BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO EGOITZEK ZIRKUITU INTERESGARRIA OSOTUKO DABE ABUZTU HONETAN, EUREN ESKAINTZA KULTURAL ZABALA DALA ETA
- Enkarterrietako Museoak “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” aldi baterako erakusketea hartuko dau.
- Bilboko egoitzako Erakusketa Aretoan EHUko Zeramika Masterrean aritu diran eta izena hartzen dabilzan bederatzi artistaren “Hiru Karratu” erakusketea irailaren 1era arte egongo da zabalik.
- Batzar Nagusien hiru egoitza historikoak (Gernikako Batzar Etxea, Gerediaga eta Abellaneda) ordutegi zabalagoakaz bisitau daitekez uda sasoi honetan.
(Bilbon, 2023ko garagarrilaren 26an). Uda une egokia izaten da kultura kontsumiduteko. Bizkaiko Batzar Nagusiek badakie hori eta, horregaitik, proposamen sorta zabala zabaldu dabe, Bilboko egoitzan, aldi baterako “Hiru Karratu” erakusketeagaz hasita. Bien bitartean, Enkarterrietako Museoan “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” ikusi ahal izango da. Iraungitze-data daben proposamen bi horreek hiru egoitza historiko nagusiek gordetan dituen ondare-altxorrakaz osotzen dira. Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeek ordutegi zabalagoa daukie udan.
Lehenengo eta behin, Enkarterrietako Museoko erakusketan, George A. Dick ingeniari alemaniarrak Euskaditik egindako txangoetan bere bidaia-kuadernoan marraztu ebazan marrazkiak batzen dira. Arkatzez egindako trazuak altxorra dira, XIX. mendearen erdialdeko Bizkaiko eta Gipuzkoako paisajeen leiho bihurtu diralako. Dauela urte batzuk, Ingalaterrako etxe bateko ganbara zahar baten aurkitu ziran. Dicken beraren ondorengoek aldi baterako laga daben aurkikuntzaren garrantzia, marrazki honeetan agertzen diran irudi eta eraikin gehienak ez zirala orain arte ezagutzen da. Erakusketak Bizkaian, Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi eta Getxon, eta Gipuzkoan, Pasaia, Tolosa, Hernani, Errenteria eta Aian dagozan parajeetako 1862 eta 1866 bitarteko estanpa ezezagunak berreskuratzen ditu.
Aldi berean, EHUko Zeramika Masterreko bederatzi ikaslek “Hiru Karratu” aurkezten deuskue Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. Erakusketea irailaren 1era arte egongo da zabalik, eta buztinek eta zeramika-prozedurek dituen aukera amaibakoetan arakatzen dauen eta alkarrizketa iradokitzailean antolatuta dagoan proposamen pertsonal moltsoa jasoten dau. Protagonistak Leioako campusean emondako graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barri baten parte dira. Batzar Nagusiek eta EHUk euren lanak Hurtado de Amezaga kaleko erakusketa aretoan erakusteko sinatutako hitzarmenaren onuradun dira. Aitana Rodríguez, Urkia Sánchez, Pep Boadas, Annick Laruelle, Jeanette Dinelli, Ana Tejada, Paula de Luisa, Ander Martínez eta Renzo Boggio dira.
BISITAK BIZKAIKO PARLAMENTUAREN EGOITZETARA
Bizkaiko Jaunen bilera leku zaharretan, hau da, Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeetan, ondare-legatu aberatsa dago. Udako hilebeteetan, hiru foru parlamentuek ordutegiak zabalduko ditue, bizkaitarrei eta bisitetan gaituenei bertako altxorrak erakusteko, ezelango kosturik barik. Honeek dira ordutegiak:
- Gernikako Batzar Etxea egunero bisitau daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Barrukaldea ikusteko hitzordua hartu behar da https://jjggbizkaia.eus/eu/gernika/eskatu-hitzordua
- Abellanedako Batzar Etxea eta Enkarterrietako Museoa: martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Domeka eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara, eta astelehenetan itxita.
- Gerediagako Batzar Etxea: astelehenetik barikura: 10:00etatik 20:00etara eta zapatu eta domeketan: 10:00etatik 19:00etara.