zalla-Balmaseda-La Encartada museoa.
BARRIKUNTZARIK EZ ENPLEGUKO ETA EKONOMIA SUSTAPENEKO KONTUETAN
Teresa Laespadak zuzentzen dauen foru sailaren aurrekontuaren testua be osokoak behin betiko onespena emoteko prest geratu da. Oposizinoak 36 aldaketa defendidu ditu Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako Sailean, baina jeltzaleek eta sozialistek ez ditue onartu.
Planteau diran zuzenketa-eskeen artean, EH Bilduk, Garapenerako Lankidetzarako partidea 5,7 milioi euro handitzea eskatu dau, aurrekontuaren % 0,7ra ailegeteko. Gizarteratze programan, koalizino abertzaleak Habitat programea milioi bat euro baino gehiagogaz indartzea planteau dau. Proposamenen artean nabarmentzekoak dira emakumeak ahalduntzeko etxeen sarea indartzeko 500.000 euroak, eta beste horrenbeste indarkeria matxistaren biktimentzako 24 orduko krisi zentroa behargin propioakaz horniduteko. Azkenik, 456.526 euro eskatzen ebazan iraupen luzeko lanbakoen laneratzea bultzatzeko.
Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, dozena bat zuzenketa-eske aurkeztu ditu, milioi askoko partiden bitartez lurraldeko enplegua hobetzeko. Handienak (milioi bi eurokoa), gizarteratzeko zailtasun handienak dituen personentzako programazino eta digitalizazino arloetan prestakuntza-programak indartu gura ebazan. Ganera, popularrek adimen-desgaitasuna daukien personen erakundeentzako diru-laguntzetara milioi bat gehiago bideratzea planteau dabe; beste bat adimen-desgaitasuna daukien personen zerbitzuak eta zentroak indartzeko, eta beste milioi bat laneratzeko zailtasunak daukiezan kolektiboen mugarik bako kontratazinorako. Euren proposamenen artean, ekintzaileei bigarren aukerea emoteko beste partida bat nabarmentzen zan.
Modu berean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, Garapenerako Lankidetzan % 0,7ra heltzeko 3,9 milioiko beste partida bat defendidu dau, baina ez dau arrakastarik lortu. Barrikuntza lez, 500.000 euro planteau ditue udalerrietan emakumeen etxeak ezarteko eta prostituzinoaren testuinguruan dagozan emakumeen kolektiboa gizarteratzera eta laneratzera zuzendutako 200.000 euroko enpleo plana egiteko. Ganera, aurrekontuetan udalerrien parte-hartzea izango leuken iraupen luzeko lanbakotuentzako enpleo publikoko plan piloturako milioi bat euro erreserbetea gura eben.
ARRATSALDEKO SAIOA
Arratsaldean, Ogasun eta Finantzetako batzordeak Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2024rako aurrekontuaren testuari aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidatu ditu. Azkenean, oposizinoak defendidu dituan 55 zuzenketa-eskeak bertan behera geratu dira.
Horreetan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Bizkaia Talent-en gastua murriztea sartu dau, talde horren arabera lan hori Zuzendaritza berera bideratu behar dalako. Talde moreak enpresetako praktiketara, BATera eta EICera bideratutako partidetan be gastuak murriztea planteau dau. Kontrara, tokiko merkataritzari eusteko funts barriak eskatu ditu, egoera txarrean dagozan produktuak berreskuratzeko eta konpontzeko jarduketak gauzatzeko. Eta beste funts bat botere publikoek eskualdeko enpresa estrategikoetan parte hartzeko, hareen sustraitzeari eusteko. Horrez gain, gertuko elikagaien kontsumoa bultzatuz tokiko merkaduak berpizteko beste ekarpen ekonomiko bat be eskatu dabe.
Popularrak, euren aldetik, Ekonomia Sustatzeko sailaren Kontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske erdien –28– protagonistak izan dira, gehienak daborduko existiduten diran proiektuen partidak handitzeko. Zenbatekoari jagokonez, aitatzekoak dira 2,5 milioi gehiago enpresa txiki eta ertainentzat; milioi bat gehiago eskualdeen arteko aldeak murrizteko; eta 500.000 euro startup barritzaileak sortzeko; beste horrenbeste energiaren sektorearen barrikuntzea bultzatzeko lankidetza publiko-pribaduko programa espezifikoa sortzeko; eta beste milioi erdi enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen lehiakortasuna bultzatzeko aurrekontu-zuzkidurea handitzeko.
Eta, bukatzeko, EH Bilduk diru gehiago eskatu dau (9.550.000 euro) eskualde garapenerako, eta gastu partida barriak (312.053 euro) tokiko merkataritzea digitalizetako, EUP plataformaren kaltetan. Horrez gain, 400.000 euro planteau ditu modu komunitarioan eta kooperatiboan behar egiten daben gizarte arloko enpresak sortzen laguntzeko diru-laguntzen lerro barria zabaltzeko.