BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEK BAGILAREN 13RA ARTEKO EPEA IZANGO DABE BIZKAIKO BASOGINTZARAKO BATZORDE BEREZIKO ADITUAK ERREGISTRETAKO

  • Talde bakotxak gehienez kide bi izentau ahal izango ditu bagilaren amaieratik aurrera basogintzaren erronkak eta aukerak jorratuko dituan batzordean parte hartzeko. Lan hori izango da Basoei buruzko Foru Arauaren proiektua egiteko erreferentzia.

 

(Bilbon, 2024ko bagilaren 6an). Joan dan maiatzaren 14an eratu ostean, Bizkaiko Basogintzarako Azterlan-Batzorde Berezia gaur goizean bildu da, datozan hilebeteetarako laneko plana aurkezteko, Basoen Foru Arauaren Proiektu barria egiteari ekiteko. 

Jesús Lekerikabeaskoa jeltzalea buru dauen batzordearen Mahaiak halan eskatuta, Batzar Nagusietako taldeek aho batez erabagi dabe legealdiko lehenengo batzorde berezian parte hartzeko gehienez aditu bi eta ordezko bat aurkezteko aukerea. Beraz, gehienez 10 kidek hartuko dabe parte bagilaren amaieratik aurrera. Helburua da irailetik aurrera astean batzorde bat deitzea eta saio bakotxean persona bi aritzea. Agerraldi horreen ostean, batzordeak osokoari helarazoteko gomendioen dokumentua prestauko dau.

Batzorde bakotxaren dinamikea beste agerraldi batzuen oso antzekoa izango da. Ordu erdiko txandea egongo da bertaratuak bere gogoetak azaldu daizan, eta Batzar Nagusietako talde bakotxak parte hartzeko txanda bat izan ostean, 15 minutuko beste txanda bat zabalduko da, bertaratuak Batzar Nagusietako bost taldeek egindako galderei erantzuteko.

Azterlan-batzorde horrek Bizkaiko Basogintzeari buruzko gaiak jorratuko ditu, eta, horretarako, aditu horreen eretxia hartuko dau kontuan. Osokoak erabagitakoa oinarri hartuta, batzorde horretan gai honeek jorratuko dira:

• Egungo basogintza ereduaren inguruko hausnarketa eta egoeraren analisia: koniferen eta eukaliptoen hedapena, moratoriaren efektua eta eragina etab.

• Mendien egoera Bizkaian: Ikuspegi ezberdinak, kontserbazioa, degradazioa, mehatxuak eta aukerak.

• Basoek izan behar duten funtzioa: kultura eta paisaiaren kontserbazioa, lurraldearen zainketa, ura, uholde eta sute arriskuen babesa.

• Etorkizunerako erronkak eta aukerak: basogintza sektorearen perspektibak, diru-laguntza politikak.