ADARRAK BARRIRO ENTZUN DIRA KOLITZAN, EHUNDAKA MENDIZALEREN AURREAN, DEIADAR MENDIEN EGUNAREN BESTE EDIZIO BATEAN

  • Enkarterriko deiadar-mendiaren gailurra mendia eta Bizkaiko tradizino zaharrenak maite dituenez bete da.

 

(Balmasedan, 2023ko urriaren 7an). Ehundaka lagun etorri dira gaur eguerdian Bizkaiko Batzar Nagusiek Deiadar Mendien Egunaren edizino barrian alkartzeko egin daben ohiko deialdira. Adarraren soinuak oihartzun handia izan dau barriro Kolitza mendiaren tontorrean, orain mende eta erdi Antonio de Trueba Bizkaiko Jaurerriko kronikagile eta artxibozainak “deiadar” izentautako tontorretako batean. Besteak Gorbeia, Oiz, Ganekogorta eta Sollube dira. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako ibiltaldia goizeko bederatzi eta erdietan hasi da Balmasedako udaletxeko plazan. Partaideak Kolitzako tontorrera igon dira (874 metro), XVIII. edizino honetako kirol antolaketaz arduratu dan Balmaseda Mendi Taldeko kideak sarritan ibilten diran bideetatik. Enkarterriko erdialdetik igon da mendira 6 kilometroko igoerea atzean itxi ostean, eguerdiko hamabietan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko.

Enkarterriko tontorrean adarrak entzun ostean, jaieguna Kolitzako tontorreko baseleizatik 200 metro eskasera dagoan “aterpera” aldatu da. Leku horretan ez dira falta izan bertako Eguzki Dantza Taldearen musika eta dantzak eta Balmasedako Putxeraren Kofradiako kideek goizean goizetik gustu handiz prestautako “hamaiketako” txikia.

Ehundaka lagunek gozau dabe mendi ibiltaldi herrikoietan daborduko klasiko bihurtu dan egun berezia. Horreen artean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Alfonso San Vicente Balmasedako alkatea eta Bizkaiko Batzar Nagusietako hainbat ordezkari egon dira. Deiadar mendietara egiten dan igoera bakotxean laguntzen daben bost mendi taldeetako kideak be ez dira falta izan: Balmaseda Mendi Taldea, talde anfitrioia; Bilboko Gailurra; Lemoako Ganzabal; Durangoko Alpino Tabira; edo Bermeoko Sollube 707.

Ohikoa danez, aurtongo kirol igoereaz arduratu dan Balmasedako mendi taldeak lekukoa emon deutso Bermeoko Sollube 707 klubeko ordezkari bati Kolitzako tontorrean. Talde hori arduratuko da datorren urtean Sollube mendian egingo dan Deiadar Mendien Egunaren hurrengo edizinoa antolatzeaz.

 

ZIURTASUNAK ETA ELEZAHARRAK

Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost gailur enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi inguruan Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.

Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu ebazan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.

Egia esan, bost deiadarrak existidu ziran, baina antxinako liburu batzuk Gernikan kokatzen ditue XIV. gizaldian. Juan Núñez de Balboaren 1342ko koaderno batean jasotako “En la Junta de Garnica, seyendo juntado cavalleros e escuderos / e fijosdalgo de Vizcaya, llamados a Junta General, e tannidas las cino vozinas” testua, deiadarren tradizinoari buruzko lehen aitamena, hartu da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko urtero gailur desbardin batera igoteari eusteko erreferentzia lez.