BIZKAIKO AURREKONTUAK DATORREN URTEKO “EKONOMIA- ETA LAN-ERREALIDADERA EGOKITUKO DIRA”

  • Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Batzar Nagusietan egindako agerraldian esan dauenez, lurraldea “egoera egokienean” dago ekonomiaren jaitsierak eragindako diru-sarreren aurreikuspenak ez beteteari aurre egiteko.


(Bilbon, 2022ko zemendiaren 8an). Bizkaiko Foru Aldundiak Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren urriaren 14ko bileraren eukiaren barri emon dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. Bilera horretan, besteak beste, euskal administrazinoek aurton eta datorren urtean izango dituen diru-sarreren aurreikuspena eta lurralde bakotxak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei egingo deutsezan ekarpenak ezarri ziran. Batzar Nagusietako taldeen aurrean egindako berbaldian Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ziurtatu dauenez, “ziurbakotasun handiko” uneak diran arren, zerga-bilketea murrizteari aurre egiteko eta Bizkaiko Aurrekontuak 2023ko ekonomia- eta lan-errealidadera “egokitzeko” “posizino egokiagoan” dago Bizkaia. 

Ahaldun Nagusiak berak parte hartu eban HDEKren bileran 2022ko ekitaldirako zerga itunduengaitiko bilketaren likidazino-aurreikuspenak onartu ziran, 17.109 milioi euro guztira. Urte amaierarako % 7,2ko hazkundea aurreikusi da bilketan, 2021eko bilketeagaz alderatuta. Ganera, Rementeriak jakinarazo dauenez, hurrengo urterako zerga itunduen bilketaren aurreikuspenak be onartu ziran, une honetan Batzar Nagusietan izapidetzen ari diran Bizkaiko aurrekontuak egiteko oinarria. Balio absolututan, kalkuletan da Foru Aldundiek zerga itunduen bidez 18.072,9 milioi batuko dituela 2023an, eta horreetatik 9.296 milioi Bizkaiari jagokoz, 5.939 Gipuzkoari eta 2.838 Arabari. Bizkaiko diru-bilketea % 10,8 haziko dala zenbatetsi da.

Euskal ogasunen kalkuluen arabera, Aldundiek 900 milioi gehiago emongo deutsiez Eusko Jaurlaritzari, 11.900 milioira heldu arte. Horreetatik erdia baino gehiago (% 50,54) Bizkaiak hartu beharko ditu bere gain, ezarritako koefizientearen arabera.

Egokitzapenerako Funts Orokorra Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da. Lurralde historiko horreei 37,37 milioi eta 47,35 milioi jagokez, hurrenez hurren.

Batzar Nagusietan egindako agerraldia Bizkaiko Lurralde Kontseiluaren azkenengo bileraren eukiaren barri emoteko baliau dau Rementeriak. Saio horretatik urten eban udalek 1.010 milioi euro jasoko dituela 2023an, % 4,7ko igoerea, hain zuzen be. Aurton be, biztanleko per capita finantziazinoa 875 eurokoa da Bizkaian, Arabako 861 euroen eta Gipuzkoako 839 euroen ganetik.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Talde Berezia-PP Bizkaiako Esther Martinez kezkatuta agertu da, ekonomiaren desazelerazinoa dala eta aurreikuspenak “behar bada ez diralako errealistak” izango.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiko Xabier Benitok zalantzan jarri dau aurreikuspenak beteko ete diran, eta azpimarratu dau HDEKren bileran be iragarri zan PFEZaren % 2ko deflaktazinoa ez dala progresiboa, “errenta handienei mesede handiagoa” egingo deutseela, murrizketa orokorra ezarten dalako. Oposizinoko talde nagusiak, EH Bilduk, datozan ekitaldietarako agerraldi hori “lehenago” egitea eskatu dau. Arantza Urkaregi batzordekideak zerga bakotxak diru-bilketan daukan pisuan jarri dau arretea. “Zatirik handiena beharginen klaseari jagoko”, BEZaren eta PFEZaren igoerarengaitik, eta, aldi berean, Soziedadeen ganeko Zergea “gitxitu” egin da eta Ondarearena, barriz, “mantenidu”. Rementeriak zehaztu dauenez, “danak” ordaintzen dabe errentea, enpresaburuek zein beharginek.

Foru Gobernua babesten daben taldeei jagokenez, Euskal Sozialistak taldeko Víctor Trimiñok nabarmendu dauenez, ekonomiaren egungo testuingurua hartu da kontuan aurreikuspenak egiteko. Soldata hobeak dituan enpleoaren igoerea “azpimarragarria” da diru-bilketaren igoera azaltzeko orduan.

Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak taldeak Udalkutxaren funtsen hazkundea azpimarratu dau. Unai Lerma batzordekideak esan dauenez “ez da txarra” PFEZren bidez batutako dirua gehiago izatea eta pisu handiagoa eukitea, horrek esan gura dauelako enpleoa hobetzeak zerga-sarrerak hobetzen laguntzen dauela.


TRENBIDEKO ANEZKA ITSASADARRAREN AZPITIK

Batzorde berean, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak agerraldia egin dau, EH Bilduk eskatuta, Sestaoko eta Areetako metro-geltokiak itsasadarraren azpiko tunel baten bidez lotzeko trenbide-anezkaren proiektua eta aukeratutako urtenbidea azaltzeko. Pradalesek adierazo dauenez, ibaiertzen arteko garraio-sarearen “egoera kaskarrari” amaierea emoteko eta azpiegitura “multimodala” instaletako “aukerea” ikusi eben. Anezkaren kasuan, ibai azpiko linearen eraikuntzeagaz metroaren erabiltzaileek ez dabe “gainibilbiderik” egin beharko. Konexinorako puntu bakarra San Inazion dauen Metroak sare kaltebera izateari itxiko deutso. Ganera, eraikuntzaren kostuak optimizau egingo dira tunelaren punturik kritikoenean (itsasadarraren azpian), eta bezero gehiago erakarri ahal izango dira.

EH Bilduko Raul Mendezek adierazo dauenez, anezka gauzatzeko 180 milioi euroko inbertsinoa (obra zibila, gainegitura, anezkarako unidadeak eta kudeaketa-sistemak barne hartzen dituan zenbatekoa, Pradalesen berbetan) “oso garestia” da; izan be, 2019ko datuen arabera, “batez beste 7.000 bidaiarik” baino ez ebezan konektau egunean Metro Bilbaoren 1. eta 2. lineak San Inazioko geltokiaren bidez. “Ez dau proiektuaren errentagarritasun soziala justifikau”, esan dau.


MURUETAKO BANDEREA

Murueta udalerriko banderaren sorrerea batzordetik pasau da parlamentuan izapidetzen jarraitzeko eta hurrengo ohiko osokoan onartu ahal izateko. Bizkaiko udalerriaren proposamena aldeko 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta 6 abstentzinogaz (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) onartu da. “Bandera laukizuzena da, 2/3 proportzinokoa, urdina, eta kurutze hori bat dauka, ertz batetik bestera, eta horren gainean kurutze zuri bat”, Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak zehaztu dauenez.