BANDA MARROIAK BIZKAIAN KALTETUTAKO BASOAK 10.000 HEKTAREA MURRIZTU DIRA 2018TIK

  • Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuaren eretxiz, gaixotasun hori kontroletako ezarritako neurriak eragina izaten ari dira, uda hezearen ostean agerraldiak izan diran arren.


(Gernikan, 2023ko azaroaren 29an). Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreak Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan kontroleko osokoan adierazo dauenez, banda marroiaren izurritea murrizten ari da Bizkaian 2018an “indartsu” jo ebanetik. Ordutik eta aurton arte, gaixotasun hori lurraldeko basoen “10.000 hektarea gitxiagotan” detektatu da. 

Joerea positiboa dan arren, banda marroiaren presentzia oso zabalduta dago Bizkaian, “batez be Markina, Gernika eta Durango inguruetan”, zehaztu dau Aldundiko arduradunak. Gaixotasunak intsinis espezieko pinuan dau eragina batez be, eta ugaritu egiten da eguraldi-aldaketak eta uda hezeak jazoten diranean. Hain zuzen be, egoera horren ondorioz zabaldu da gaixotasuna irailean eta urrian. 

Teknikariek bost mailatan sailkatzen dabe gaixotasunaren eragina, lehenengoa larriena eta bosgarrena “osasuntsuena” izanda. 2018an 1., 2. eta 3. mailetako inpaktua izan ebenak (larrienak) “18.668” hektareak izan baziran, 2023ko mapak “11.468” hektarea jasoten ditu kaltetuta, “% 38,5 gitxiago”. 

Hartu diran neurrien artean, jaubeakaz eta basozaleen alkarteagaz batera Bizkaiko basoei egiten jaken jarraipena azpimarratu dau Atutxak. Horrez gain, esporen kontrola be egin da, oso kaltetuta dagozan eremuetan zugatzen mozketak aurreratu dira, jaubeei laguntzak emon jakez, landaketa erresistenteei buruzko azterlanak egin dira eta azken hiru urteetan produktu “bioestimulatzaileak” aplikau dira, zugatza erresistenteagoa izan daiten. 

Aldundiko arduradunaren esku-hartzeak, Aldundiak gaixotasun hori desagerrarazoteko hartuko ebazan neurrien inguruan EH Bilduk egin dauen ahozko erantzun-eskeari erantzuten deutso. Talde horretako Jon Arriola batzarkideak Bizkaiko mendietan espezie “erresilienteagoetara” zuzendutako “trantsizino ekologikoa” egiteko eskatu dau. 

ITAUNAK
Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko osokoa oposizinoak zaintzaileen eta menpekotasunaren balorazinoetan dagozan “itxaron-zerrenden” inguruan egin dituan itaun bigaz hasi da. 

Alde batetik, 30Ako greba feministearen bezperan, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak zainketen arloko politika publikoen ganean itaundu deutso foru Gobernuari. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak Mobimentu Feministearen aldarrikapenak kontuan hartzea eskatu dau, zainketen arloko politika publikoetan aldaketak sartzea, hain zuzen be. Talde horretako batzarkideak, “feminizautako eta arrazializautako” zainketan ari diran eta “erabateko prekariedadean” bizi diran beharginen ordainsari “oso txikiak” azpimarratu ditu. 

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako arduradunak Aldundiak azken urteetan, iraupen luzeko zainketetarako trantsizinoaren aldeko apostua eginez, martxan jarri dituan politika “aitzindariak” defendidu ditu. Etxeko zerbitzuetan aritzen diran emakumeen egoereak “gizarte osoari dei egiten deusku”, baita kontratazinoa egiten daben personei be. Talde morea kritikau dau eredu propiorik ez daukalako. “Hori definidu eta lurreratu egin beharko leukie, eslogan hutsean geratu ez daiten”, esan dau.

Itaunen txandan, mendekotasunaren tramitazinoak egiteko orduan bere sailak izan dituan atzerapenengaitik galdetu deutso EH Bilduk Antxustegiri. Oraintsu argitaratu diran eta Antxustegik baieztu dituan datuek erakusten dabenez, mendekotasunaren balorazinoa ebazteko itxaronaldia, batez beste, “48” egunekoa izan da 2023an (lehenengo seihilekoan), 2022an “44” egun behar izan ziranean. Erregistroa egiten danetik prestazinoa jaso arte igarotako denporea kontuan hartzen bada, joan dan urtean “68” egun izatetik aurton “85” egun izatera pasau da. Izaskun Duque batzarkideak kritikau dauenez, lan hori egiten daben zerbitzuetara zuzendutako baliabideak gehitu diran arren, “itxaron-zerrendea” handitu egin da. “Top”-a “266 egun” itxaron behar izatea izan da.

Antxustegik gogora ekarri dauenez, Aldundia kudeaketa sistema barria “hobetzeko” ari da beharrean. Sistema horrek “banakako arreta programea” dauka, eskatzaileak jaso leikezan prestazino ekonomikoei buruzko informazinoaz gain. Kudeaketea aldatzeko, “denpora gehiago behar da, baina mesede egiten deutse bizkaitarrei, izapideak bateratu egiten diralako eta erosotasun eta arintasun handiagoa bermatzen ditualako”. Ganera, beste erakunde batzuek be hartu behar dabe parte (osasun-zerbitzuak, banku-erakundeak...), eta horrek eragina izan daike erantzuteko behar dan denporan. Sistema barrira egokitzeko “denporea beharko da”, baina “beharrezkoa da tramitazinoan erraztasuna emoteko”, ziurtatu dau.

AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Beste alde batetik, oposizinoak beste gai batzuen inguruan be galdetu dau: Energy Intelligence Center (EIC), Euskal Errotak eraikina eta indarkeria matxistea jasaten daben emakumeentzako baliabideak.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak bost enpresa elkartuetako batek –Petronorrek– hidrogeno berdeari lotutako proiektuetan egin behar dituan inbersinoak geldiarazoko dituala iragarri ostean EICen inbersino publikoagaz jarraitzearen inguruan itaundu deutso Aldundiari. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak erantzun deutsanez, enpresa bakar batek be ez dau adierazo “EICri lotutako I+G+B estrategia atzeratzeko asmorik”.

EH Bildutik, Iker Casanova bozeroaleak, egoera “tamalgarrian” dagoan “Euskal Errota Handiak” eraikinari esanahia emoteko plana eskatu deutso Aldundiari. Are gehiago, “desjaubetzeko be eskuak libre daukazuez” esan dau, hori ahalbidetzen dauen euskal Legeari erreferentzia eginez. Kasu horretan, Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputatuak gogora ekarri dau Aldundiak datorren urteko aurrekontuetan “1.200.000 euroko” partidea sartu dauela, “teilatuaren egonkortasuna bermatzeko” eta monumentu izendautako higiezinaren narriadurea geldituarazoteko. Harago joateari jagokonez, koalizino abertzalearen idea “burutazinotzat” jo dau. “Zergatik Euskal Errotak eta ez beste batzuk? Babestutako eraikin guztiak erosiko doguz?”. Bizkaian, datu ofizialak kontuan izanda, “2.400” elementu babestu dagoz. “Ezin dogu Aldundia higiezinen agentzia erraldoi bihurtu”, esan deutso.

Saioa, EH Bilduren eta foru Gobernuaren arteko beste desadostasun bategaz bukatu da, kasu honetan, indarkeria matxistea jasaten daben emakumeei zerbitzua emoteko plazak dirala eta. Bea Ilardia batzarkidearen eretxiz, dagozan foru baliabideak “ez datoz bat” zerbitzu horreek behar dituan emakume kopuruaren gorakadeagaz. Eskariak gora egin dau –2014an 107 personari emon jaken arretea eta 2022an 285i–, eta Aldundiak bere eskaintzea (larrialdiko plazak, egotaldi ertaineko bizilekuak...) handitu egin dau, emakume “guztiei” arretea emon ahal izateko, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko diputatuak erantzun dauenez. “Biktima bakar bat be ez da arretarik barik geratu, gure zerbitzuetara emakume gehiago heltzen diran arren”, esan dau.