BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEK 517 ZUZENKETA-ESKE AURKEZTU DEUTSIEZ 2026KO BIZKAIKO AURREKONTUEN PROIEKTUARI

- Oposizinoko hiru taldeek, EH Bilduk, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak abenduaren 12an eztabaidauko diran Osotasuneko zuzenketa-eske bana erregistrau ditue.
(Bilbon, 2025eko gabonilaren 2an). Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeek 517 zuzenketa-eske aurkeztu deutsiez joan dan urriaren 31n erregistrau zanetik Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari dan 2026rako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Proiektuari.
Oposizinoko hiru taldeek, EH Bilduk, Bizkaiko Talde Popularrak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, Aurrekontu osoa Foru Aldundiari itzultzea eskatu dabe, bakotxak bere Osoko Zuzenketa-eskea Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrau eta gero. 2026eko Aurrekontuetan 11.320,3 milioi euro jasoten dira guztira, eta horreetatik 1716,2 milioi sailek erabilteko moduan dagoanari jagokoz.
Oposizinoak 517 zuzenketa-eske erregistrau ditu (horreen artean Osotasuneko hiru zuzenketa-eskeak dagoz). Horreetatik, 208 Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeari jagokoz; 188, Bizkaiko Talde Popularrari; eta 121, EH Bilduri. Batzar Nagusietako taldeek, euren zuzenketa-eskeetan herritarrek aurkeztutako 7 alegazinoak sartzeko aukerea izan dabe. Oraingo honetan, Foru Gobernua eusten daben talde biek ez dabe zuzenketa-eskerik aurkeztu.
2026eko lurraldeko kontuei egindako zuzenketa-eskeak holan banatzen dira sailetako aurrekontuen testuen artean: Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoko Foru Saila da zuzenketa gehien jasoten dituana, 72 guztira. Ondoren, Ekonomia Sustatze saileko Kontuak (70 zuzenketa-eske), Gizarte Ekintza Saila (66), Ingurune Naturala eta Nekazaritza (64), Euskara, Kultura eta Kirola (62) eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Bardintasun (57) sailak dagoz. Beste mailan dagoz, Azpiegiturak eta Lurralde Garapena (37), Herri Administrazio eta Erakunde Harremanen (30) eta Ogasun eta Finantza (25).
Ganera, Foru Arau Proiektuaren testu artikulauaren alderdiren bat aldatzeko 22 proposamen dagoz. Zuzenketa-eske batek Udal Finantzaketea aldatzea eskatzen dau, eta 8ek Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean (GUFE) aurrekontuetan aldaketak egitea.
Zuzenketa-eskeak aurkezteko epea atzo bukatu eta gero, Bizkaiko Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, abenduaren 12an lehenengo Osotasuneko hiru zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko egingo dan lehenengo osokoaren aurreko pausu lez. Osoko horren ostean, beharrezkoa bada, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira. Eta Batzar Nagusietako izapidea hilebete honen bukaeran amaituko litzateke, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste Osoko bategaz.