INDARKERIA MATXISTEARI BURUZKO DATUEK “OSO EGOERA KEZKAGARRIA” ERAKUSTEN DABE, BARDINTASUNERAKO DIPUTATUAREN ESANETAN
- Teresa Laespada Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, berak eskatuta, Bizkaiko Indarkeria Matxistearen Behatokiaren 20. urteurrena dala eta.
- Bi hamarkadatan 52.000 biktimizazino baino gehiago izan dira.
(Bilbon, 2023ko azaroaren 23an). Bizkaiko Indarkeria Matxistearen Behatokiak 20 urte bete ditu. Hori dala eta, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko diputatua Batzar Nagusietara etorri da gaur, bere sorreran “aitzindaria” eta Estaduan “erreferentea” dan erakunde horrek hamarkada bitan jaso dituan datu nagusiak emoteko. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunerako hiru egun falta diranean, Aldundiko arduradunak Behatoki horren azken txostena helarazo deutse taldeei. Izan be, bere berbetan, “oso agertoki kezkagarria” marrazten dau, emakumeen kontrako indarkeriaren bilakaerak goranzko joerea marketan dauelako.
Berak eskatuta egindako agerraldian, Laespadak azpimarratu dau Behatokiaren helburua zifrak eskaintzea eta azterketea ahalbidetzea dala, “indarkeria hori desagertuarazoteko bidean aurrera egingo daben politika publiko eraginkorrak” osatzeko. Bere errepasoan, estadistikak batzeko aukerea daben eta Behatokian jasota geratzen diran administrazino eta erakunde publikoen informazinoan oinarritu da. Aldundiaren beraren datuez gain, Laespadak Eusko Jaurlaritzako sailek edo erakundeek (Ertzaintza, Osakidetza, Lanbide edo Etxebizitza Saila) edo epaitegiek eurek lortu dituen ondorioak atera ditu.
Segurtasun Sailak emondako datuek erakusten dabenez, esate baterako, 2004tik –Behatokia sortu zan urtetik– igaz arte, Bizkaian indarkeria matxistak eragindako “35” hilketa, “35” hilketa saiakera, eta maila desbardineko “52.000 biktimizazino baino gehiago” errejistrau ziran emakumeen kontra, horreetatik “% 73,6” bikoteek edo bikotekide ohiek eragindakoak.
Igazko 3.194 biktimizazinoak “azken 20 urteetako altuenak” dira, aurreko urtean baino “% 9,8 gehiago”, azpimarratu dauenez. Salaketea izan daben ez-zilegi penal horreek “bikoiztu egin” dira hamarkada bitan. Parametro horrek 1.670 kasu ebazan 2003an.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emon dituan eta Behatokiaren azken txostenean jaso diran datuek berretsi egiten dabe emakumeen kontrako indarkeriaren goranzko joera hori. 2022an bakarrik, Osakidetzaren Bizkaiko Larrialdi zerbitzuek “520” kasu hartu ebezan –% 7 gehiago–, eta lehen mailako arretako zerbitzuek “446” indarkeria egoera hauteman ebezan.
Arazo horren biktimak babesteko Aldundiak 20 urteotan abian jarri dituan programen eta zerbitzuen errepasoa egin dau Laespadak. Holan, emakumeei emoten jaken arretaren arloan, 2023ak “errekorra” erakusten dau, izan be, 170 emakumeri eta 115 adinbakori emon jake arretea daborduko. Biktimez gan, foru-bizilekuetako batez besteko egotaldiak be gora egin dau aldi luze honetan. Aurton, egotaldi hori “190 egunekoa” da preminazkoak ez diran aldi baterako baliabideetan.
Aldundiko arreta psikologikorako zerbitzuak be lan kargearen igoerea jasaten ari dira. Aldundiak lurraldean banatuta dituan 10 arretaguneetan, igaz bakarrik, “1.717” persona artatuta ziran, “gehienak” emakumeak eta neskatoak.
Giro horretan, adinbakoen harrerea asko handitu da. 2022an “134” kasu izan ziran, eta azken urteetan gora egin dau, izan be, 2021eko datuak “bostegaitik bidertu ebazan” 2005ean atzemondakoak.
Laespadak azken urteetan Lurraldeko Behatokia elikatu daben beste erakunde batzuen datuak aztertu ditu. Etxebizitza Sailean gora egin dabe alokairu-eskaerek eta genero-indarkeriagaitiko baremazinoak igoteko espedienteek. edo Gasteizko Jaurlaritzak 2022an jasotako laguntza eskaerek, 253 guztira, “hamaikagaitik bidertu” eben 2009. urteko eskaera kopurua. Telefono bidezko arreta espezializauko SATEVI zerbitzuak be hazkunde etenbakoa izan dau, eta azken ekitaldietan urtero “1.500” dei erantzun ditu. Eta Bizkaiko epaitegietan “9 salaketa” sartzen dira egunean.
Hori da, Laespadak adierazo dauenez, “Bizkaian emakumeek jasaten daben kaltearen adierazpen gordina”. Bere eretxiz, Bizkaiko indarkeria matxistearen argazki orokor horrek marketan dauen goranzko joera “argia” “emakumeen bardintasunerako aldarrikapenari aurre egiten deutson patriarkatuaren ondorioa da, baita zerbitzuak hobeto hurbiltzearen eta emakumeen kontrako indarkeria zer dan hobeto identifiketearen ondorioa be, izan be, gizarte zerbitzuen ekuazinoan derrigorrez jarri behar dan ezkutuko eta gordetako indarkeria hori azaleratzen dau”.
Bukatzeko, Laespadak une hori aprobetxau dau A25eko azkenengo kontzientziazino kanpainea Batzar Nagusietako taldeei aurkezteko. Oraingo honetan mutil nerabe gazteen ‘kontzientziak aldatzera’ zuzenduta dago, izan be, Fad Gazteriaren Reina Sofía Zentroaren azterlan baten arabera, nabarmen hazi da genero-indarkeriarik ez dagoala uste daben nerabeen ehunekoa.