BIZKAIKO ZERGA-ERREFORMEK BALIABIDE GEHIAGO IZATEN ETA INBERTSINORAKO ETA ENPLEOA SORTZEKO LURRALDE ERAKARGARRIAGOA EGITEN LAGUNDU DABE
- 2014an eta 2018an indarrean sartu ziran zerga-erreformen txostenen emaitzak aurkeztu ditu Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan.
- Oposizinoak kritikau egin ditu Foru Gobernuak ebaluazino horreek Bizkaiko Parlamentuari jakinarazoteko izan dituan “moduak”, eta txosten horreen eukia “parziala” dala salatu dau.
(Bilbon, 2024ko urtarrilaren 15ean). Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak 2014an indarrean sartu zan PFEZren erreformearen eta 2018ko Soziedadeen ganeko Zergearen ebaluazino txostenen eukiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, berak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eskatuta. Aldundiak, “datozan hilebeteetan” gauzatzen hasiko dan hurrengo “berrikuspen” fiskala egiteko prozesua hasi aurretik bere azterketea Batzar Nagusietako taldeakaz partekatzeko hartu eban konpromisoa betez egin dau hori. Ondorio nagusi lez, Berrojalbizek esan dau lehenengo erreformak, beste gauza batzuen artean, baliabide ekonomiko handiagoak lortzeko balio izan ebala, eta bigarrenak lurraldeko enpresa sarea indartzeko eta inbertsinoa eta enpleoa sortzeko.
Bere esku-hartzean, Itxaso Berrojalbiz oso pozik agertu da lortutako emaitzakaz, Bizkaian zuzeneko zergapetzearen eredu barriak onarpenaren oinarri izan ziran helburuak “modu nasaian” lortzen lagundu dauela egiaztau eta gero. Hau da, sistema fiskal “bidezkoagoa, progresiboagoa eta eraginkorragoa” erabiliz Bizkaia “modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa” lortzea.
PFEZn izandako aldaketeari jagokonez, diputatuaren berbetan txostenak egiaztetan dau zerga horren birbanaketearen eragina handitu egin dala, gaitasun ekonomiko handiagoa daben zergadunen ganeko presino fiskala handituz eta “ekitate eta progresibitate” printzipioak indartuz. Hori tarifen maila handienetarako onartu diran zerga-tasa barrien eta onura fiskal, murrizketa eta kenkari jakin batzuen doikuntzen ondorioa da.
2014tik aurrera Bizkaian persona fisikoen zergapetze eredua apliketeak lurraldeko finantza publikoen “jasangarritasuna eta nahikotasuna” bermatu ditu urte honeetan guztietan, zergea indarrean sartu zan lehenengo urteagaz alderatuta diru-bilketak “% 50 baino gehiago” egin dauelako gora. 2022ari jagokonez, igoerea “117.205.067 eurokoa” izan da.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azpimarratu dauenez, erreforma horrek, erakundeen eskumenekoak diran “zerbitzu publikoei eusteko beharrezkoak diran baliabideak sortzen lagundu dau”.
SOZIEDADEEN GANEKO ZERGEAREN EBALUAZINOA
Soziedadeen ganeko Zergeari jagokonez, Berrojalbizek azpimarratu dauenez, zerga horren erreformea testuinguru ekonomiko konplexuan gertatu da, mundu mailako krisi ekonomiko larriak eta Ondoizate-egoereari eusteko gero eta beharrizan handiagoek markautako testuinguruan, hain zuzen be. Abagune hori hor gorabehera, erreformeak “Euskadiko enpresa-jarduerea suspertzeko helburu katalizatzailea indartzea ekarri eban, gure enpresa-sarea eta Bizkaiko enpresen lehiakortasuna indartuz, enpleoa sortzea ahaztu barik, jakina”. Azkenengo berrikuspena 2018an egin zan, eta Bizkaia enpresentzat lurralde “lehiakorragoa eta erakargarriagoa” izatea lortu dau.
Hainbat dira helburu horreek lortzeko hartu diran neurri gehigarriak. Horreen artean, Bizkaiko enpresek ordaintzen daben zergearen tasa nominala Europar Batasuneko batez bestekoagaz lerrokatu izana azpimarratu dau. Soziedadeen ganeko Zergearen erreformak, euren jardueran etekinak sortzen dituen enpresen “gitxieneko” tributazinoa eta enpleo egonkorra eta kalidadekoa sortzea ziurtatzera zuzendutako hainbat neurri be jasoten ebazan.
Horri jagokonez, Itxaso Berrojalbizek azpimarratu dauenez, “Bizkaian daborduko finkatuta dagoan enpresen zerga eredu barri hori jarduera ekonomikoaren bultzatzaile eta enpleo sortzaile lez agertzen jaku. Eta hori guztia Soziedadeen ganeko Zergearen eta enpresen abagune ekonomikoaren arteko loturea estua dan arren”.
Soziedadeen ganeko Zergearen bidez lortutako bilketak bilakaera positiboa izan dau, 2017tik (erreforma bukatu aurreko urtetik) 2022ra arte “% 16” haziz. Batzar Nagusietako taldeei aurkeztutako dokumentazinoan adierazo danez, 2021ean diru-bilketearen eragina “79.261.635 eurokoa” izan zan.
Laburbilduz, Foru Gobernua “oso pozik” agertu da erreforma horreen zifrak eta ondorioak ikusita. Ondoizate-egoereari eusteko eta enpresentzat inbertsino barriak erakarteko eta personak erdian jarteko “askoz be erakargarriagoa” izango dan lurraldeari eusteko “baliabide ekonomiko gehiago” lortzen dirala ikusten da. PFEZri jagokonez, berretsi egiten dira progresibitatearen, birbanaketearen eta zergadunen ahalmen ekonomikoan eta inguruabar pertsonaletan arretea jartearen printzipioak. Soziedadeen ganeko Zergeari jagokonez, enpresa-sarea indartzeko eginkizuna sendotu egiten da, Bizkaian inbertsinorako eta enpleoa sortzeko bultzatzaile dala kontuan izanda.
Batzar Nagusietako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek, euren aldetik, Aldundiak ebaluazino horreek aurkezteko orduan erakutsi dituan “moduak” kritikau ditue, Zergen Koordinazinorako Organora abenduaren 27an bialdu ziran arren, eurak ez dituelako txosten osoak jaso, EH Bilduko Arantza Sarasolak salatu dauenez. Ganera, horren eukia “oso parziala” da, diru-bilketearen aldaerea baino ez dalako aztertzen, bere egunean Aldundiak Bizkaiko zerga-sistemeari buruzko ebaluazino “osoa” Batzar Nagusietara ekarteko konpromisoa hartu eban arren. Berrojalbizek erantzun dauenez, Foru Gobernuaren konpromisoa aitatutako erreforma bien “azterketa kuantitatiboa” egitea izan zan.