ORTUELLAKO ORCONERAKO ZULOA KONPONTZEKO OBRAK UDA HONETAN HASIKO DIRA

  • Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan jakinarazo dauenez, Garbikerrek joan dan astean lizitau ebazan lanak 2.719.945 eurotan.


(Bilbon, 2023ko martiaren 13an). Bizkaiko Batzar Nagusietan, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Ortuellako Orconerako zuloa konpontzeko lanak aurtengo “bagilaren eta garagarrilaren artean” egin ahal izango dirala jakinarazo dau gaur Aldundiak. Joan dan astean Garbiker foru soziedadeak egindako lizitazinoak “2.719.945,12 euroko” aurrekontua dauka, eta betearazoteko epea 6 hilebetekoa da; beraz, 2024. urtearen hasieran ingurua “segurtasun baldintzetan” egon leiteke. 

Héctor Fernández Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak adierazo dauenez, Foru Aldundiak “3 milioi euro baino gehiago” erreserbau ebazan 2021. urtearen amaieran izandako euriteen ondorioz sortu zan Ortuellako Orconera auzoko zuloa konpontzeko eta lurpeko urak bideratzeko.

Amaia Antxustegi Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatuak baieztu dauenez, hobekuntza lan horreek egin ahal izan aurretik “bide luzea” eta azterlan teknikorako prozesu “oso neketsua” egin behar izan dira. Granada ibaiaren ibaiadarrak Orconera auzotik igarotean bideratzen dituan galeria egokitzeko gaur egungo proiektua “ibaiadar horretako lurpeko galeriaren tartea birgaitzea” da, batez be. Modu berean, “Triano, Larreineta eta Fuente el Buey errekek bat egiten daben lekuan drainadura zaharbarritzea” eta “galeriara sartzeko pozu barri bat eregitea” da helburua.


ARTZENTALES-SOPUERTA PARKE EOLIKOA ETA HERREROS TUNELA

Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko foru diputatua Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta etorri da Bizkaiko Batzarretara, Euskal Haizie S.L. enpresak sustautako Artzentales-Sopuerta zentral eolikoaren proiektuaren kontsulten izapidean bere sailak egin dauen txostenaren ganeko azalpenak emoteko. Soziedade horren asmoa Alen eta Mello mendien artean guztira 49,6 megawatteko potentzia izango daben zortzi airesorgailu instaletea da, Artzentales, Galdames, Muskiz eta Sopuertako lurzoruetan.

Esku-hartze laburrean Antxustegik argitu dauenez, proiektua idatzi eta Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren ganeko eraginaren adierazpena ebaluau aurreko administrazino izapideetan sartutako foru txostenak “nekez egiten ditu bateragarri” instalazino hori eta kaltetutako eremuko ingurumen eta paisaia arloko garapena, sai zuria lako hegazti nekrofagoen eremu “kritikoak” diralako, hain zuzen be. Gogora ekarri dauenez, oraindino izapidetzen dagoan energia barriztagarrien lurralde plan sektoriala egiteko prozesuan aukeratutako eremu hori holango instalazinoetarako “baztertze eremu” lez definidu da.

Aldundiak une honetatik aurrera egingo dauenaz galdetuta, Antxustegik esan dau txostena “argia eta oso zehatza” dala. Txostenak “esaten dauena dino”. “Energia barriztagarriaren alde gagoz, baina proiektu bakotxa aztertzen dogu. Txostena argia da eta hainbat berme bete behar dira”, esan dau.

Bukatzeko, batzorde berean eta Elkarrekin Bizkaia taldeak Herreros tunelaren egokitzapenari buruz egindako ahozko erantzun-eske batean, Antxustegik “denpora gitxi barru” Bizkaia eta Kantabria lotzen dituen lur azpiko kilometro bi horreen egokitzapena bultzatzeko eskumena daukien administrazinoen artean bilera egingo dala iragarri dau. Bilera horretan, Aldundiak Castro Urdialeseko eta Sopuertako udaletako eta Euskadiko eta Kantabriako gobernuetako ordezkariakaz lankidetza hitzarmena sinatzea proponiduko dau, finantziazinoa bilatzeko asmoz, proiektua Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren “Bide Naturalak” programan sartu daiten.

Obra hori programa horretan sartzeak esan gura dau azpiegiturea Estaduak egokitu beharko dauela, eta sustatzaileek euren gan hartu beharko dabela azpiegitura hori manteniduteko ardurea. Galerien birgaitzeak bakarrik “2 milioi euro inguruko” kostua izango leuke, Kantabriako herriak egindako azterlan batek erakusten dauenez.