IGAZ % 40 GEHIAGO IZAN ZIRAN GERNIKAKO BATZAR ETXERA EGINDAKO BISITAK

  • 2023an Bizkaiko Batzar Nagusietako barrukaldea bisitau eben 63.109 personetatik % 85a lurraldetik kanpokoa zan.

 

(Gernikan, 2024ko urtarrilaren 10ean). Gernikako Batzar Etxearen interesa % 40 hazi zan igaz, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzaren barrura bisitea egin eben personen kopurua hazi zana kontuan hartzen badogu. 63.109 personak igaro eben pandemia bete-betean Bizkaiko Batzar Nagusietan jarritako sarbide kontrola, eta 2022an 44.882 personak egin eben. 

2023an, parlamentuko esparrua ezagutzera hurreratu ziran personen % 85a Bizkaitik kanpotik heldu zan. Gernikako Arbolak atseden hartzen dauen lekuak beste lurralde eta Autonomia Erkidego batzuetatik etorritako bisitarien arretea jaso eban barriro be, baina aurton atzerritarren kopurua nabarmen hazi da, batez be Frantziatik, Estadu Batuetatik eta Alemaniatik etorritakoena. Hiru herrialde horreek bisita guztien ia % 20a hartu eben.

Sarbide sistemearen bidez zenbatu diran 63.109 bisitariei, Gernikako Batzar Etxeko lorategi gunetik beste barik paseau eben milaka turista gehitu behar jakez, bertara “ticketing” sistemea igaro barik sartu daitekelako. Pandemiatik, 35 personako edukiera mugatua dago barrukaldea bisitetako orduan.

Gernikako Arbolak hartzen dauen esparrutik bost kontinenteetako personak ibili ziran, eta horreei barrutia modu ofizialean ezagutzeko eskaria aurretik egin eben talde bereziak gehitu behar jakez. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, besteak beste, Frantziako Poitiers herriko ordezkariak eta ikasleak, AEBetako politika, enpresa eta irakaskuntza arloko persona ospetsuak, Peruko Gobernuko goi funtzionarioak eta Basque Trade & Investment Bulegoen Nazinoarteko Sareko kideak hartu ebazan.

2021eko garagarriletik, Gernikako Batzar Etxearen barrukaldea bisitau gura dauenak aldez aurreko erreserbea eskatu behar dau webgunearen (https://jjggbizkaia.eus/eu/gernika/eskatu-hitzordua) edo Batzar Nagusietako barrutian bertan instalautako totemaren bidez, orduko 35 personako leku mugatua dagoalako. Sistemak sarrera bat emoten dau, ezelango kosturik barik, gela nagusietan norabide bakarreko ibilbidea egiteko (Beiratearen Aretoa, Osokoen Aretoa, Liburutegia, lehendakariaren bulegoa...). Gernikako Arbolaren lorategi guneak sarbide librea izaten jarraitzen dau.

 

JATORRI NAGUSIAK

BISITA KOP.

EUSKAL HERRIA

14.128

BIZKAIA

9.907

KATALUNIA

5.320

MADRIL

5.060

ANDALUZIA

2.612

VALENTZIAKO ERKIDEGOA

2.296

FRANTZIA

4.442

AEB

3.776

ALEMANIA

2.889

JAPONIA

1.116

ITALIA

1.027

GREZIA

1.017